Iragan otsailaren 11n Hosni Mubarakek boterea utzi zuenetik protesta gogorrenak lehertu dira Egipton. Urtarrilean eta otsailean gertatu bezala, milaka lagunek Kairoko Tahrir plaza hartu dute berriz ere, Mubarak eta haren ingurukoak epai ditzatela eskatzeko. Plaza herenegun okupatu zuten manifestariek, baina larunbat goizaldean armadak indarrez hustu zuen, eta gutxienez lagun bat hil zuen. Manifestariek, ordea, ez dute etsi, eta urte hasierako matxinadaren elkargune nagusia okupatu dute berriz ere.
Osasun Ministerioak onartu du lagun bat hil dela istiluetan eta bertze 71 zauritu direla. Ospitaleetako iturriek diote hildakoak bi direla eta biak balaz hil dituztela. Urtarrilaren 25eko Gazteen Koalizioko kide Husam Abdelatifek hiru hildako aipatu ditu. Agintariek hildakoaren berri eman baino lehen, armadak ukatu egin du inor hil duela, eta tirorik ez duela egin erran du —soilik negar eragiteko gasa bota dutela adierazi du—. Manifestariek salatu dutenez, baina, goizaldeko etxeratze agindua hasi denean militarrak Tahrirren agertu dira ibilgailuetan, eta airera tiroka hasi dira. Borra elektrikoekin jendea jo dutela ere erran dute. Armadak, ordea, manifestari talde batzuei egotzi die istiluak sortu eta etxeratze agindua haustea. Manifestariek harriak jaurti dizkiete soldaduei, eta barrikadak eraiki dituzte. Ibilgailu batzuei ere su eman diete.
Ofizialak protestarekin bat
Abdelatifek dioenez, armadako hainbat soldadu eta ofizialek bat egin zuten Mubaraken aurkako mobilzizazioarekin, eta militarrak Tahrirrera ailegatu zirenean, zuzenean armadako kideak atxilotzera joan ziren. Horrek piztu zituen istiluak, Urtarrilaren 25eko Gazteen Koalizioko kidearen arabera.
Mubaraken erregimenaren matxinadaren aurkako sustatzaile nagusienetako batek ere, Apirilak 6 Mugimenduak, berretsi du «manifestari baketsuak» plazan gelditu direla armadako ofizial horiekiko «elkartasunez». Militarren errepresioarengatik «kezka» agertu du. Gertatutakoa iragan urtarrilaren 25eko arratsarekin alderatu du, «aitzineko Barne Ministerioaren indarrek tiroak eta negar eragiteko gasa jaurti» zituztenekoarekin. «Iraultzaren» oinarrizko eskaria Mubaraken eta haren goi kargudunen aurkako epaiketa egitea dela aldarrikatu du Apirilak 6 Mugimenduak.
Hosni Mubarakek boterea utzi zuenetik protesta gogorrenak izan dira Egipton
Mubarak epai dezatela eskatzeko, hiriburuko plaza hartu dute milaka lagunek, eta soldaduek tiro egin diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu