Hitzetatik ekintzetara pasatzea xede duela, gaur hasiko da bilkura, Malin

Lehen aldiz hiru kontinentetan egingo dute neoliberalismoaren aurkako konferentzia sorta

2006ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Gaietan baino gehiago metodologian dakar berrikuntza aurtengo Munduko Gizarte Foroak. Beste mundu bat posible da aurreko aldietako leloari lotuta segituko du; baina oraingoan foroa dezentralizatu eta, leku bakar batean egin beharrean, hiru herrialdetan egingo dute: Bamako (Mali), Caracas (Venezuela) eta Karachi (Pakistan). Hala, Afrikatik hasita, Amerikatik igaro eta Asian bukatzeko, hiru kontinentetan egingo dituzte eztabaidak eta proposamenak. VI. aldia izango duen globalizazioaren eta neoliberalismoaren nazioarteko eztabaidagunea gaur hasiko da Bamako hirian, Malin. Heldu den astelehena arte luzatuko da eta, besteak beste, honako arlo eta auziak landuko ditu: gerra eta militarismoa/segurtasuna eta bakea; liberalismo globalizatua; nekazarien kontrako erasoak; sistema neoliberalaren eta patriarkalaren aliantza eta emakumeen borrokaren baztertzea; kultura, komunikabideak eta komunikazioa; ekosistemen suntsiketa, aniztasun biologikoa eta baliabideen kontrola, eta nazioarteko ordena.

Era berean, nazioarteko merkataritza, zorra eta politika sozial eta ekonomikoak izango dituzte hizpide, baita gizarte borrokak, giza zein gizarte eskubideak eta politikoak ere. Egungo eredu neoliberalari zer-nolako alternatiba proposatu eta dagoeneko abian direnak nola garatu ere aztertuko dute mundu osotik joandako ehunka ordezkarik.Munduko Gizarte Foroa urtero egiten da, 2001etik, eta 2004an izan ezik (Bombayn, Indian, egin zuten), orain arte beti Porto Alegren (Brasil) egin izan dute. Halarik ere, bada Maliko foroaren abiapuntuko gai horietan gabeziarik nabarmendu duenik. Hararen (Zimbawe) egoitza duen AFNDD Zorra eta Garapenaren gaineko Afrikako Foro eta Sarea erakundeko ordezkari Vitalis Meja, esaterako, kexu da «konferentzien zerrendan ez dagoelako hiesaren eta Afrikako estatuetan gobernu ona izateko beharraz aipamen zuzenik». Dena dela, baikor da auzi horiek eztabaidetan, modu batean edo bestean, agertuko direla: «Hiesaren eta gobernatzeko eraren inguruko auziak agertu, agertuko dira. Adibidez, Darfurren [Sudango mendebaldea] emakumezkoen kontrako gehiegikeriak aipatzerakoan, gobernatze motarekin batera azaleratuko dira». «Agenda neoliberala ez dabil pobrezia arintzeko nahikoa egiten; aberastasun osoa estatu aberatsetara doa, Afrika pobretuta. Ondorioz, Saharatik hegoaldeko Afrika ez dabil oso ondo arlo sozialean, hezkuntzan, elikaduran eta osasunean», erantsi du Mejak. Haatik, Johannesburgon egoitza duen Nazioarteko Aferetarako Hegoafrikako Institutuko kide Ayesha Kajeek dio neoliberalismoa «ordain-aker erraza» dela: «Gure buruzagiek huts egin duten arloetan gure erantzukizuna ere onartu behar dugu. Afrikako arazo guztiak neoliberalismoari leporatzea haietako batzuetan zerikusia duen arren ez da bidezkoa eta zuzena. Neoliberalismoaren agendatik haratago begiratu beharra daukagu». Munduko Gizarte Foroaren sortzaileetako batek, Antonio Martins brasildarrak, adierazi duenez, «pentsamendu bakarraren kontzepzioa hautsi» zuen bilkura horrek lehen urtean. «Bigarren fasean erresistentzia eta alternatiba orokorren posibilitatea aurkeztu zuen, 2002an eta 2003an, eta orain etapa berria ikus dezakegu, non aldarrikapen eskuzabal eta batzuetan abstraktu samar horiek hezurmamitzen hasten diren». Aurtengo foroan parte hartzerik handiena Caracasen izan daitekeela-eta, «bi abiadurako foroa» sor daitekeenik gezurtatu zuen: «Ez dut uste oraingoz munduko borroka sozialak homogeneoki garatzeko aukerarik dagoenik; ez dut uste, gainera, hori onuragarria izan daitekeenik. Ez dut uste Latinoamerika gaur egun munduko borroka sozialen abanguardia modukoa denik». Baliteke heldu den urtean berriz herrialde bakar batean egitea bilkura. Herrialde hori Kenya izatea eta egoitza Nairobi izatea oso litekeena dela iragarri du aste honetan Martinsek.

