New Yorkeko auzitegi batek hiru urteko espetxe zigorra jarri dio Michael Cohen AEBetako presidentearen abokatu ohiari. Lehen aldia da Trumpen zirkulu hurbileko norbait espetxera zigortzen dutena. Besteak beste, 2016ko presidentetzarako kanpainan bi emakume isilarazi izana egotzi diote. Fiskaltzak lau urtetik gorako zigorra eskatu zuen, aipatutako delituez gain, deklarazio “faltsuak” egin zituela iritzita.
Cohenek berak abuztuan deklaratu zuenez, Stephanie Clifford aktore pornoari 130.000 dolar ordaindu zizkion Trumpen aginduz, elkarrekin izandako sexu harremanak ez azaleratzearen truke. 150.000 dolar, berriz, Karen McDougal Playboy-ko modelo ohiari, gauza beragatik. Biek baieztatu dute sexu harremanak izan zituztela Trumpekin 2006 eta 2007 artean, eta diru ordainketa hori 2016an egin zuen Cohenek, bozen atarian, hautagaiaren irudia zaintzea helburu, eta kanpainaren araudia urratuz delitu federala eginez.
Gainera, adierazpen "faltsuak nahita" egiteagatik ere zigortu dute Cohen. Trump Tower delako etxeorratz baten inguruko adierazpenak egin zituen abokatuak; Moskun halako bat eraiki behar zutela esan zuen, baina ez zuten egin azkenean.
Cohenen abokatu Lanny Davisek argi esan zuen abuztuan, bere bezeroaren deklarazioa amaitu bezain pronto: "Ordainketa horiek delitu badira Michael Cohenentzat, zergatik ez dira izango Donald Trumpentzat?".