Higini Clotas PSC alderdiko beteranoak diputatu kargua utziko du

Talde parlamentarioko aldaketek areagotu egin dute alderdiko katalanisten eta espainolisten zatiketa

Erredakzioa
2012ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Geroz eta handiagoa da PSC Kataluniako Alderdi Sozialistako sektore katalanistaren eta espainolistaren arteko tartea. PSCren parlamentuko bigarren idazkariorde karguari uko egitea erabaki duela adierazi zuen atzo Higini Clotas diputatu sozialista beteranoak. Izan ere, PSCko buru Pere Navarrok Joaquim Nadal ezarri du Clotasen postuan. Nadal, orain arte, parlamentuan alderdiko presidentetzan egon da. Clotasek 1980ko lehen hauteskunde autonomikoetatik agintaldi guztietan diputatu kargua izan badu ere eta oraindik diputatuaren akta mantendu zezakeen arren, alderdiko zuzendaritza berriaren «konfiantza ezagatik» Kataluniako Parlamentuko aulkiari muzin egingo diola adierazi du.

PSCko beteranoaren hitzetan, bere karguaren eskumena parlamentuari dagokio, eta alderdiaren aldaketen ondoren, bere erabakia «erabat koherentea» dela azaldu du. Aurreikusitakoaren arabera, hilabete barru utziko du kargua, ordura arte bere gain hartutako eginkizunak bete ostean. Nuria Gispert parlamentuko presidenteak gaitzetsi egin du Clotasek kargua utzi behar izatea, eta aldaketa behar bezala ez kudeatzea leporatu dio PSCri.

Nadalek, berriz, esan du Clotasen erabakia ez dela bere erruz etorri. Horretaz gain, parlamentuko kargu aldaketek ez dutelaPSCren barruan zatiketarik sortu azaldu du Nadalek, baina aldaketaren inguruan iritzi ezberdinak daudela onartu du. Hala ere, adierazi du PSCko sektore katalanista ez dagoela «atzeraldian».

Politika uzteko mehatxua

PSCk parlamentuko taldean egindako aldaketekin haserretu den beste bat Marina Geli Osasun kontseilari ohia izan da, eta bere jardun politikoa uzteko mehatxua egin du. Azaldu du PSCko presidentea hautatzeko bozen lehen itzulian garaile irteten den hautagaia gustuko ez badu eta berari «baliagarri» sentitzeko moduko kargu bat ematen ez badiote ez duela politikan jarraituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.