Ekialde Hurbila

Hezbola babesten jarraituko duela ziurtatu du Siriak

Bashar al Asad Siriako presidentearen iduriko Hezbola gerrilla xiitak Libanoko gatazkan izan duen jokabidera eredugarria da, eta etorkizunean ere talde armatu hori babesten jarraituko dutela iragarri du: "erresistentzia babesten". Bitartean Israelgo Armadaren eta Hezbolaren su-etenak indarrean jarraitzen du, nahiz eta tarteka enfrentamendu bakanak gertatu diren.

2006ko abuztuaren 15a
15:32
Entzun
Siriako estatuburu Asaden arabera, Hezbola gerrilla da Israelgo Armadarekiko gerra irabazi duena, eta "harrotasun iturri" dela nabarmedu du. Hala, etorkizunean ere "erresistentziari laguntzen", Hezbola babesten, jarraitukko dutela adierazi du.

Hezbola loriatzeaz gain, herrialde arabiar gehienetako gobernuei kritika egin die: Israelgo Armadarekin izandako gatazka horretan ahul jokatzea leporatu die. Libanoko Gobernua ere ez du kritiketatik kanpo utzi. Asaden arabera, Gobernu horretako zenbait sektore izan ziren Israelgo Gobernua erasora bultzatu zutenak, hartara Hezbola suntsi zezaten.

Israelen eta Mendebaldeko hainbat estaturen arabera, Siria da Iranekin batera Hezbola gerrillaren sustatzaile nagusia. Areago, azken gatazka Siriak eta Iranek zuzenean bultzatu dutela iritzi diote.

Gainerakoan, NBEren bitartekaritzaz Israelgo Armadak eta Hezbolak aldarrikatutako su-etenak 24 ordu bete ditu gaur goizeko zortzietan (zazpiak Euskal Herrian). Begiraleen arabera, enfrentamendu bakanak izan badira ere, oro har, su-etena errespetatzen ari dira alde biak.

Hala, Libano hegoaldetik iparraldera desplazatutako milaka lagun beren etxeetara itzultzen ari dira, eta askok eta askok suntsituta aurkitu dituzte beren ondasun guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.