Al-Hoceimako Epaitegiak Rifeko bederatzi ekintzaile epaitu ditu hainbat protesta eta ekintzatan parte hartzea leporatuta, eta atzo gauean eman zuen epaia: urtebete eta hogei urte arteko espetxe zigorrak ezarri ditu. Bati jarri dio urtebeteko espetxe zigorra, hiruri bikoa, lauri hirukoa eta beste bati hogei urteko zigorra. Epaiketa maiatzean hasi zen, 32 lagunen kontra, eta beste 23ak irailean epaituko dituzte, horien kontrako epaiketa atzeratu egin baitute.
Hogei urteko espetxe zigorra Rifeko errepidea itxi eta segurtasun indarren eraikin bat erretzea leporatuta jarri du. Martxoaren 26an atxilotu zuten ekintzaile hori. Hainbat manifestari protesta batetik ari ziren itzultzen, eta, Imzurengo polizia etxearen aurretik igarotzean, epaiaren arabera, harrikatu eta su eman zioten.
Hiru urteko espetxe zigorrak baimendu gabeko manifestazio batean parte hartzeagatik, desobedientziagatik, "armatuta" biltzeagatik, segurtasun indarrak iraintzeagatik eta ondare publikoa hondatzeagatik jarri ditu.
Lehenago ere epaitu izan dituzte Rifeko protestagileak, baina orain eman dituzten espetxe zigorrak bezain gogorrak ez dira izan: hogei hilabete arteko zigorrak izan dira. Rifeko presoek gose grebak egin izan dituzte, baina euren egoera ez da asko aldatu.
2016ko urritik
Rifeko protestak 2016ko urrian piztu ziren, zaborra biltzen duen kamioi batek arrain saltzaile bat zanpatu zuenean. Protesten lehen olatu horretan 200 ekintzaile inguru atxilotu zituen Marokok. Protestagileek honako hauek eskatzen dituzte: atxilotuak askatzeko, unibertsitate bat eta onkologia ospitale bat eraikitzeko, lana sortzeko eta inguru hori desmilitarizatzeko.
Maiatzean egoera oso txarra zela ohartarazi zuten, eta Al-Hoceimatik beste hiri batzuetara zabaldu zen. Azken hilabeteetan, Rifeko Herri Mugimenduko 200 ekintzaile pasa atxilotu dituzte Marokoko segurtasun indarrek, eta AI Amnesty Internationalek salatu du horietako 66 gutxienez torturatu dituztela. Grebak ere izan dira Rifen protestekin bat eginez.
Kalean egoera gogortu egin zen uztailean, eta hil horren 20an Marokoko Poliziak zauritutako gazte bat hil da abuztuan, koman hemeretzi egun eman ostean.