Veronique Sciaretti. Corsica Liberako hautetsia

«Hizkuntzak du garena egiten; nortasunaren elementu bat da»

Korsikeraren koofizialtasunaren alde agertu da Korsikako Biltzarreko gehiengoa. Bozka hori «historikotzat» jo du Veronique Sciarettik, Biltzarrean aulkia duen hautetsi abertzaleak.

JENOFA BERHOKOIRIGOIN.
Jenofa Berhokoirigoin.
Ezpeleta
2011ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Korsikako Biltzarreko gehiengoa korsikeraren koofizialtasunaren alde agerturik, orain pilota Frantziako Estatuaren eskuetan dela dio Veronique Sciarettik (1974, Zicavo), ezagupen hori ahalbidetzeko neurriak planteatu beharko dituelako.

Korsikera hizkuntzaren koofizialtasunaren alde agertu berri da Korsikako Biltzarra.

Bai, gehiengoak koofizialtasunaren alde bozkatu zuen uztailaren 28an: 51 hautetsietarik 36 alde agertu ziren. Aspaldian aldarrikatzen genuen hizkuntzaren ofizialtasuna, eta hori eskatzen zuen mozioa aurkeztu genuen. Komunistek mozioari aldaketa aurkeztu zioten, ofizialtasunaren ordez koofizialtasuna eskatuz. Gure iduriko, gauza bera da; semantika kontu bat besterik ez da. Bozka erabat historikoa da.

Nola esplikatzen duzu hastapen batean gutxiengo baten aldarrikapen zen hura orain Biltzarreko gehiengoak eramatea?

Lehenik, historia aitzina doa, gauzak aldatzen dira. Bestetik, humanoki ere aldaketak izan dira. Hau da, geroz eta gutxiago izanki eta geroz eta gehiago atakatuak garenez, haien nortasuna egiten duen hura atxiki nahi dute korsikarrek. Garaian, 70eko hamarkadan, nazio mugimendua sortu zenean aurreikusia genuen hori. Baina jendeztatzearen bidezko kolonizazioa geroz eta handiagoa izanki, korsikarrak ohartzen dira gurasoetarik jaso zutena haien haurrei ezin dietela pasarazi. Oso laster pasatu gara nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarrituriko jendarte oso egituratu batetik egiturarik gabeko jendarte batera.

Zeri deitzen diozu «jendeztatzearen bidezko kolonizazioa»?

Funtzionario anitz heldu dira kanpotik. Badatoz eta etxea erosten dute, nahiz eta gero bertan ez gelditu. Estatuaren estrategia da: denok frantsesak izanki, denok mugitzen ahal gara lurralde batetik bestera, arazorik sortu gabe. Baina, gure etxean arazoa dakar. Paraleloki, bigarren etxebizitzen garapena sustatzen da. Biztanleria bat beste biztanleria batez ordezkatzen da, hori da estatuaren estrategia. Guk diogu hizkuntza, populu eta lurralde bat badela hemen, eta gaur egun korsikarrak gutxiengoan gara, eta korsikera gutxiengoan da.

Ofizialtasuna geroz eta jende gehiagok aldarrikatu izana esplikatzen du horrek?

Gu abertzaleak gara ikuspegi politiko, kultural eta ekonomiko batekin. Baina denok gara korsikarrak, eta nahiz eta gogoeta ez horrera arte eraman, jendartearen bilakaera ikusten duenean, uste dut korsikar batentzat ere inportanta dela aldarrikapen hori.

Mozioa bozkatu da. Orain zein dira ondoko urratsak?

Orain pilota Frantziako Estatuaren eskuetan dela erran nezake. Chaubon deitzen dugun komisio bat badugu Biltzarrean, legediari buruzko galderei begira gogoetatzen dabilena. Mozioa komisio horren esku utzia izanen da. Gero estatuak ditu koofizialtasuna ahalbidetzeko neurriak hartu beharko. Horrek erran nahi du beharbada Konstituzioa moldatu beharko duela.

Zertan da korsikeraren egoera?

Zifrarik ez dut, baina adibide adierazgarri bat badut. Bost urteko seme bat badut, korsikeraz hitz egin diot sortu denez geroz eta beti korsikeraz ari zen. Eskolara joan eta aste batez korsikeraz hitz egiteari utzi zion. Korsikeraz hitz egiten diot, eta frantsesez erantzuten dit. Alta, badu 15 bat urte eskola elebidunak baditugula. Hizkuntza galtzera doa. Oso laster pasatu gara korsikera eskolan ez ezik denetan hitz egiten zen garai batetik eskolan bakarrik hitz egiten den egoera batera. Kontsiderazio politikoez aparte egin ikerketa batek argi utzi du hizkuntza galduko dela ofizialtasunik ez bada.

Ikusita Frantziak hizkuntza gutxituak ez dituela ezagutu nahi, uste duzu zuen hitza entzunen duela?

Ez dakit. Baina niri gehien inporta zaidana da ikustea korsikarrek koofizialtasuna nahi dutela, horretan da aitzina pausoa. Korsikarrak ez du gehiago konplexurik, ez gara gehiago kolonizatuaren posturan, bere nortasuna defenditu nahi duen posturan gara orain. Hizkuntzak du garena egiten; nortasunaren elementu bat da. Beraz, oso inportanta da. Estatuak zer eginen duen ez dakit, egia orain arte nahikeria handirik ez duela erakutsi, baina, dena den, guk segituko dugu. Beste galdera da ikustea estatua blokeatzen bada zer ihardespen ukanen duten Korsikako beste hautetsiek... Guk borroka segituko dugu, beste abertzaleek ere bai, baina beste hautetsiek ez dakit. Baina esperantza badut.

Frantziaren eskuetan da, beraz, pilota. Zein da duzuen autonomia heina?

Ez dugu autonomia estatusik. Esperientzien egitea ahalbidetzen digun estatus berezi bat dugu, baina beti estatuak eman eskumenentzat. Eskumenak pasatzen dizkigute, baina finantzaketarik gabe! Gainera, gure fiskaltzarik ez ukanki zaila zaigu. Jakinez estatuak geroz eta diru gutxiago banatzen duela, oraindik zailagoa zaigu.

Abertzaleek zein pisu duzue?

Corsica Liberak bozen %10 lortzen ditu; beste autonomistek, %26.

Abertzaleen artean indarren bateratzearen deia egin duzue Corteko egunetan...

Bai. Gatazkaren aterabide politiko bat lortu nahi dugu, eta 2012ko hauteskundeei begira proiektu politiko bat planteatu nahi dugu, hizketa fase batean jartzeko. 2014ko herriko bozketak ere ditugu, eta nahiz eta bi eskaintza politiko ezberdin izan, argiak eta aberri ikuspegi batetik begiratuta bateragarriak izan behar dute. Argitasunak ondorioak ekarri ditu hautestontzietan. Estrategia mailan ezberdintasunak baldin baditugu, erran behar dira, gordetzea ez delako on, itxura txarra ematen duelako eta jendea aspertzen duelako. Haatik, estrategia ezberdinak ditugula erraiten badugu, argi utzi behar dugu helburu berdinak direla eta horrantz joan behar dugula. Eta momentu batzuetan ezingo gara zatiturik egon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.