Hezbollahk jakinarazi du Israelek taldeko beste lau kide hil dituela Libano hegoaldean

Milizia xiitak eta Israelek elkarri erasotzen jarraitzen dute. EI Estatu Islamikoak bere gain hartu du Iranen atzo 80 hildakotik gora eragin zituen atentatua.

HAMAS. SALEH AL-ARURI.
Herritarrak, atzo, Beiruten, Hamaseko buruzagi Al-Aruriren hilkutxa inguratzen. ABBAS SALMAN / EFE
Igor Susaeta.
2024ko urtarrilaren 4a
19:00
Entzun

Israelgo armadak joan den urriaren 7an Gazaren kontrako setioa hasi zuenetik, oso ohikoak izan dira, era berean, Tel Avivek Hezbollah milizia xiitareekin eduki dituen borrokak; horiek, baina, Libanoren eta Israelen arteko mugan gertatu dira. Aurreko asteartean Hamasen adar politikoko buruzagi Saleh al-Aruri hil zuen Israelek Beiruten, Hezbollahren kontrolpeko eremu batean, eta, horrenbestez, milizia xiitaren eta Tel Aviven arteko tentsioak gora egin du azkeneko egunetan. Eta, gaur, adibidez, Hezbollahk baieztatu du, ohar batean, bere lau kide hil zituela Israelek asteazken iluntzean, Libano hegoaldean egindako eraso batean. 

Eta Israelgo armadak jakinarazi du, gaur, ohar batean, Hezbollahk Libanon dituen posizio batzuk bonbardatu dituela, Iranen orbitapeko milizia horren eraso bati erantzunez. Israelek iradoki du Al-Aruriren hilketaren atzean dagoela, eta, Hezbollaharen mendekua aurreikusiz, adierazi du «edozein jokalekutarako» prest dagoela. Miliziak nabarmendu du Israel zigortuko duela, eta ez dela harekin gerra bat izateko beldur; hori bai, ez dio gerra deklarazio bat egin. Horren harira, Hamasen buruzagiaren hileta egin dute gaur Beiruten, eta ehunka pertsona bildu ditu.

Al-Aruriren hilketak zer eragin dezakeen kontuan hartuta, nazioarteak, oro har, gatazka ez hedatzeko eskatu die Israeli eta Hezbollahri. AEBek, ordea, ez dute zuzenean halakorik adierazi. Areago, John Kirby AEBetako Segurtasun Nazionalerako Kontseiluaren bozeramaileak atzo prentsa agerraldi batean esan zuenez, ez dago zantzurik adierazteko Israel denik Hamaseko buruzagia hil zuen erasoaren egilea. Israelen aliatu behinena dira AEBak. Hori bai, ikusita egoera zein den, AEBetako Estatu idazkari Antony Blinken Ekialde Hurbilera bidaiatzekoa da berriro gaur bertan, Washingtongo iturri ofizial batek Reuters berri agentziari esan dionez. «Hainbat hiriburutara joango da; baita Israelgora ere». Urriaren 7tik eskualdera egindako laugarren bidaia du.

Eskualdean, Iraken, hain justu, Iranen aldeko milizia baten —Harakat al Nujaba— liderra eta beste kide bat hil dituzte gaur, bonbardaketa batean. Irakeko iturri ofizialek AEBei egotzi diete erasoa, eta leporatu «Iraken subiranotasuna eta segurtasuna urratzea». Ordu batzuk geroago, AEBetako armadako iturri batek jakinarazi dio Reutersi bonbardaketaren atzean daudela, eta erasoa egin dutela milizia horrek AEBek eskualdean, nagusiki Iraken, dituzten baseei egindako erasoei erantzunez. 

NBEk Israel ohartarazi du

Bestalde, EI Estatu Islamikoak bere gain hartu du atzo Irango Kerman hirian gutxienez 80 hildako eragin zituen erasoa. Ohar baten bidez jakinarazi du. Horrek are gehiago nahastu dezake eskualdea. Teheranek, ofizialki, ez zion inori leporatu erasoa, nahiz eta Mohamad Mojbar lehen ministrordeak adierazi zuen «erregimen sionista», hau da, Israel, zegoela Qasem Soleimani Guardia Iraultzailearen buruzagiaren hilketaren —AEBek hil zuten, drone batekin— laugarren urteurrena oroitzeko ekitaldian egindako erasoaren atzean.

Bestalde, Volker Tuerk OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak zera ohartarazi dio Israeli, ohar batean: behin Gazako erasoaldia bukatuta, hango herritarren, palestinarren, lekualdatze behartuak egitea nazioarteko legediaren kontrakoa dela. Azken egunetan ikusi den moduan, Israelgo Gobernuak ez du ezkutatzen ez duela baztertzen gazatarrak handik kanporatzea.

120 atxilotu Zisjordanian

Israelgo indarrek sarekada bat egin dute gaur goizaldean Zisjordania okupatuko Tulkarem hiriko Nur Shams errefuxiatu gunean, eta 120 pertsona atxilotu dituzte; Tel Aviveko iturriek adierazi dutenez, «susmagarriak» direlako hartu dituzte atxilo.

Reuters berri agentziak errefuxiatu gunean daudenen lekukotzak jasoz argitaratu duenez, sarekadan, gainera, hiru etxebizitza eraitsi dituzte Israelgo soldaduek. PAN Palestinako Aginte Nazionalaren bozeramaileak adierazi du, Wafa Palestinako berri agentziaren arabera, operazio horiek ez dutela eragingo «segurtasuna eta egonkortasuna».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.