Marco Enriquez-Ominami sozialistak bozen atarian hautagai ofizialistari babesa eman izana mesedegarria izan da, beraz, zentro-ezkerrarentzat, baina ez garaipena emateraino. Piñerak eta Freik bozen aurreneko itzulian izan zuten aldea, dena den, nabarmen murriztu da oraingoan. Lehen itzulia abenduaren 13an egin zuten, eta orduan, botoen % 44 eskuratu zuen hautagai eskuindarrak eta %29,6, berriz, hautagai ofizialistak. Aldea, horrenbestez, 14,4 puntukoa izan zen orduan -Enriquez-Ominamik botoen %20 eskuratu zituen aurreneko itzulian-.
Aurreneko aldiz mende erdian, beraz, irabazi egin du eskuinak prozesu demokratiko baten bidez. Jorge Alessandri izan zen eskuineko azken hautagaia presidentetzarako bozak irabazten -1958an-. Piñerak orain osatu beharko duen gobernuan diktadura garaiko kolaboratzaileak ezarriko ote dituen da une honetan herritar askoren kezka nagusia. Aldaketarako Aliantza osatzen duten bi alderdiek, izan ere, sostengua eman zioten diktadura garaian erregimenari (1973-1990); UDI Batasun Demokratiko Independentea eta RN Berrikuntza Nazionala alderdiek osatu dute koalizioa.
Batasunerako deia
Legebiltzarrean eskuinak gutxiengoan gobernatu beharko duela ohartuta, emaitzen berri izan eta berehala «demokraten arteko batasuna inoiz baino beharrezkoagoa» dela aldarrikatu du Piñerak: «Herrialde on bat izateko ez da aski gobernu on bat izatearekin, oposizio on bat izatea ere beharrezkoa da». Frei, demokrazia lezio bat emanez, igande iluntzean bertan gerturatu zen irabazlea aurrez aurre zoriontzera eta kudeaketa ona izatea desio ziola adierazi zion.
Michelle Bachelet jarduneko presidentea bera ere atzo bertan elkartu zen irabazlearekin «herrialdea aurrerapenen bidetik eramaten jarraitzeko» eskatzeko. Kontzertazio alderdiaren eskuetan egon den lau agintaldietan -demokristauek eta sozialistek tartekatu dute boterea- herrialdeak nabarmen aurrera egin izana aitortzen diote herritarrek Bacheleti; egun %81eko sostengua du -martxoaren 11ra arte egongo da La Monedan-. BPG barne produktu gordina lau aldiz biderkatu da azken hogei urtean Txilen, eta pobrezia tasa, berriz, %13ra murriztu.
Soslaia
Sebastian PiñeraLaborategiko eskuindarra
Pinochetek duela hogei urte utzi zion presidente izateari, eta nire asmoa ez da iraganaren zaintzailea izatea, baizik eta etorkizunaren eraikitzailea». Hitz horiekin diktaduraren mamuak uxatzen saiatu da kanpainan zehar Sebastian Piñera (Santiago, 1949). Augusto Pinochet babestu zutenen gertukoa izateagatik zilegitasuna kentzen saiatu direnen ahots kritikoak isilarazi nahi izan ditu etengabe; izan ere, giza eskubideen alde dagoela eta demokraziarekin konprometituta dagoela berretsi badu ere, errezeloak pizten ditu herritar askoren artean hautagai kontserbadoreak. Piñerak gobernatzeko modu berri bat agindu du, eta, alde horretatik, ustez zentrora egin duen eskuinaren laborategiko hautagaitzat jo daiteke -abortuaren eta homosexualen arteko ezkontzen kontra dago-.Mende erdian lehen aldiz, beraz, eskuinari hauteskundeen bidezko garaipena ematea; horixe da orain arte egin duen ekarpena. Beste lautan lehiatu izan zen presidentetzarako -Michelle Bacheleten kontra duela lau urte-, baina aldaketarako leloak aldarrikatuz eskuinak osatutako koalizioak eman dio azkenean garaipena.
Harvardeko Unibertsitateko Ekonomia doktorea da Piñera. Eta enpresaren alorrean izan du orain arte arrakasta handiena, politikaren eta negozioen artean interes gatazkarik ez dagoela zehaztu behar izateraino -senataria izan zen aurretik-. LAN hegazkin enpresako akziodun handiena da -Txileko gizon aberatsenetakoa da, mila milioi dolar dituela esaten baita-. Colo Colo futbol taldeko eta telebista kate bateko jabea ere bada -bere enpresek gora egin dute burtsan-.
Piñera ezkonduta dago eta lau seme-alaba ditu. Katolikoa da eta langile fina eta metodikoa izatea aitortzen diote. Haren musika zaletasuna aintzat hartuta eskuineko politikari atipikoa da; izan ere diktaduraren kontrako borrokaren ikur bilakatu ziren abeslariak ditu gustuko: Violeta Parra, Joan Baez eta Bob Dylan, tartean. K. B.