Migratzaileak

Hirugarren gaua egin dute kalean Moriako kanpalekuko milaka migratzailek

Alemaniara eta Frantziara eramango dituzte kanpalekura bakarrik iritsitako 400 adin txikikoetatik «gehienak».

Asilo eskatzaileak oinez, euren jabetzak eskuan dituztela, Moria inguruetan. ORESTIS PANAGIOTOU, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko irailaren 11
11:30
Entzun

Greziako Gobernuak iragarri zuen atzo aterpea emango ziela Moriako kanpalekua erre ostean kale gorrian geratutako migratzaileei, baina gehienek hirugarren gaua egin dute errepide bazterrean. Gobernuz kanpoko erakundeek banatutako janaria eta ura izan dute askok baliabide bakar; hori eta kanpalekua suntsitu duen sutetik atera ahal izan zuten gutxia.

 

 

Europako Batasunak migratzaileak Lesbos uhartetik ateratzeko eskatu zuen atzo, baina azken hitza Atenasen esku utziz, eta Europako beste herrialdeetara eramateko proposamen berririk gabe. Frantzia eta Alemania prest agertu dira uhartean bakarrik dauden 400 adin txikikoetatik «gehienak» hartzeko, baina kopururik zehaztu gabe. Beste zenbait herrialde ere, tartean Herbehereak, Kroazia, Belgika eta Finlandia, prest agertu dira hainbat adingabe jasotzeko.

Greziak dagoeneko ohartarazi du ez duela bere asmoen artean Moriako kanpalekuan bizi zirenak kontinentera eramatea, eta bai, aldiz, harrera zentro itxi bat eraikitzea, guztiei «aterpe seguru bat emateko». Ordea, Lesbosen zeuden migratzaileetako askok urteak daramatzate Europako burokraziak harrapatuta, ez atzera ez aurrera. Hala, Bruselak babestu egin ditu Atenasen asmoak, eta eskatu dio «lehenbailehen» eraiki dezala, migratzaileentzako zentro «modernoago bat», haiek identifikatzea eta asilo eskaerak egitea ahalbidetuko duten zerbitzuekin.

Pandemiaren aitzakiarekin, azken sei hilabeteak kanpalekuan itxita eduki dituzte asilo eskatzaileak, ateratzeko aukerarik gabe. Horrek tentsioa eragin du migratzaileen artean, eta baita protestak ere. Azkenean, asteartean lehertu zen egoera, hainbat lagun berrogeialdian jarriko zituztela jakin baitzen, eta azalpen gehiagorik ukatu. Zenbaitek suak piztu zituzten protesta modura, eta haize indartsuak horiek kanpin denden artean zabaldu zituzten, kanpaleku osoak su hartzeraino.

Bestalde, Europako Batasuneko presidenteorde Margaritis Schinasek iragarri du hilaren amaieran migrazio eta asilo politika berriak proposatuko dituela Europako Batzordea, eta aurreratu du «elkartasunean oinarritutako sistema iraunkorra» izango dela mahai gainean jarriko dutena.

Erreskate lanak

Europako buruzagiek proposamen berria aurkeztu bitartean, erreskate lanetan jarraitzen dute Mediterraneoan. Open Arms gobernuz kanpoko erakundearen itsasontziak beste 77 migratzaile erreskatatu ditu bart gauean, nazioarteko uretan. Uretatik ateratakoen artean daude 11 emakume eta 2 adin txikiko. Horiekin 160 lagun dituzte GKEko kideek ontzian, portu seguru bat lortu zain.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.