EKONOMIA

HSBC bankuak milaka bezerori zergak saihesten lagundu ziela azaleratu dute

30.000 kontu aztertu dituzte, guztira 105.000 milioi euro inguru zituztenak. Kirolari, artista eta enpresari ugari daude iruzurgileen zerrendan; informazioa argitaratu duten hedabideek gaurtik aurrera emango dute zerrenda osatzen duten izen-abizenen berri.

HSBCren egoitza bat, Londresen. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE
jon olano
2015eko otsailaren 9a
14:34
Entzun

2010ean, HSBC Private Bank Suisse bankuko langile ohi batek, Herve Falcianik, ezkutuko kontuei buruzko informazioa eman zien Frantziako agintariei, eta Ikerketa Kazetarien Nazioarteko Elkarteak ikertu du nortzuek egin zioten izkin zergak ordaintzeari. Herrialde ugaritakoak dira bankuaren Suitzako adarrean dirua ezkutuan zutenak, eta gaurtik aurrera ezagutaraziko dute zerrenda.

Izen-abizen batzuk jakinarazi dituzte, hala ere. Horien artean leudeke Marokoko errege Mohamed VI.a, John Malkovich aktorea, Tina Turner eta David Bowie kantariak eta Michael Schumacher eta Fernando Alonso 1 Formulako pilotuak eta Emilio Botin Santander bankuko presidentea zena.

Munduko banku handienen artean bigarrena da HSBC, eta hedabide ugarik eman dute ikerketaren berri; tartean daude Frantziako Le Monde eta Erresuma Batuko BBC eta The Guardian. Argitaratutako informazioaren arabera, bankuak milaka bezerori lagundu zien dirua ezkutatzen eta zergen ordainketa saihesten, herrialde bakoitzeko zerga ikuskatzaileei izkin egiteko aholkuak emanez.

Bankuak bezero horiei bide eman zien franko suitzarra ez zen dirua esku-dirutan ateratzeko, kontu korronte ugari ezkutatzeko eta, besteak beste, arma trafikatzaile, gerra jaun eta abarri kontuak zabaltzeko.

2005-2007 epean aztertu zituzten 30.000 kontu, Suitzako bankuan guztira 105.000 milioi euro inguru zituztenak. 2010ean atxilotu egin zuen Frantziako Poliziak Falciani, baina ez zuten estraditatu, Frantzian zergak ordaintzeari ihes egiten zioten lagun askori buruzko informazioa izan zezakeelakoan. Babestuta bizi da orain Falciani.

Ohar batean, HSBCk onartu egin du bere Suitzako adarraren jarduera, eta azaldu du 1999an hura erosi zutenean ez zutela guztiz integratu. Bankuaren arabera, 2011ra arte ez zuten neurririk hartu: "Iraganean, HSBC era federatuan izan zen zuzendua, eta erabakiak sarri maila nazionalean hartzen ziren".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.