«Hollandek eskuinera egin al du?». Le Monde egunkariak egindako galdera da, François Hollande PS Alderdi Sozialistako hautagaiak immigrazioaren inguruan atzo botatakoengatik. Hollande «immigrazio ekonomikoa» deitu duena gutxitzeko prest agertu da, eta krisi garaian hori egitea «beharrezkoa» eta «funtsezkoa» dela azaldu du. Adierazpen horiek FN Fronte Nazionaleko hautesleei egindako keinutzat interpretatu ditu Le Monde-k. Izan ere, azken egunetan Nicolas Sarkozy presidenteak immigrazio eta segurtasun arloko diskurtsoa are gehiago gogortu du lehen itzulian eskuin muturrari botoa eman zioten sei milioi eta erdi lagunen sostengua lortzeko. Marine le Pen FNko hautagaiak «soilik» bere aldekoen botoekin gelditu nahi izatea egotzi die biei. FG Ezkerreko Fronteko hautagai Jean-Luc Melenchonek, berriz, UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasunak eta FNk sortutako «arazo faltsuetan» ez erortzeko eskatu dio Hollanderi.
Ofizialki atzo hasi zen Frantziako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzuliko kanpaina, nahiz eta aste osoan ekitaldi, elkarrizketa eta adierazpen andana egin dituzten lehenbiziko itzulia gainditu zuten bi hautagaiek. Eskuin muturrak emaitza ona lortu zuen lehenbiziko itzulian, eta, espero bezala, bigarrenerako kanpaina baldintzatuko duen faktorea bilakatu da hori. Logikoki, Sarkozyk erreparo ideologiko gutxiago izan ditu eskuin muturreko hautesleen gustuko adierazpenak eta proposamenak egiterakoan. Inkestetan gibeletik joateak ere hautesle horien bila joateko beharrizan handiagoa sortu dio, baina Hollande ere hasi da haiengana hurbiltzen.
Duela egun batzuk ulermena eskatu zuen FNri botoa eman ziotenenganako, «haserrearen» botoa zela interpretatuz —horietako anitz «ezkerrekoak» zirela ere erran zuen—. RTL irratiari atzo emandako elkarrizketan, baina, gai zehatzagoetan sartu zen. Immigrazio Bulegoaren arabera, 2010ean arrazoi ekonomikoengatik legez heldu ziren 30.000 etorkin inguru hartu zituen Frantziak. Horien kopurua 20.000ra jaitsi nahi du Hollandek, krisi ekonomikoa dagoela argudiatuta. Legez kanpoko «immigrazio ekonomikoaren» aurka, berriz, «borroka» eginen duela hitzeman du.
Hollande, irudia gogortuz
Immigrazioa kanpainako gai nagusietako bat bihurtu den arren, bertzelako hainbat auzitan ere Hollandek irudi gogorra agertu nahi izan duela nabarmendu dute Frantziako hedabideek. Burka eremu publikoetan debekatzeko legea, adibidez, mantendu eginen duela adierazi du PSko hautagaiak, eta araua «ahal den hobekien» aplikatuko duela. Kalamua legeztatzeko aukerak, berriz, «tabua» izaten segitu beharko lukeela berretsi du Hollandek. Hauteskundeen lehen itzulian azaleratu zen gaia, PSko hautagaiaren aholkulari bat kalamuaren kontsumoa delitutzat hartu baino lehenago isun batekin ordezkatzearen alde agertu zenean.
Saint-Denisko poliziaren kasua izan da Hollanderen gogortasuna neurtzeko bertze irizpide bat. Epaile batek nahita egindako giza hilketa leporatu dio Paris ondoko hiri horretako polizia bati, lagun bati jazarka ari zela bizkarretik tiro egiteagatik. Agenteak bere burua defendatzeko egin zuela argudiatu du, eta Parisko eta inguruko hiriguneetako poliziak haren alde mobilizatu dira. Sarkozyk berehalakoan baliatu du gertaera hori, eta Polizia babesteko «bidezko defentsarako» lege bat proposatu du; hain zuzen, FNk bere programan proposatutako legea. Tiro egiteko babesa emanen lioke horrek Poliziari. Hollande ez da hain urruti joan, baina akusatutako agenteari babes osoa agertzeaz gainera, Poliziaren «babes administratiboa» handitzearen alde mintzatu da.
Hollandek eskuin muturrari begira egindako adierazpenak ez ditu ongi hartu Melenchon ezkertiarrak. Lehen itzulian laugarren gelditu zen, botoen %11rekin, eta bigarren itzulirako Sarkozyren aurkako deia egin du. Maiatzaren 6ari begira, Hollandek bihar eginen du lehen mitin handia, Paris-Bercyko kirol jauregian —17.000 lagun espero dituzte—, baina Melenchonek uko egin dio gonbidapenari. «Kanpaina autonomoa» egin nahi duela jakinarazi du Clementine Autain-ek, FGko bozeramaileak. Heldu den ortziralean ekitaldi handi bat egitekoa du FGk Parisko Stalingrad plazan.
Izan ere, bigarren itzulitik kanpo gelditu arren, Sarkozyren aurka kanpaina aktiboa egiten ari da Melenchon. L'Humanité egunkari komunistak Vichyko Gobernuko buruzagi Philippe Petain mariskalarekin konparatu du —nazien laguntzaile izan zen Petain—. «Komunista batek faxistatzat hartzea ohore bat da», erantzun zuen Sarkozyk biharamunean. Melenchonen arabera, esaldi hori «hitzez hitz» Pierre Laval nazien aldeko politikariarena da, eta kolaborazionisten erranak zergatik erabiltzen dituen argitzeko eskatu dio Sarkozyri. Presidentea, ordea, kexu agertu zen atzo Dijonen egindako ekitaldian, eta bere aurka « oinarririk gabeko prozesu estalinista» bat abiatu dutela salatu du.
Sei milioi botoren «gatibu»
PStik, FNtik eta FGtik kanpo ere, eskuinetik agertu dira Sarkozyren aurka egin duten ahotsak. Dominique de Villepin alderdikide ohia eta presidentearen etsai minak adierazi du «beldurtuta» dagoela Sarkozyren kanpainarekin. FNk hartu duen garrantzia kritikatu du lehen ministro ohiak Le Monde-n idatzitako artikuluan. Haren arabera, «Frantziako herria haserretutako sei milioi hautesleren gatibu» bihurtu da, eta bi hautagaiei eskatu die ez mintzatzeko soilik eskuin muturraren interesekoak diren gaiez. Jacques Chirac presidente ohiak eta De Villepinen mentoreak Hollanderentzat eskatu du botoa.
François Bayrou Modemeko hautagaiak, berriz —botoen %9 lortu zuen lehen itzulian—, ez du bere hautesleentzat botorako deia zehaztu. Erabakia Hollandek eta Sarkozyk asteazkenean eginen duten eztabaidaren ondoren hartuko duela jakinarazi du.
Hollandek immigrazioaz gogor hitz egin du, FNren botoei begira
Frantziara arrazoi ekonomikoengatik heltzen direnen kopurua jaitsi nahi duela erran du, «beharrezkoa» delakoDominique De Villepinek adierazi du Sarkozyren kanpainak «beldurtuta» daukala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu