Hizkuntza politikarik gabe Sardinian katalana desagertu egingo dela ohartarazi dute

Alguer hirian katalanaren erabilera urrituz doa, italieraren presioagatik eta instituzioen babes ezagatik

2007ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Herrialde Katalanetan dagoen hizkuntza komunitaterik txikienean, Sardiniako Alguer hirian (S'Alighera, sardinieraz; Alghero, italieraz) katalana desagertzera kondenatuta dagoela dio Rafael Cariafilologoak. «Desagertzera kondenatuta, baldin eta ez bada hizkuntza politika on bat garatzen». IEC Ikerketa Katalanetako Institutuetako kidearen esanetan, katalanak duen presentzia publikoa txikia da, eta haren etorkizuna ia atzeraezina da. Italieraren presioak eta Alguerko, Sardiniako eta Italiako gobernuen babes eta sustapen ezak katalanaren gainbehera eragin dute. Egoerari buelta emateko eta beharrezko ikusten dituen neurriak har ditzaten kaleratu du El Catalá a l'Alguer; apunts per a un llibre blanc artikulua (Katalana Alguerren; liburu zuri baterako oharrak).

Vilaweb agerkariaren arabera, italieraren elebakartasunean murgildu da Alguer. Italiera da, hain justu, belaunaldi berrien komunikazio tresna. «Katalana herri kulturara mugatuta geratu da».

Caria kexu da ez dagoelako katalana benetan babestu eta bultzatzeko lege eremurik, eta Alguerko Udal Estatutuaren 9. artikuluak «Udalak eskuak garbitzeko» balio duela salatu du. Auziari aurre egiteko, hizkuntzaren alde lan egiten duten elkarte eta erakunde guztiek batzorde bateratu bat sortzea proposatu du filologoak, hizkuntza politikaren oinarriak jartzeko.

2004an Kataluniako Generalitateak eginiko Enquesta d'usos lingüístics a l'Alguer ikerketak erakutsi zuen hiriko biztanleen %22,4k dutela katalana lehen hizkuntzatzat, eta %90 inguruk ulertzen dutela, hein batean edo bestean. Alabaina, soilik %13,9k erabiltzen dute normalean. Sardinierari dagokionez, %12,3k dute lehenbiziko hizkuntzatzat eta %2,8k baliatzen dute normalean. Italiera da nagusi, argi eta garbi: %59,2k dute lehen hizkuntza gisa eta %83k erabiltzen dute normalean.

Hiriak 42.289 biztanle ditu, 2006ko datuen arabera, eta adineko eta ume zein gazte gehienek dakite katalanez, ez, ordea, helduek.



HISTORIA GORABEHERATSUA. Alguer 1102 inguruan sortu zuen Genoako Doria familiak, portu gotortu gisa. Doriatarrek hainbat mendetan agindu zuten, Pisaren agintaldi laburrean (1283-1284) izan ezik. 1353an Aragoiko Koroak eskuratu zuen, eta jatorrizko populazio sardiniarra egotzi ondoren, 1372an, kolono katalanak ezarri zituen. Katalanen hizkuntza orduan zabaldu eta errotu zen. Katalan eta aragoitarren ondotik Espainiak kontrolatu zuen Sardinia, 1702 arte. 1720an Alguer eta uharte osoa Piemonteren esku geratu ziren, eta geroago Italiaren menpe.

Hizkuntza ofizial estatusa XVII. mendea arte izan zuen katalanak; orduan gaztelaniak ordezkatu zuen, eta XVIII. mendean italierak. II. Mundu Gerraren ondoren sardiniera hiztunen emigrazioak, eta italierazko eskolak, telebistak eta hedabideek katalanaren hedadura eta erabilera gutxitzea eragin dute. Kasu askotan belaunaldiarteko transmisioa eten egin da.

Hedabideei dagokienez, 2004an Catalan TV katalanezko eta italierazko telebista kate pribatua sortu arte Kataluniako TV3 ikusten zuten satelitea zuten herritarrek. Gainerako telebista eta irratietan italiera da nagusi. Prentsa idatziaren kasuan, L'Alguer aldizkaria dago, bihilabetekaria. Interneteko agerkarietan oso urria da katalanaren presentzia. Horretan Bartzelonan egoitza duen Vilaweb.cat da salbuespena. Honek Alguerrerako berezko atala eskaintzen du.



rafael caria IEC Ikerketa Katalanetako Institutuko Filologia Ataleko kidea

«Sardiniako alderdiak oportunistak dira, ez dute katalana erabiltzen»



j.m. sarasola

IEC Ikerketa Katalanetako Institutuko Filologia ataleko kidea da Rafael Caria (Alguer, 1941). Oso kritiko agertu da hiriko, Sardiniako eta Italiako agintariekin.

Azken urteotan Alguerko katalanagainbehera erori dela esan duzu. Nola gertatu da hori?

1970eko hamarkadatik Alguerrerako emigrazio handia eman da. Industria petrokimikoak, turismoak, zerbitzuek, hiri zaharra eta landagunea ohiko biztanlez husteak eta ohiko lanbideak galtzeak, batetik, eta komunikabideak, italierazko irakaskuntzak eta elebitasun pasiboak bestetik, hizkuntzaren ordezkapena eragin dute.

Gobernuak kritikatu dituzu katalana ez babesteagatik, baina herritarrek ere ez al dute gainbeheraren erruaren zati bat?

Arrazoi naturalei erantsi behar zaizkie Udalak, Sardiniako Eskualde Autonomoak eta Italiako Estatuak izan dituzten erantzukizunak. Arauek italiera babesten dute, ez, ordea hizkuntza gutxituak. Hirietako biztanleek eta XIX. mendeko burgesiak gure buruarentzako kaltegarria izan den ospe galera eragin dute, eta horrekin herritarrengan katalana jatorrizko bekatu sentsazioarekin lotzea eta erabilera gutxitzea. Egun soilik familian, lagunartean eta elkarteetan erabiltzen da nagusiki katalana.

Hedabideek zer-nolako zerikusia dute katalanaren erabilera gutxitzean eta italierarena zabaltzean? Catalan TVk zer rol jokatzen du joera horri aurre egiteko?

Komunikabideek, Italiako Estatuarekin batera, erantzukizun larria dute. Europako Batasuna sortu izan ez balitz, egun Italiako gutxiengo etniko guztien kasuan hizkuntzaren genozidioa gertatuko zatekeen. Catalan TVk oso funtzio garrantzitsua jokatzen du. Gure hizkuntza eta kulturarekin oso lotuta dagoen Alguerko enpresaburu baten ekimena izan da. Espazio bat sortu du, albistegi elebidun batekin, umeentzako saio didaktikoekin, berezko kultura ekoizpenekin, kantu herrikoia sustatuz...

Zer presentzia du katalanak Alguerko irakaskuntzan?

Lehen eta bigarren hezkuntzako eskoletan oso presentzia txikia du katalanak. Alabaina, badago martxan Projecte Palomba deitua (Hizkuntza Katalanaren Nazioarteko Lehen Kongresuan parte hartu zuen Alguerko irakaslearen abizenetik hartua). Kultura katalaneko ordu bat aurreikusten du astero. Hautazkoa da, bai ikasleentzat bai irakasleentzat. Irakaskuntza pribatuari dagokionez, oso ondo ari dira Pasqual Scanu Katalan Eskolak, [Bartzelonako], Omnium Culturalak, Maria Montessori Baliabide Pedagogikoen Zentroak, Hizkuntza Ondarea Babesteko Elkarteak eta Alguerko Ateneoak.

Herrialde Katalanetako beste lekuetatik laguntzarik jasotzen duzue, kultura, hizkuntza nahiz politika alorretatik?

Bai, Kataluniako Generalitatetik, Bartzelonako Omnium Culturaletik, IEC Ikerketa Katalanetako Institututik, unibertsitateetatik eta erakunde pribatuetatik.

EtaSardiniako alderdiek zer jarrera dute katalanari dagokionez?

Oportunista hutsak dira. Plenoetan ez dute katalana erabiltzen, eta oro har ez dute bultzatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.