Urte hasieran guztien faboritoa zenak kolpe gogorrak jaso ditu primarioak hasi zituztenetik. Bere alde egitea espero zuen jende askok bizkarra eman dio -Kennedy sendiak, kasu-, eta orain arte sostengua agertu dioten hainbat superordezkari ere Obamaren aldera joaten hasiak dira. Horren adibide da aste honetan bertan Illinoisko senatariaren alde egin duen Jay Rockefellerren kasua. Senatuko Inteligentzia Batzordeko burua da bera, eta orain arte Clintonen alde egin du, baina iritzia aldatu du, ordea. «Eztabaidaezina da Barack Obama zuzen zegoela Iraki buruz, gutako asko oker geundenean».
Izan ere, oso garesti ordaintzen ari da Clinton 2002ko urrian Irakeko gerraren alde bozkatu izana. Kanpaina hasi zuenetik soldaduak erretiratzearen aldeko jarrera agertu du New Yorkeko senatariak, baina Obamak behin eta berriz gogorarazi die hautesleeierabakia hartzeko garaian bestelakoa izan zela haren jarrera. «Benetako aldaketa ez da George Bushek bultzatutako Irakeko gerraren alde bozkatzea, eta gero, presidentetzarako lehia hastean, hautesleei esatea benetako asmoa diplomazia indartzea zela».
Clintonek, aldiz, nahiago izan du Obamaren esperientzia faltan oinarritu haren aurkako kritikak. «Obamaren kanpaina osoa 2002an gerraren aurkako protesta batean egindako agerraldian oinarritzen da. Borrokalaria, garailea eta saiatua izango den presidentea behar dugu».
Telebistako iragarkietan ere handia da bien arteko lehia. Clintonen laguntzaileek bultzatutako iragarkian, haur bat ageri da lotan, eta bat-batean telefono hotsa entzuten da; orduan off-eko ahots batek honela dio: «Goizeko hirurak dira eta zure haurra seguru eta lotan dago. Baina telefonoa joka hasi da Etxe Zurian. Zerbait gertatu da munduan. Zure botoak erabakiko du nork hartuko duen telefonoa». Obamaren aldekoen iragarkia, berriz, antz-antzekoa da, baina aldi berean aurrekoari erantzuten dio honela esanez: «Etxe Zurian Irakeko gerraren alde bozkatu duen norbait egotea nahi duzu?».
ERREPUBLIKANOAK ERE OBAMARI BEGIRA. Egoera aldatzen ari den erakusle dira errepublikanoak. Horiek ez dute batere maite Clinton, eta, ondorioz, hasieratik gogor eraso diote. Baina azken asteetan, John McCain, haien hautagai nagusia, Obamari begira jarri da.
Hala ere, Arizonako senatariaren mesedetan da demokraten arteko lehia. Izan ere haiek elkarren aurka jarraitzen duten artean, bera hasia da presidentetzarako kanpaina egiten. Arkansasko gobernadore ohi Mike Huckabee kontserbadorea du gertuen, eta hark 252 ordezkari soilik lortu ditu; McCainek, aldiz, 912. Hark ere demokraten iragarkia aipatu zuen atzo Phoenixen: «Nire esperientziak eta iraganak argi erakusten dute telefonoak jotzen badu goizeko hiruretan Etxe Zurian nik erantzungo nukeela, segurtasun nazionaleko krisiei aurre egiteko beharrezko irizpidea eta esperientzia dudalako».
Orain arte, ordea, errepublikanoek nahi baino jarrera moderatuagoa izan du McCainek, eta horrek Alderdi Errepublikanoan ezkerrago daudenen sostengua eman badio ere, kontserbadoreenen babesa behar du Etxe Zurian sartzeko. Hori da, hain zuzen ere, azken asteotan bere hitzaldiak gogortu izanaren arrazoia. Bide horretan, ordea, ez dio mesederik egiten Huckabeek lehian jarraitzeak.
Gaur, hala ere, demokratengana bihurtuko dira begiak. Haiek dira azken erabakia hartu ez dutenak. Clinton erretiratuko dela segurutzat jotzen dute gehienek, baina badu oraindik aukerarik. Texasen sei puntuko aldea soilik ateratzen dio Obamak; eta Ohion, berriz, bi puntu aurretik doa Clinton. Baina ez da ahaztu behar Texasen hautesleen ia herenak hispanoak direla, eta orain arte horiek New Yorkeko senatariaren alde egin dute. Beraz, Clintonek badu oraindik itxaropenik.
«Benetako aldaketa ez da George Bushek bultzatutako Irakeko gerraren alde bozkatzea»
Barack Obama
Illinoisko senatari demokrata
«Obamaren kanpaina osoa gerraren aurkako 2002ko protesta batean egindako agerraldian oinarritzen da»
hillary clinton
new yorkeko senatari demokrata
«Segurtasun nazionaleko krisiei aurre egiteko beharrezko irizpideaeta esperientzia dut»
john mccain
arizonako senatari errepublikanoa