«Neurrigabeko politikak» aplikatzen dizkiete Israelgo agintariek palestinarrei, HRW Human Rights Watch giza eskubideen aldeko erakundeak salatu duenez, eta horiek «gizadiaren aurkako apartheid eta jazarpen krimenak eragiten dituzte». Israelek palestinarrei ematen dien tratuaren inguruko txosten bat argitaratu du gaur erakundeak, eta ondorioztatu du Israelgo Gobernuak «sistematikoki» pribilegioak ematen dizkiela Israelgo juduei, eta palestinarrak «erreprimitu» egiten dituela. Gobernuaren «politika orokorraren» barruan kokatu du erakundeak palestinarren aurkako jazarpena, eta azaldu du «haiekiko nagusitasunari eustea» duela xede. Egoera hori lurralde okupatuetan gogorragoa dela gaineratu du, Jerusalem ekialdean barne.
HRWren arabera, aginte goren bakarra Israelgo Gobernua da Jordan ibaiaren eta Mediterraneo itsasoaren artean, nahiz eta gutxi gorabehera tamaina berekoak diren bi herriren bizilekua izan, eta Israelgo juduen nagusitasunari bide ematen dio horrek.
«Ahots entzutetsuek hainbat urtetan ohartarazi dute apartheida kantoiaren beste aldean egon daitekeela, Israelgo Gobernuak palestinarrekiko duen tratua aldatzen ez bada. Ikerketa honek erakusten du Israelgo agintariek dagoeneko igaro dutela kantoia, eta gizadiaren aurkako apartheid eta jazarpen krimenak egiten ari direla», esan du Kenneth Roth HRWren zuzendari exekutiboak, txostenaren aurkezpenean. Apartheid terminoarekin lotutako ezaugarriak zein diren ere gogora ekarri du erakundeak, ikerketaren emaitzak argitzeko: «Talde arrazial baten nagusitasunari eusteko ahalegina, talde dominatzaile baten jazarpen sistematikoa baztertutako beste talde batekiko eta gizatasunik gabeko ekintzak».
Identifikatutako krimenak Israelen eta lurralde okupatuetan gertatzen direla zehaztu du erakundeak, eta bigarren kasu horretan jazarpen sistematikoa eta gizatasunik gabeko ekintzak ere jasaten dituztela palestinarrek. Hori ondorioztatzeko, kasu jakinetan, gobernuen plangintzetan, funtzionarioen adierazpenetan eta beste zenbait iturritan oinarritu dela azaldu du erakundeak. Horrez gain, Israelgo Gobernuarekin kontaktuan jartzen ahalegindu zela azaldu du, 2020ko uztailean, hark ikertutako gaiaren inguruan duen ikuspegiaren berri izateko, baina ez zuela erantzunik jaso.
«Bazterkeria instituzionala» hainbat modutan egiten du Israelek, HRWren ustez, eta horien artean kokatu du «nagusitasun demografikoa» mantentzeko egiten duen ahalegina. Jerusalemgo kasua nabarmendu du, eta azaldu «hirian gehiengo judu sendo bati eusteko» helburua zehaztua dutela herriko agintariek, eta, are, datozen urteetan hirian talde etnikoek izan beharreko «proportzio demografikoaren» aurreikuspenak ere eginak dituztela.
«Nagusitasunari eusteko» neurritzat ditu HRWk palestinarrei etxebizitzak egiteko baimenak ez ematea eta milaka etxebizitza eraistea, baimenik ez dutela argudiatuta. «Segurtasuna aitzakiatzat erabiltzen dute helburu demografikoak lortzeko», zehaztu du erakundeak txostenean.
Azken urteetako kasuei erreparatuta, erakundeak bereziki nabarmendu ditu 2018an Israel «herri juduaren estatu-naziotzat» hartzen duen lege konstituzional bat onartu izana, Zisjordaniako kolono israeldarrei abantailak ematen dizkien legeak onartu izana eta lurralde okupatuetan azpiegitura eta eraikin geroz eta gehiago egiten aritzea.
Eskaerak
Eskubide urraketak zerrendatzeaz gain, horiekin amaitzeko moduez ere aritu da HRW. «Judu israeldarrei palestinarrekiko pribilegioak ematen dizkieten errepresio eta diskriminazio forma oro deuseztatzeko» eskatu dio Israeli.
Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskaltzari ere zuzendu zaio, eta eskatu dio «ikertzeko eta epaitzeko apartheid eta jazarpen krimenetan inplikatuta daudenak». Auzitegi horretako fiskalburu Fatou Bensoudak iragan martxoan jakinarazi zuen ikerketa bat abiatuko dutela Palestinako lurretqan gerra krimenik izan ote den argitzeko.
Halaber, gobernuek ere erantzukizuna dutela uste du, eta herrialde bakoitzeko legearen barruan Israeli «zigorrak» jartzeko eskaera egin die. Aipatutako krimenetan parte hartu izan duten funtzionarioei euren herrialdeetara bidaiatzea eta aktiboak izoztea proposatu die.