Hitz handiak ditu betetzeko

Bueltan da Michelle Bachelet: igandeko bozetan garaipen itzela lortuta, Txileko presidentetzari helduko dio udaberrianDiktaduraz geroztiko erreforma sakonena iragarri du; besteak beste, hezkuntzan

Samara Velte.
2013ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
«Gaur etapa berri bat zabaldu dugu. Pribilegio bat da herria une historiko honetan gidatzea: herrialdeak bere zauriei begiratu die, eta egiteko dauzkan lanak bistan ditu». Zaku bete promesa handirekin itzuliko da Michelle Bachelet Txileko presidentetzara. Diktadura amaituz geroztiko erreforma sakonenak iragarri ditu, eta herrialdearen itxurazko oparotasunak ezkutatzen dituen miseriak agertarazten ausartu da neurri batean. Espektatiba handia dago Bacheleten bigarren agintaldiaren inguruan: azken urteotan kalean hezurmamitutako eskaera sozialetako batzuk zuzen-zuzenean eraman ditu hauteskunde programara; besteak beste, Konstituzio berria idaztea eta doako hezkuntza.

Inor gutxi harritu zen igandeko bozetako emaitzarekin: bigarren itzulia izanik, bi hautagai baino ez zeuden aurrez aurre, eta Bacheletek aise gainditu zuen Evelyn Matthei zerrendaburu ofizialista, botoen %62,12 lortuta. Martxoaren 11n izendatuko dute presidente. Sebastian Piñera eskuindarraren agintaldia amaituko da, eta Txileko aginte makila zentro-ezkerreko koaliziora itzuliko da berriro.

«Txilen aldaketak egiteko unea da», esan zuen Bacheletek igandean, bozketaren emaitza jakin berritan. Anbizio handiko programa osatu du kanpainan, eta orain hura indarrean jartzeko babesa bilatu beharko du. Izan ere, gobernura heltzen lagundu dion NM Gehiengo Berria koalizioa aski ideologia desberdinetako alderdiek osatzen dute, kristaudemokratetatik hasi eta Alderdi Komunistaraino. Bestalde, asmo handieneko erreformetako batzuk aurrera eramateko parlamentuaren bi herenen babesa behar da, eta zentro-ezkerrak gehiengo soila baino ez du Kongresuan.

2010ean agintea utzi zuenean, Txileko agintari batek sekula izandako onarpen handienetakoa zuen Bacheletek. Bi bider jarraian gobernatzea debekatuta zeukalako utzi zuen kargua, eta NBEren Emakumeen Batzordeko zuzendaritza hartu zuen. Oraingoan are babes zabalagoa dauka. Agindu dituen erreformak nahiko sakonak badira Piñeraren gobernuarekin haserretutako zentro-ezkerrari itxaropena pizteko, baina aldi berean aski bigunak dira herrialdeko zein nazioarteko enpresa garrantzitsuak mehatxatuta senti ez daitezen.

Hezkuntza da gakoa

Hain zuzen ere, botereen arteko oreka hori ez haustea izango da Bacheleten erronka nagusia. Augusto Pinocheten Junta Militarra agintetik kendu eta sistema parlamentarioa ezarri zutenetik, zentro-ezkerra egon da ia beti agintean, baina lozorroan egotea leporatu diote inguruko herrialdeetatik. Txilen ez da sakoneko erreformarik burura eraman, eta diktadurako egiturek indarrean jarraitzen dute: Konstituzioa Pinochetek ezarri zuen berbera da, eta gizarte zerbitzuetan arlo pribatuak dauka oraindik erabateko nagusitasuna. Hiru medikutik bik klinika pribatuetan egiten dute lan; alde nabarmena dago gizarte segurantza eta enpresa pribatuen artean; eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen %40 baino ez daude sistema publikoan. Diktaduraz geroztik, gobernuaren gurutzada nagusia pobreziaren aurkakoa izan da: programa zehatz eta mugatuei esker, nabarmen jaitsi da hura —%45etik %14ra—. Diru gehiena, ordea, esku gutxitan dago oraindik pilatuta: Txileko Unibertsitatearen arabera, herritarren %10 aberatsenek baino 78 aldiz gutxiago irabazten dute pobreenek. Horrek klase ertain zabala, baina prekarioa ekarri du, estratuz ez jaisteko inolako bermerik ez duena.

Unibertsitateak pribilegio izaten jarraitzen du. Pinochetek pribatizazioari bide eman zionetik, familia askok kredituak eskatu behar dituzte seme-alaben goi mailako ikasketak ordaintzeko. 2011z geroztik, protesta handiak sortu dira doako hezkuntza eskatuz, eta apurka gizarteko beste esparruetara ere hedatu da eskaria, Txileren gabezia nagusiak agerian geratuz. Bacheletek bere egin ditu eskaera horietako batzuk, eta pobreenentzako doako hezkuntza agindu du: «Eskerrik asko irabazi asmorik gabeko hezkuntza aldarrikatu duzuen gazteoi, ametsak ez baitira merkatuko produktu bat. Hezkuntza guztion eskubidea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.