Finlandiako atzeraldi ekonomikoaren erruduntzat jota, zigorra jaso du asteburuko hauteskundeetan gobernuko NCP Koalizio Nazionalerako Alderdiak. Alexander Stubb lehen ministroaren taldeak botoen %18,2 baino ez ditu jaso, eta hirugarren postuan geratu da hurrengo legegintzaldirako. Aurrea hartu diote bere buruari Zentroko Alderdia deitzen dion liberalak eta eskuin muturreko Benetako Finlandiarrak alderdiak.
Espero izatekoa da, beraz, Juha Sipila milioi askoko enpresaria izango dela hurrengo lehen ministroa. Stubbek lortu ez duen oparotasunaren irudi da Sipila; haren eskutik, oposizioko indar baztertua izateari utzi, eta parlamentuko talde handiena izango da Zentroko Alderdia hiru urte eskasetan. Olli Rehn, Europako Parlamentuko presidenteordea, ere badago alderdiko izarren artean, eta Bruselako bere lanpostua uzteko prest agertu da, Helsinkiko gobernuko toki baten truke: «Finlandiako egoera duela urtebete baino okerragoa da», argudiatu izan du kanpainan.
Nolanahi ere, boto gehienak antzeratsu banatuta geratu dira parlamentuko lau alderdi nagusien artean, eta Sipilak ez ditu behar adina lortu bakarrik gobernatzeko. %21,1 eskuratuta, 49 ordezkari baino ez ditu izango 200 eserlekuko parlamentuan; eta, beraz, gutxienez beste bi alderdiren laguntza beharko du gobernuko koalizioa osatzeko.
Lau alderdi nagusietatik zein geratuko den kanpoan da, beraz, galdera. Eduki ideologiko aldetik, SDP sozialdemokrata legoke Zentroko Alderditik gertuen, eta boto-emaileek ere nahiago lukete bien arteko aliantza bat —Zentroko Alderdiaren hazkundea, hain zuzen ere, SDPren gainbeheraren kontura gertatu da neurri handi batean—. Baina Sipilak iragarri du koalizioak osatzeko irizpide nagusia ez dela programatikoa izango: «konfiantza» gehien eragiten dion harekin bilatuko du adostasuna. Eta lau urte elkarrekin oposizioan igarota, itxura du Benetako Finlandiarrak izan litezkeela zorteko gobernukidea. Botoen %17,6 lortuta, bigarren indarra bihurtu da Timo Soini buru duen alderdi ultraeskuindarra. Hori bada nahikoa arrazoi Sipilarentzat haren babesa bilatzeko, baina, horretaz gain, antzeko jarrera dute kanpainan arreta bereganatu duten hainbat auzitan. Biak daude Grezia diruz laguntzearen aurka, eta NATOra gehitxo hurbiltzea leporatu izan diote aurreko gobernuari.
Soinik aditzera eman izan du pozarren sartuko litzatekeela gobernuan; ahal izanez gero, Atzerri ministro gisa. Horrek eskuinera bultzatuko luke, nabarmen, Finlandiaren jarrera kanpotarrekiko. Immigrazio politikak, esaterako, herrialdeko egoera ekonomiko orokorraren araberakoa izatea proposatzen zuen Benetako Finlandiarren hauteskunde programak.
Eskuin muturra gobernuan sartuz gero, koalizioko hirugarrena NCP izango dela iragarri dute Europa iparraldeko hedabideek. Stubb lehen ministroaren alderdiak zazpi eserleku galdu ditu, eta beste biek utzitako apurrekin konformatu beharko du, gobernuko alderdirik txikiena izanik ere agintean jarraitu nahi badu, behintzat.
Aldaketa eskaera
Duela hiru urtetik moteltzen ari da Finlandiako ekonomia. Nokiaren porrotak, paper industriaren beherakadak eta Europako Batasuneko kideek Errusiari jarritako zigorrek zuzen-zuzenean eragin diote haren diru sarrerei —Errusia Finlandiaren negoziokide nagusietakoa izan ohi da—. Ondorioz, esportazioak apaldu dira, eta langabezia %10etik igo. Kanpainan, alderdi nagusiek modu bertsuan heldu diote gaiari: guztiek aldarrikatu dute defizita murriztu behar dela eta lehiakortasuna igo, baina inork ez du ohiz kanpoko errezetarik aurkeztu. Horrenbestez, politika ekonomikoei dagokienez behintzat aise jarriko dira ados gobernuko alderdiak, koalizioa edozein dela ere.
Stubb erreformetarako promesa handiekin heldu zen boterera duela urtebete eskas, baina haren gobernua ahul samarra izan da hasieratik. Sei alderdiko koalizio zabalegi batekin ekin zion agintaldiari, eta ez da gai izan erreforma nagusietako bakar bat ere indarrean sartzeko. Gainbehera gelditzen ez asmatzea leporatu diote, eta hauteskundeetan heldu zaio ordaina. Axola gutxi zuen, beraz, zer ordezkatzen zuen Zentroko Alderdiak: boto-emaileek aldaketa nahi zuten.
Hirukorako, bat sobera
Sipila enpresariaren Zentroko Alderdiak irabazi ditu bozak Finlandian, baina gutxienez bi kideren babesa beharko du gobernua osatzeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu