Egunetik egunera François Hollandek kezkatzeko arrazoi gehiago dauzka, baina azkenean amaitu dute kanpaina, eta, beraz, inkesten burrunba isiltzeko ordua da, botoa nori eman gogoeta egitekoa. Orain, bihar arte itxarotea besterik ez dago emaitzak jakiteko, baina atzo bertan argitaratutako inkesten iragarpenak kezkatzeko modukoak dira: Nicolas Sarkozy François Hollanderengandik inoiz baino gertuago dago, nahiz eta oraindik ere Hollande jotzen duten guztiek garailetzat. Denborak presidentearen alde egin du.
Hauteskundeak izan baino 48 ordu lehenago argitaratutako inkestetan, sozialistak bost edo sei puntuko aldea du soilik, etaIfop-ek egindakoak, berriz, denboran azkenak —atzo 18:00etan—, lau puntuko aldea ematen du: Hollandek botoen %52 eskuratuko ditu, eta %48 Sarkozyk. Horregatik, Frantziako presidentea ez dago azken-azkenera arte amore emateko prest.
Haserre, inkesten egiatasuna zalantzan jarri du, irakurketa interesatuak direlako, pertzepzioari eragiten diotelako. Haren ustez, «hutsagatik» erabakiko dira bozak, eta ez dago jakiterik nork irabaziko dituen. Lehen itzulian gertatu zena hor dago: inkestek iragartzen zuten baino emaitza hobeak eskuratu zituela gogorarazi du.
Azken unera arte zer egingo duten ez dakitenengan dago orain interesa, boto-emaileen %15ek ez baitaukate oraindik erabakia hartuta. Lehen itzulian François Bayrou zentristaren eta Marine Le Pen eskuin muturreko ordezkariaren alde egin zutenen artean daude horiek—Jean-Luc Melenchonen ia denak Hollanderen aldera joango dira—. Adituek ezustekoaren elementua ez dute baztertua. Sarkozyk ez du dena galdua, horien ustez.
Herenegun eta atzo ateratako inkestek, dena den, ez dute joera aldaketarik iragarri. Garaipena, presidentetzarako bozen historian egon den alderik txikienarekin eginda ere, sozialistena da, baina inkestak inkestak dira. Dena den, azken orduan François Bayrouk Hollanderen alde egingo duela esan izanak zaildu egin dio presidenteari goranzko bidea. Gauza bat da, hala ere, Bayrouk zer egingo duen, eta beste bat hari botoa eman diotenek zer jarrera izango duten. Hautu pertsonala da Bayrourena, eta haren boto- emaileen joera Sarkozyren aldekoa da, edo abstentzioarena.
Inkestak inkestak baino ez direla gogorarazten igaro du kanpaina osoa Sarkozyk, are gehiago azken egunak; «sistema politiko-mediatiko bati lotutako pentsaera bakarrak» sustatuak direlako. Haserre dago presidentea, galtzaile izan baino lehen galtzailetzat jotzea ezin jasan. Biktimarenean ere jarri du bere burua. «Frantziako herria ez da inoiz egunotan bezala sentitu, irainduta, manipulatuta». Errespetu falta nabaritu du presidenteak.
Eta horri aurre egiteko «gehiengo isilari» dei egin dio, botoa bere alde eman dezan. Gehiengo isilaren elementua kanpainako azken txanpan behin eta berriz atera duSarkozyk. Talde horretan sartzen ditu botoa Marine Le Peni eman zioten 6,5 milioi herritarrak. «Sufritzen ari diren 6,5 milioi hautesle» dira Sarkozyren ustez, eta haren beharrak entzungo dituela agindu du, emaitzetan aldaketa boto horietatik etorriko zaiolako. Haien botoa bereganatzeko mezua argia izan da: Schengengo Ituna aldatu beharraz aritu da, Europako herrien arteko mugak, «gure arteko mugak» irekita mantendu nahi ditu, baina ez «Europaren eta munduaren artekoak». Eta horrez gain, Zapateroren Espainia aipatu du berriz ere botoa sozialistei emateak izan ditzakeen arriskuak gogorarazteko: zazpi urteko gobernu sozialistaren ondorioz espainiarrek langabeziarekin eta pentsioen murrizketekin ordaindu behar izan dutela nabarmendu du.
Bayrouren erabakia
Immigrazioarekin Sarkozyk eskuin muturreko botoa bereganatu nahi horrek eraman du François Bayrou Hollanderen alde egitera, uste duelako presidenteak etorkinen eta mugen inguruan agertu duen joerak frantziarrak elkarren aurka jartzeko arriskua sor dezakeela. 2007an jakinarazi zuen botoa ez ziola Sarkozyri emango, baina ez zuen Segolene Royal orduko hautagai sozialistaren alde egingo zuela esan.
Sarkozyrentzat, Bayrouren erabakia «koherentzia falta» besterik ez da, boto-emaile asko galdu duenaren «sumindura» ere bai, baina2007an ere bere kontra egin zuenak ez zuen presidenteak irabaztea saihestu. Horretan jarri du indarra berak, eta haren ingurukoek ere ez dute haserrea ezkutatu. Albistea jakin bezain laster «moralgabe» deitu diote gobernu kontserbadoretan ministro izandakoari.
Sarkozyrentzat ez bezala, Hollanderentzat berri ezin hobea izan da Bayrouren erabakia; izan ere, inkestekin «erabat kezkatuta» baitago. Espero du botoa Bayrouri eman ziotenek ere Sarkozyren jarrera aztertzea erabakia hartu aurretik, eta etxean ez geratzea.
Hollandek abstentzioaren aldeegitea pentsatzen ari direnak izan ditu gogoan, eta eskuinaren mezu erasokorren kontra egin dezatela eskatu die. «Gehiengo handia» nahi du «banaketaren aurka», beste modu batera pentsatzen dutenak batzea. Inkestek jaso duten murrizketaren aurrean mobilizaziora deitu du. «Gustatuko litzaidake frantziarrak masiboki joatea aukeratzera, eta ez etxean geratzea nire hautagaitza ziurtzat jotzen dutelako. Haiengatik bestea ateratzeko arriskua saihestea eskatzen diet».
Bi hautagaien taldeak asteleheneko bilera prestatzen ari dira jadanik; irabazi edo galdu, zer esan eta nola ekin prestatzen. Bihar 20:00etan emango dituzte emaitzak.
Frantziako presidentetzarako hauteskundeak
Hollanderekiko aldea estututa amaitu du kanpaina Sarkozyk
Hollandek irabaziko ditu bozak, inkesten arabera, baina oraindik botoa erabaki ez dutenek ezustekoa eman dezaketeHollande «kezkatuta» dago inkestengatik, eta Sarkozy, «haserre, interesatuak direlako»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu