Mendebaldeko Sahara

Hil egin da asteburuan bere buruari su eman zion gazte sahararra

Ahmed Salem Laarousik Mendebaldeko Saharako okupazioa salatzeko eman zion su bere buruari. Marokok ukatu egin dio familiari gaztea jaioterrian lurperatzea. Bideoa, albistearen amaieran.

Errefuxiatu guneetan ere protestak egin dituzte elkartasuna adierazteko. BERRIA.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko otsailaren 6a
20:45
Entzun

Ahmed Salem Laarousi 23 urteko gazte sahararrak bere buruari su eman zion aurreko larunbat eguerdian, Gergueraten, Mendebaldeko Saharan. Mauritaniarekin muga egiten duen kontrolean eman zion su gorputzari, gasolinarekin. Marokoko militarren kontrako oihuak egin zituen erre aurretik, okupazioa salatuz. Gaztea Marokora eraman zuten eta zaintza berezietan izan dute gaur arte. Casablancako Ibn Ruchd ospitalean hil da gaur goizaldean. 

Gaztearen amak salatu du ez diotela semearen gorpua itzuli eta jaioterrira eramatea ukatu diotela. Marokok, isilik egotearen truke dirua eskaini dio sendiari. Dakhla hirikoa da gaztea, eta han lurperatzen badute, hileta protesta ekintza bilaka daiteke. Hiriaren kanpoaldean jada kanpaleku bat ezarri dute gazte sahararrek. Mendebaldeko Saharako hiri nagusietan, berriz, hainbat protesta egiten ari dira. Aaiun hiriburuan manifestariak indarrez sakabanatu dituzte segurtasun indarrek eta hainbat zibil zauritu dituzte, tartean emakumeak. Ekintzaileen etxeak, berriz, inguratuta dituzte militarrek azken egunotan, haien kontrako jazarpena etengabea baita.

Aljerian errefuxiatuta dauden sahararrek ere elkarretaratzeak egin dituzte gaur goizean lurralde okupatuetan, harresiaren beste aldean bizi diren sahararrei elkartasuna adierazteko. Tindufen milaka lagun atera dira kalera okupazioa salatzera eta preso politikoen askatasuna aldarrikatzera. Fronte Polisarioko hainbat ordezkarik ere hartu dute parte protestetan.

[youtube]https://youtu.be/Z-nrEin2GFo[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.