Eszeptikoak eta baikorrak

Malin bertan hainbat herritar, eragile sozial eta politikarik eszeptizismoa eta itxaropena agertu dute egunotan Bamakoko foroak lor dezakeenaren inguruan. «Foro honek ez gaitu inora eramango; [aurreko aldietako] hitzaldi bertsuak entzungo ditugu. Lehen politikariak ziren beren hitzekin lotarazten gintuztenak; orain horixe egiten ari dira globalizazioa auzitan jartzen dutenak», salatu du Bamakon irakasle dabilen Aliou Traorek.

Alabaina, Zorra eta Garapenaren Koalizioko presidente Barry Aminata Toure ez dator harekin bat: «Globalizazioarekiko eszeptiko diren horien ondorioz aldatu dute beren jarrera Mendebaldeko botereek, Hegoaldeko herrialdeen [garapen bidean direnak] zorrari eta kotoiari dagokienez». Bamakokoa bezalako bilkurak «baliagarriak» izaten direla nabarmendu du, halaber.Maliko foroak izango dituen arazoen artean, parte-hartzaile batzuentzat haraino joatearen ezintasuna arrazoi ekonomikoengatik dago. Esaterako, Kenyatik lan talde handia bidali nahi zuten, baina baliabide ekonomiko nahikorik ez izateak ordezkaritza murriztuko du. Izan ere, Kenya eta Mali kontinente berean egon arren, merkeagoa da Nairobitik Europara hegazkina hartzea Malira baino.

EUSKAL ORDEZKARITZA



 

Gatazken konponbidea, ardatzetako bat





Aurreko aldietan bezala, aurten ere ordezkaritza zabala doa Euskal Herritik Munduko Gizarte Forora. Ezker abertzaleak Batasuneko Iñaki Gil de San Vicente, Askapenako Israel Arkonada eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduko Joseba Agudo bidaliko ditu Caracasera. Askapenak honako mintegiak antolatu ditu: Subiranotasuna eta autodeterminazioa, gatazka politikoak konpontzeko gakoak. Euskal Herriaren borroka, batetik, eta Munduan dauden preso eta errefuxiatu politikoak, beren borroka eta gatazken konponbidean egiten duten ekarpena, bestetik. Eusko Alkartasunak Nekane Alzelai diputatua eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekintzako zuzendari Manolo Vigo igorri nahi zituen Malira, baina azken unean ezin izan dira joan. Bestalde, Arabako SEAD Saharar Errepublika Demokratikoaren Lagunen Elkarteak ere ordezkaritza bidali du Malira, eta urtarrilaren 21ean nazioarteko elkartasuna eta Mendebaldeko Sahararen deskolonizazioa jorratuko ditu, Mendebaldeko Sahara: Afrikako azken kolonia hitzaldiarekin. Fatma El Mehdi, Mohamed Sidati eta Abba Hassan ariko dira hizlari.

Sindikatuetan, EHNE nekazaritza sindikatuak Paul Nicholson burua bidali du Malira. ESK Ezker Sindikal Erakundea, aldiz, Malin ez baina Caracasen izango dela esan zuen atzo Venezuelara joango den Josu Egireunek. «Porto Alegreko foroan 2003an abiatutako gizarte mugimenduen sareak ez du behar bezala funtzionatu, eta funtzionamendu hori nola hobetu aztertuko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.