Lehen alarmak piztu eta 16 minutura jo zuen lurra tornado batek Oklahoman (AEB), eta, 40 minutuan, hondamendia eragin zuen, 32 kilometroko txikizio zerrenda bat utziz. Atzo, dena den, «berri onak» zituen Amy Elliotek, Oklahomako Auzitegi Medikuen Bulegoko buruak: «Zenbaki zuzena 24 da». Astelehen gauean, izan ere, EF4 indarreko tornadoak Moore herrian 51 lagun hil zituela zabaldu baitzuten agintariek. Eta hilak 40 gehiago izan zitezkeen susmoa ere agertu zuten. Kaosak nahastea eragin, eta erregistroa bikoiztu egin zutela argitu zuen gero Elliotek. Horregatik da «berri ona» 24 lagun hiltzea, nahiz eta zerrenda handitu egin daitekeela onartu.
Hondamendia, baina, handia izan da Oklahoma hiriaren hegoaldean. Fujita eskalako gradurik handienetan bigarrena (EF4) eman diote ia bi kilometroko diametroa izan duen tornadoari, eta haizea orduko 200 eta 300 kilometro arteko abiadan ibili du. 24 hildakoez gain, zaurituak ehunka izan dira, eta 230 baino gehiago dauzkate ospitalean, larri. Tornadoak bi eskola eraitsi ditu Mooren —zazpi haur daude hilen artean—, eta zaurituetako asko eskola umeak dira. Eraitsitako etxeak, egur oholez eginak, 300 baino gehiago izan dira.
Bereziki suntsigarria izan da Oklahomako tornadoa, haizeak halako indarra kasuen %1ean soilik hartzen duela azaldu baitu AEBetako Meteorologia Zerbitzuak. Moore, hala ere, lehendik marka ezarritakoa da, 1999ko maiatzaren 3an haizea 486 km/h abiadan ibili baitzuen tornado batek; halako kasu batean inoiz neurtu den abiada handiena. Orduko hartan, 46 lagun hil ziren Oklahoman eta Kansasen, baina eraitsitako etxeak 10.000 inguru izan ziren.
Obamaren mezua
Oklahomako tornadoa AEBetako «suntsigarrienetakoa» izan dela adierazi du Barack Obama presidenteak, eta hondamendi eremu izendatu du erdialdeko estatua. «Gauaren ilunean» erreskate lanetan aritu diren herritarrei eskerrak eman, eta nazio gisa «bizirik irten direnez» arduratzea egokitzen zaiela nabarmendu zuen. Halaber, behar diren laguntzak helaraziko dituztela erantsi zuen.
Aurreko astetik 48 bat tornado izan dira AEBetan, eta Texasen sei lagun ere hil ziren.
Hondamendia Oklahoman
Gutxienez 24 lagun hil ditu tornado batek AEBetan, 230 baino gehiago larri zauritu, eta 300 etxe eraitsi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu