Krakatoa irlan dagoen Anak Krakatau sumendiaren erupzioak itsas azpiko lurraren irristatzea eragin duela uste dute Indonesiako agintariek. Tsunamiak ezustean harrapatu ditu. Prebentziorako sistemek ez dute tsunamia detektatu, ez delako lurrikararik izan.
Sutopo Purwo Nugroho Ezbeharren Kudeaketarako Agentzia Nazionaleko bozeramaileak ohartarazi du sumendiaren erupzioa ez dela eten, eta, beraz, bigarren tsumani bat ere izan daitekeela.
"Lurrikarren kasuan, oso txikia da bigarren tsunami bat gertatzeko aukera. Baina hau erupzio batek sortutakoa izan da eta egoera desberdina da", azaldu du Rahmat Riyono Metereologia Agentziako zuzendariak.
ESA/NASA
Anak Krakatau sumendia atzo hasi zen magma isurtzen eta 25 minutura bi metroko olatuak iritsi ziren Sumatra eta Java irletako kostaldetara.
Larrialdi zerbitzuak lanean ari dira hondakin artean bizirik egon daitezkeen herritarrak erreskatatzeko.
Tsunamiak bereziki kaltetu du Java uharteko Pandenglang eskualdea, indonesiarrentzako oporraldietarako ohiko tokia dena. Yakartatik 100 kilometro mendebaldera dago. Horrez gain, Serang, Lampung, Tanggamus eta Pesawaran eskualdeak ere kaltetu ditu.
Krakatoa ospetsuaren ondorengoa
Tsunamia eragin duen Anak Krakatau sumendiak 300 metro pasako garaiera du, kono itxura dauka eta hegaletako batean du kraterra. Krakatoa sumendi ospetsuaren erupzioa gertatu ondoren azaleratu zen itsasotik, 50 urte baino gehagora.
Krakatoaren azken erupzioa 1883an izan zen, eta suntsituta gelditu zen, jasan zituen leherketa indartsu eta ugarien ondorioz. 36.000 indonesiar hil ziren, leherketa horien eta sortu ziren tsunamien eraginez. Krakatoa hartzen zuen irlaren erdia ere suntsitu zen. Datu historikoen arabera, leherketak 5.000 kilometrotara ere entzun ziren.
Anak Krakatau 1927an azaleratu zen ur azpitik. Ordutik, hazten ari da. 5 zentimetro garaiago da urteko.
Indonesian aktiboak diren 127 sumendietako bat da gaurko tsunamia eragin duena. Pazifikoko Su Eraztuna izenez ezaguna den eremu bolkanikoan dago Indonesia. Jarduera sismiko handiko ingurua da.