AEB-ak

Hilketa leporatu diete hiru gizonezkori Georgian, Arberyren heriotzagatik

Georgiako Batzorde Nagusiak gorroto delituen zigorrak gogortzeko lege proiektua onartu zuen herenegun. Arizona estatuko Tucson hiriko (Arizona, AEB) poliziaburuak dimisioa aurkeztu du, Poliziaren esku zegoen gizonezko latino baten heriotza erakusten duen bideo bat argitara atera ostean.

Ahmaud Arberyren gurasoak, Georgiako Brunswick herriko epaitegi baten kanpoaldean, joan den ekainaren 4an, auzi saio batetik irten ostean. ERIK S. LESSER, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko ekainaren 25a
11:44
Entzun

AEBetako Georgia estatuko Glynn konderriko epaitegi batek bederatzi kargu egotzi dizkie hiru atxilotuei. Akusatuak hiru gizonezko zuri dira: Gregory McMichael, 64 urtekoa; Travis McMichael, 34 urtekoa, eta William Bryan, 50 urtekoa.

Arbery otsailaren 23an hil zuten. «Jazarria, ehizatua eta exekutatua» izan zela adierazi zuten konderriko agintariek, baina susmagarriak ez zituzten atxilotu harik eta, maiatzean, George Floyden heriotzaren harira, AEBetan eta mundu osoan polizia indarkeriaren eta arrazakeriaren aurkako protesta olde bat piztu zen arte. Arberyk 25 urte zituen.

Haren heriotzaren harira, gorroto delituen zigorrak gogortzea eztabaidatu du Georgiako Parlamentuak, eta herenegun lege proposamen bat onartu zuen bide horretan. «Aurrerapauso garrantzitsua da Ahmaudentzat, haren familiarentzat eta komunitatearentzat justizia lortzeko», adierazi du Cobb konderriko Holmes fiskalak, auzirako izendatu dutenak.

McMichael aita-semeek errugabeak direla ziurtatu dute. Arbery lapur bat zela pentsatzen zutela adierazi dute, eta hura geldiarazten saiatu zirela aitortu dute. Bryanen defentsak, berriz, ukatu egin du McMichel sendiko aita-semeekin inolako harremanik izan zuenik Arbery hil zen egunean.

Richard Dial Georgiako Ikerketa Bulegoko kideak deklaratu duenez, Bryanek adierazi zuen Travis McMichael entzun zuela «beltz madarikatua» oihukatzen, Arberyri gutxienez hiru aldiz tiro egin ostean.

Hiru akusatuek Brunswick kostako herrian egin zuten topo Arberyrekin, hura Satilla Shores bizitegi auzoan korrika ari zela.

Beste hildako bat Poliziaren esku Tucsonen

Floyden heriotzarekin antz ugari dituen beste kasu bat izan da Arizona estatuko Tucson hirian. Hango poliziaburu Chris Magnusek argitara atera du Carlos Ingram-Lopez 27 urteko gizon latinoamerikarra atxilotu zuten unea erakusten duen bideo bat. Atxiloketa apirilaren 21ean gertatu zen. Irudietan ikus daiteke poliziek ahuspez atxiki zutela Ingram-Lopez, eskuak bizkarrean, hamabi minutuz, eta tarte horretan behin baino gehiagotan eskatu zuela ura, negarrez, eta, arnasa hartzea kosta egiten zitzaion arren, poliziek postura berean izan zutela, arnasa hartu ezinda, isilik gelditu zen arte.

Magnus poliziaburuak dimisioa aurkeztu du bideoa argitaratu duen prentsaurrekoan. Adierazi du atxiloketan parte hartu zuten hiru poliziek beren postua utzi zutela Ingram-Lopezen heriotzaren ondoren, ikerketa batek hainbat arau urratu zituztela frogatu ostean.

Poliziaren txostenean jaso zuten Ingram-Lopez bihotzekoak jota hil zela, kokaina intoxikazio handi batekin, osasun azterketa baten arabera.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.