Londresko Poliziak baieztatu du gaur arratsaldean Ingalaterrako hiriburuan gertaturikoa «eraso terrorista bat» izan dela. Gizon batek gutxienez bost oinezkori egin die eraso laban handi batekin London Bridge zubiaren inguruan. Biktimetako batzuk «larri» daudela esan du Londresko alkate Sadiq Khanek. Horietako bi hil direla iragarri dute osasun zerbitzuek.
Inguruan zeuden lekukoek harturiko irudietan ikusten denez, herritar talde bat erasotzailearen gainera bota da eta hura lurraren kontra gelditzea lortu du. Horietako batek labana kendu dio erasotzaileari, eta, orduan, Poliziak banan-bana kendu ditu herritarrak haren gainetik, eta, azkenean, tiroz hil du. Erasotzaileak soinean gerriko bonba moduko bat zeramala esan du BBCk, baina, azkenean, gezurrezkoa zela ikusi dutela.
London Bridge zubian egin dituzte, lehen ere, antzeko erasoak. 2017ko ekainaren 3an, espaloian zebiltzan oinezkoak harrapatu zituzten furgoneta batekin. Erasotzaileek, ondoren, inguruko Borough Market gunera joan ziren korrika, eta han zeudenak labanez kolpatu zituzten. Poliziak tiroka hil zituen erasotzaileak. Denera zortzi pertsona hil eta 48 zauritu zituzten erasoan. Erasotzaileak Estatu Islamikoaren jarraitzaileak ziren.
Hiru hilabete lehenago, antzeko beste eraso bat egin zuten Westminster Bridge zubian.