Hirugarren egunez, eta zortzi bozketaren ostean, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberak ez du presidenterik oraindik. Kevin McCarthy da behe ganberako presidente izateko Alderdi Errepublikanoaren hautagaia, baina hogei bat ordezkari errepublikanok ez dute babestu McCarthyren hautagaitza, zenbait desadostasunen ondorioz.
Ganberak ezin du lanean hasi presidenterik gabe, eta, beraz, akordioa lortzeko behar adina bozketa egingo dituzte. Normalean lehen bozketan aukeratu izan ohi dute presidentea. Azken aurrekaria 1923koa da; bederatzi bozketa egin behar izan zituzten presidentea aukeratzeko. Gaur zazpigarren eta zortzigarren bozketak egin dituzte, eta, oraindik iragarri gabe dute noiz egingo duten hurrengoa.
Askatasunaren Taldean bildutako Alderdi Errepublikanoko eskuin muturreko kideek blokeatuta daukate Ordezkarien Ganberako presidente berriaren hautaketa. 218 ordezkariren babesa behar du McCarthyk presidente bihurtzeko, eta Alderdi Errepublikanoak 222 ditu behe ganberan. Hala ere, herenegun 202 ordezkari errepublikanok babestu zuten, eta atzo eta gaur, berriz, 201ek.
Ordezkari ultrakontserbadoreek McCarthyri leporatu diote ez duela nahi haiekin eztabaiden araudiaren erreformarik negoziatu, ezta agintaldi berrian ganberako batzordeen buru izateko izenez hitz egin ere.
Hala ere, McCarthyk gaur saiakera bat egin du Askatasunaren Taldean bildutako ordezkarien babesa eskuratzeko. Negoziazioekin lotutako iturriak aipatuta hainbat hedabidek argitaratu dutenez, McCarthyk
zera baimenduko duela adierazi diehura babesten ez duten ordezkari errepublikanoei: bera presidentetzatik kanporatzeko bozketa bat bultzatu ahalko duela ordezkari bakar batek.
Gainera, iturri horien arabera, McCarthyk ordezkari ultrakontserbadoreei «ziurtatu» die Askatasunaren Taldeko kideek hautatu ahalko luketela Arauen Batzordeko kideen herena. Batzorde horrek kontrolatzen du, besteak beste, zein lege iristen diren Ordezkarien Ganberako osoko bilkurara, eta nola. Gastuen lege proiektuek eztabaida askea izango luketela ere adierazi zien hautagaiak ultrakontserbadoreei, eta edozein ordezkarik proposa litzakeela aldaketak.
Eskaintza horiek nabarmen murriztuko lukete McCarthyren boterea, Ordezkarien Ganberako presidente aukeratuko balute. Gainera, Alderdi Errepublikanoak ez du gehiengorik zabalena behe ganberan: 222 eserleku dituzte errepublikanoek, eta 212 demokratek.
Gaur, zazpigarren bozketa hasi baino lehen, McCarthyk kazetariei esan die lanean jarraituko duela egoera konpondu arte. «Hitz egiten ari garenok irtenbide bat topatu nahi dugu», esan du. Irtenbidea ez du gaur aurkitu, nahiz eta Donald Trump AEBetako presidente ohiak (2017-2022), herenegun, alderdikideei eskatu zien McCarthyren alde egiteko. Hala ere, Trump bera bozkatu duenik ere izan da gaur.
Joe Biden AEBetako presidenteak, berriz, «lotsagarritzat» jo zuen, atzo, errepublikanoen barne zatiketak Ordezkarien Ganberako buruzagi berriaren hautaketa blokeatu izana.