Hollande: «132 urtez kolonizazio anker eta bidegabe bat jasan zuen Aljeriak»

Mina egin izana aitortu du Frantziako presidenteak, eta «konforme» agertu da Aljeriako Gobernua

Xabin Makazaga.
2012ko abenduaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Frantzia eta Aljeria benetan adiskidetzeko amets historikoa errealitate bihurtu nahian, bi eguneko bisita egin du François Hollande presidente frantziarrak kolonia izandako lurraldeetara, independentzia gerra amaitu eta 50 urtera. «Aro berri bat» hasteko asmoarekin joan da, eta 132 urtean Frantziak Aljerian aginte sistema «arras bidegabe eta anker bat» izan zuela onartu du. «Sistema horrek izen bat dauka: kolonialismoa. Herri aljeriarrari sufrimendua eragin izana aitortzen dut».

Valery Giscard d'Estaing izan zen Aljeriako independentzia gerraren ostean (1954-1962) kolonia ohia bisitatu zuen lehen presidente frantziarra, arrakastarik gabe. Saio gehiago egin zituen François Mitterrandek, baina fruitu esanguratsurik lortu gabe. Jacques Chiracek, bide bera ibiltzen ahalegindu zen arren, zubi guztiak hautsi zituen 2005ean, kolonizazioaren onurak goraipatzean.

Nicolas Sarkozyrekin egoerak okerrera egin zuen, agintaldi hasiera itxaropentsu batean Mediterraneorako Batasuna ikurtzat hartu zuen presidentea, kargua uzterako etorkinen eta musulmanen etsai gisa ikusia baitzen. Eta Gerard Longuetek, Sarkozyrekin Defentsa ministro izandakoak, Frantziak barkamena eskatzea nahi duten aljeriarrak sutu egin zituen berriki, besoak gurutzatuta keinu iraingarri bat eginez. Ordurako, Hollandek keinu argiren bat egina zien aljeriarrei, 1961ean Parisen manifestari aljeriarren aurka Poliziak egindako oldarraldia «errepresio odoltsua» izan zela onartu baitzuen Frantziako Gobernuak. Poliziari ehun manifestari baino gehiago hil izana leporatzen diote aljeriarrek.

Setif, Guelma eta Kherrata

Orain, kolonizazioak utzitako zauriak itxi nahi ditu Hollandek. Aljeriako Ordezkarien Ganberan onartu du Frantziak «132 urtean» aljeriarrei samina eragin izana, 1945eko maiatzaren 8ari aipamen berezia eginez. Independentzia aldarrikatzen ari ziren milaka aljeriar hil zituzten tropa frantziarrek Setif eta Guelma hirietan, II. Mundu Gerra amaitu zen egunean bertan. «Munduan askatasuna eta justizia garaitzen ziren egunean, Frantziak huts egin zien bere balio unibertsalei». Setifekoa eta Guelmakoa ez ziren, ordea, gerra deklaratu aurretik Aljeriako independentistek jasandako sarraski bakarrak izan; Kherratan ere antzeko gertakariak izan ziren, eta guztiak ekarri ditu gogora Frantziako presidenteak, Aljeriako parlamentarien aurrean eginiko hitzaldian.

Historia kontatu egin behar dela argudiatu du Hollandek Aljerian, «zoritxarrekoa eta mingarria» izan arren: «Oroitzapen guztiak errespetatu behar ditugu, eta gertatu ziren indarkeria, bidegabekeria eta torturak zabaldu. Ahanzturaren gainean ez da ezer eraikitzen».

Aljerian badaude kolonizazio garaiagatik Frantziak barkamena eskatzea galdegiten duten mugimenduak, baina Hollandek bere modura askatu du korapilo hori: «Egiak batu egiten du, ez zatitu. Hobe da egia esatea, barkamena eskatzea baino».

Aljeria «konforme» geratu da

Aljeriako Gobernua «konforme» utzi du François Hollanderen atzoko hitzaldiak. Mujahidinen ministro Mohamed Xerif Abbasek onartu du Frantziako presidentearen hitzak «hurbildu» egiten direla, «geuk nahi dugun gisan», Frantziak kolonizazio garaian herri aljeriarraren aurka eginiko krimenen aitortzara. Hollandek «hitzaldi baikorra eta ona» egin duela adierazi du Xerif Abbasek.

Murad Medelci Aljeriako Atzerri ministroak ere begi onez hartu du Hollanderen adierazpena: «Ez du ezkutatu iragana, ezta etorkizuna ere. Sistema kolonialaren bidegabekeria eta herri aljeriarraren sufrimendua ezarri ditu bere hitzaldiaren oinarrian». Medelcik nabarmendu du, halaber, Hollandek «bakearen kultura eta bestearekiko errespetua» aintzatetsi dituela: «Oinarri horien gainean altxatzen da Aljeria».

Etorkinen «umiliazioa»

Kolonialismo garaiak Frantzian eta Aljerian utzitako zauri zaharrak ixtea izan da Hollandek eginiko bidaiaren helburu nagusia. Abdelaziz Buteflika presidente aljeriarra ere «estatu bidai batean» Frantziara joatera gonbidatu du. Baina zaurien orbanak agerian daude oraindik, eta egunerokotasunean azaleratzen dira. Orban zahar horietako bat, migrazio fluxuak eta etorkinen bisak arautzen dituen akordioa da. 1968tik dago indarrean, eta berrituko duenik ez du esan Hollandek; baina bisa eskatzen duten aljeriarrak hobeto hartuko dituztela agindu du, «trabak eta umilazioak saihesteko».

Frantzia eta Aljeria artean «ikasle, enpresaburu, artista nahiz familien joan-etorriak» mantendu eta, are, ugaritzea nahi duela argudiatu du Hollandek, «harreman horiek baitira gure bi herrialdeak bata bestearengana hurbiltzen dituenak». Etorkizunean Aljeriak frantziarrei ateak zabalduta jarraituko duen itxaropena agertu zuen Hollandek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.