Urte gogorra izan da Spyros Galinos (Atenas, 1952) Lesbosko alkatearentzat. Egun batetik bestera, inoiz ikusi gabeko krisi humanitario bati aurre egin behar izan dio, eta Lesbosko herritarren elkartasunak inoiz ikusi gabeko erantzuna eragin du. 2015ean 550.000 errefuxiatu iritsi ziren Greziako uharte horretara. Une batzuetan, etorri berriak Lesbosko herritarrak baino gehiago ereizan ziren. Orain, etsipenez eta haserrez jasotzen ditu Bruselatik datozen erabaki berriak. Galinosek irizten dio etorrerak gutxitu egingo direla; ez, ordea, itsasoan hiltzen diren iheslarien kopurua.
Lesbos izan da Balkanetako ibilbidearen atea, baina, mugak itxi ondotik, Lesbos bihurtu da deportazioen hasierako puntua. Nola bizi dituzu EBaren azken erabakiak?
Oso gogorra izan da. Guk argi daukagu errefuxiatuek ez dutela Grezian geratu nahi, baina ehunka pertsona ikusi ditugu Egeo itsasoan hiltzen. Europaren geldotasunak biziki haserretu gaitu, baina Bruselatik iritsi diren azken erabakiak jasangaitzak dira. Harrera zentroak atxilotze esparru bihurtu dituzte, eta Turkiako Poliziaren eta agintarien esku utzi dute iheslarien segurtasuna. Egun 52.000 pertsona baino gehiago daude Grezian harrapatuta. Duela urtebete nork pentsatuko zuen Europaren bihotzean errefuxiatuen esparruak ikusiko genituela? Krisi humanitarioaLesbostik Idomenira zabaldu da orain. Egoera errotik aldatu da, eta Bruselako burokraten erabakiak atzetik datoz. Hondoratze guztiak saihestu zitezkeen, baina hipokrisia gailendu da.
EBren eta Turkiaren arteko akordioa martxan jarri da, baina deportazioek ez dute geratu iheslarien etorrera. Ankarako gobernuarekin fidatzen al zara?
Errefuxiatu gutxiago iristen dira orain. Iragan irailean eta urrian eguneko 5.000 pertsona inguru heltzen ziren Lesbosera. Orain eguneko 200 bat etortzen dira. Uste dut datozen hilabeteetan behera egingo duela Egeoa gurutzazen duten errefuxiatuen kopuruak. Turkiak zin egindako puntuak errespetatu behar ditu Bruselak eskaini dizkion 6.000 milioi euroak jasotzeko. Baina horrek ez du esan nahi asilo eskatzaileek amore emango dutenik. Beste ibilbide batzuk hartuko dituzte. Eta, zoritxarrez, itsasoan hiltzen jarraituko dute. Egunotan gutxi mintzatzen gara Lanpedusari buruz, baina Siziliako kostetara milaka pertsona iritsi dira azken asteetan.
Bartzelonako eta Lampedusako alkateekin batera hitzarmen bat sinatu duzu hiriek larrialdi egoera honi beste erantzun bat eman diezaioten. Zertan datza?
Ez gaude ados Bruselaren politikekin. Ada Colau eta Giusepinna Nicolinirekin batera udalerri solidarioen sare bat osatu nahi dugu. EBren azken erabakiek trafikatzaileen esku utzi dituzte errefuxiatuak. Guk proposatzen duguna da, burokrazia zurrunetik harago, hiriek iheslariak ekartzeko agintea izan dezatela. Horretarako, korridore humanitario seguruak sortu beharko lirateke. Hiriek eskumena izan beharko lukete lekualdatzeak egiteko. Arazoa da EBren programa gaindituta dagoela, eta herrialde askok errefuxiatuen etorrera blokeatu dutela. Europako hamaika hiri prestatuta daude iheslariak jasotzeko, baina ez dira iristen.
Zenbat gastatu du Lesbosko Udalak larrialdi egoera honi aurre egiteko?
Nahiago dut datu horiek ez eman, baina esango dizut Europak bakarrik utzi gaituela. Udal aurrekontuen herena errefuxiatuen krisiari aurre egiteko erabili dugu. Halare, hori guztia ezinezkoa izango litzateke Lesbosko herritarren elkartasunik gabe. Haiek dira benetako heroiak. Arrantzaleek, ikasleek, erretirodunek... denek bat egin dute. Lesbostarren iturri ekonomiko nagusia turismoa da, baina, milaka iheslari etorri ondotik, erreserba asko bertan behera geratu dira. Turismo sektorearentzat errefuxiatuen irla bilakatu gara, eta horrek min handia egin digu. Baina, zorionez, herritarrei ez zaie piztu iheslarien kontrako sentimendurik.
Bakearen Nobel saria irabazteko proposatu dituzte...
Eta merezi dute aitorpen hori jasotzea. Ez bakarrik lesbostarrek. Kos, Kios eta Samos uharteetako herritarrek ere ahal zuten guztia egin dute.
Datorren larunbatean Frantzisko aita santuaren bisita jasoko duzue. Kutsu politiko handia daukan bidaia erlijiosoa da.
Albistea ezustekoa izan da guretzat. Aspaldi bidali genion Lesbosera etortzeko gonbidapena, eta, Lampedusarekin egin zuen bezala, elkartasuna erakutsi nahi izan digu. Uste dut ez dela kasualitatea aita santua deportazioen garaian etortzea. Bergogliok aho betez salatu du ate itxien politika, eta haren bisitak kontzientzia asko astinduko dituelakoan nago.
Spyros Galinos. Lesbosko alkatea
«Hondoratze guztiak saihestu zitezkeen»
Krisi humanitarioa Greziako uharteetatik beste eremu batzuetara zabaldu dela uste du Galinosek. Lesbosko alkateak Europako Batasunaren «geldotasuna eta hipokrisia» salatu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu