Londresen atzo adostutakoen artean lehendabizi gauzatuko dena da atzerrian ekiteko gai izango den indar armatu bateratua eratzea. Indar hori, baina, ez da egonkorra izango, eta beharren arabera osatuko dute, azkar. Agintaritza bakarra izango duenindar bateratu horretan 3.000 eta 3.500 soldadu artean egongo dira hasiera batean. Egitasmoaren azken fasea 2020. urterako hitzartuta dago; ordurako bi hegazkinontzi izatea aurreikusten da.
Atzerriko gatazka guneetan halabeharrez azkar ekiteko gai izango den indar armatu bateratuaren eraketak baino jakin-min handiagoa piztu du nuklearren arloan adostutako akordioak. Ezen, Europako Batasuneko bi potentzia nuklear bakarrak diren Frantziak eta Erresuma Batuak elkarrekin lan egingo dute arma atomikoak probatzen eta ikertzen. Hala, saio horiek elkarrekin egiteko gune bat eraikiko dute Dijon hiriaren inguruetan (Frantzia). Era berean, armamentu mota horren garapenerako ikerketa laborategi bateratua zabalduko dute Berkshire eskualdean, Erresuma Batuan.
Horrez gain, Parisek eta Londresek hitzartu dute oraindik indarrean jartzekoa den A400M garraiorako hegazkin militarraren mantentze lanak elkarrekin egitea, eta piloturik gabeko airekoen zein misilen fabrikazioan diharduten bi estatuetako industria baliabideak lankidetzan erabiltzea.
Sarkozyk eta Cameronek argi nahi izan dute utzi, haatik, Frantziak eta Erresuma Batuak defentsa arloan erabakimena dutela oraindik. «Ez da Frantzia edo Erresuma Batuaren subiranotasun galtzerik egongo, eta disuasio nuklearraren partekatzerik ez da izango», adierazi du gobernuburu britainiarrak. «Ez diegu ez bihar ez etzi Van Rompuyri eta Durao Barrosori eskatuko Erresuma Batuko eta Frantziako armadei agindu diezaieten; inork ez du horrelako asmorik», adierazi du Nicolas Sarkozyk.
Gastuak gutxitzeko bidea
Bi herrialdeen arteko lankidetzak Frantziako zein Erresuma Batuko gastu militarraren murrizteak eragindako ondorioak moteltzeko aukerarik emango du. Frantziak 54.000 soldadu gutxiago izango ditu armadan, eta Erresuma Batuak, bestalde, hainbat egitasmotan murrizketa nabarmenak egingo ditu, hala nola Trident buru nuklearren kopurua gutxituz.
Haatik, Sarkozyk baino neke handiagoak izango ditu Cameronek lankidetza akordioa herritarrei saltzen. Are gehiago kontserbadoreen artean, horien artean Frantziarekiko fidakaitz diren asko baitaude.
Atzerrira joan ordez, armamentua Europako enpresetan ekoizteko eskatu diete Sarkozyri eta Cameroni Dassault Aviationek eta BAE Systemsek; arma egileen 'lobby'-ak indartsu daude Bruselan.
Heriotzaren merkatutik bizi nahian
A.S.Londresko bileraren atarian, material militarrak ekoizten dituzten Frantziako Dassault Aviation eta Erresuma Batuko BAE Systems enpresak Nicolas Sarkozyrengana eta David Cameronengana jo dute. Financial Times egunkari britainiarrak argitaratu duen gutunean, «proiektu europarrak garatzeko» erabaki politikoak har ditzaten eskatzen diete Frantziako presidenteari eta Erresuma Batuko lehen ministroari.
Zehazki, piloturik gabeko airekoen ekoizpenean eta Frantziako zein Erresuma Batuko armaden erasorako hegazkin militarren berritzean Europako enpresek parte har dezaten eskatzen dute. Gaur egun, Ameriketako Estatu Batuetako General Atomics enpresak ekoizten duen Predator da munduan -baita Europan ere - gehien saltzen den piloturik gabeko airekoa. Europan bertan gara daitekeen piloturik gabeko aireko baten aldeko deiaz gainerat, bi enpresek jakinarazi dute elkarlanean aritzeko prest daudela Frantziako Rafale eta Europako Typhoon ehiza hegazkina garatzeko.
Arma egileen 'lobby'-a
Bi enpresetako agintarien ekimenak agerian utzi du arma egileen lobby-ak indartsu direla EB Europako Batasunean. Arlo horretako hiru eragin talde daude, gutxienez, Bruselan: NDA New Defence Agenda, AECMA Europako Aeroespazioko Material Egileen Elkartea eta EDIG Europako Defentsa Industrietarako Batza. Armamentu ekoizle horien eta Europako parlamentari eta arduradun politikoen artean elkartzeak antolatzen ditu, berriz, SDA Segurtasun eta Defentsarako Agenda egiturak. EBn, gastu militarrek barne produktu gordinaren %3 osatzen dute, batez beste; Ameriketako Estatu Batuetan, berriz, %6koa da.