Protestak herrialde arabiarretan

Hiru lagun hil dira Tahrir plazan Poliziaren eta manifestarien arteko borroketan

Polizia gaur ere "bortitz" aritu da. Hilaren 28ko bozen ondoren ere Egiptoko armadak botereari ez diola uko egin nahi salatzen ari dira manifestariak.

2011ko azaroaren 20a
10:18
Entzun

Egiptoko Polizia gaur ere sartu da Kairoko Tahrir plazan, eta hiru lagun hil dira haren eta manifestarien arteko borroketan. Goizean une batez Polizia nagusi izan da plazan, manifestarien kanpin dendak-eta erre dituzte, baina arratsaldean atzera egin eta manifestariek plaza berreskuratu dute. Gero berriro izan dira, ordea, liskarrak, eta orduan zendu dira bi pertsona.

Oposizioko alderdiek jakinarazi dutenez, poliziak "indarkeria bortitzez" aritu dira uneoro, eta ehunka pertsona zauritu dituzte. 

Gobernuak Ministroen Kontseiluaren bilera berezia egin du, eta hauteskundeen datei eustea erabaki du. Hilaren 28rako deitu zituzten Legebiltzarrerako bozak.

Hainbat alderdi eta eragilek deituta, milaka lagun bildu ziren han ostiralean, armadak gobernuaren gaineko kontrolik izan ez dezala eskatzeko, eta bertan kanpatuta igaro zuten gaua. Poliziak, baina, indarrez sartu, eta bertan zeuden 200 manifestari inguru bota zituen atzo goizean, negar gasa erabilita. 

Tahrir plaza izan da, hain zuzen ere, Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohiaren aurkako matxinaden gune nagusia.

Herritarrak, kalera

Hain zuzen ere, Mubaraken erregimena amaitzeko iragan otsailean egin zuten bezala, Egiptoko herritarrak kalera atera dira berriro. Oraingoan, baina, kontseilu militarraren asmoei aurre egiteko; izan ere, azaroaren 28rako deitutako hauteskundeei begira, militarrek ez diote botereari uko egin nahi, eta trantsizioko gobernuaren zaintzan jarraitzeko asmoa azaldu dute. Hori ziurtatzeko, Junta Militarrak Konstituzioaz gaindiko printzipio batzuk biltzen dituen testua onartu du —parlamentu berriak idatzi beharko du Egiptoko konstituzioa—, eta horiek ezinbestean errespetatu beharko ditu testu gorenak.

Militarrak dauden lekutik kentzea ez da lan erraza izango. 1952an monarkia amaitu zutenetik, Egiptoko armada estatuko boterearen oinarri sendoenetako bat izan da —ordutiko presidente guztiak, Mubarak barne, militarrak izan dira—. 60 urtean, beraz, abantailazko posizioa izan dute. Mubaraken aurkako matxinaden ostean demokratizazio prozesua abian jarri zenetik, baina, gizarteak agintea herritarrei pasatzeko eskaria egin du, nahiz eta orain arte ez duen arrakastarik lortu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.