Oposizioko alderdien boikotak ateak areago ireki dizkio Hugo Chavezen MVR Bosgarren Errepublika Mugimenduari eta horren aliatuei Venezuelako Asanblea Nazionalean nagusitzeko. Orain arte Chavezen aldekoek 89 diputatu zituzten, eta igandeko hauteskundeen ondotik 167ak lortu dituzte. Boz hauen ondoren, Legebiltzarreko ordezkaritza 165etik 167 diputatura igo dute. Boikota egin zuten oposizioko bost alderdi nagusiek argudiatu zuten CNE Hauteskunde Kontseilu Nazionala Chavezen aldekoa dela eta botoemailearen erregistroaz eta bozkatzeko makinen inguruan kezkak azaldu zituzten bozen aurretik. Aitzitik, CNEk ukatu egin zuen arazoak izan zirela, eta oposizioari kontzesio franko egin zizkiola nabarmendu zuen.
Lehen datuen arabera, abstentzioa %75ekoa izan zen, baina Gobernuak zioen %67koa izan zela, joan den abuztuko udal bozetakoa (%68 ingurukoa) baino apalagoa. Iazko urriko bozetan ere parte-hartzea txikiagoa izan zela nabarmendu zuen.Oraindik boto guztiak zenbatzeko zeudela, MVRk 114 diputatu lortuak zituen, alderdiko antolaketa arduradun Willian Larak eta CNEk baieztatu zutenez. Gainerako diputatuak Chavezen politikaren aldeko alderdi eta taldeek eskuratu zituzten, tartean hiru ordezkari indigenak. Chavezek nabarmendu zuen mundu guztiak badakiela Venezuelan «demokraziak aurrera» egiten duela, eta oposizioko alderdiei bozei sabotajea egiten saiatu eta beren porrota saihestu nahi izateagatik bozetatik erretiratu izana leporatu zien.Chavezen aldekoei aski zitzaien bi hereneko gehiengoa izatea Konstituzioa moldatu ahal izateko. Diputatu batzuek adierazi zuten aztertuko zutela presidentetza eta beste kargu guztietarako agintaldi mugak zabaltzea. Chavezek jada ia zazpi urte daramatza presidente. Chavezek AEBei egotzi zien boikotaren atzetik egotea; Washingtonek, aldiz, hori ukatu zuen. Hain zuzen ere, Washingtonen babesa duen eta oposizioarekin lerratutako Sumate behaketa taldeko buru Maria Corina Machadok zilegitasunik gabeko iritzi zion legebiltzar berriari: «Zilegitasunean zauritutako Asanblea Nazionala jaio da».Aitzitik, Willian Larak nabarmendu zuen legebiltzar berrian askotariko indar politiko zein sozialak eta diputatu independenteak izango direla. Machadori erantzunez zera esan zuen: «Gezurra dio igandean Venezuelan alderdi bakarreko Asanblea Nazionala hautatu zutela dioenak». Besteak beste, PPT Aberria Denentzat, PODEMOS Demokrazia Sozialaren Alde, hiru ordezkari indigena, PCV Venezuelako Alderdi Komunista, UPV Venezuelako Herri Batasuna, MEP Herriaren Hauteskunde Mugimendua, Lago eta Denok Irabazten Dugu Mugimendu Independentea (Migato) izango dira ordezkatuta Legebiltzarrean.
Oposizioaren gainbehera
AD Ekintza Demokratikoko orain arteko diputatu Henry Ramosentzat, legebiltzar berria «legezkoa» izan daiteke, bainaez du «zilegitasunik», «ez baititu herritar guztiak ordezkatzen, ezta hauteskunde gehiengoa ere». «Hau Gobernuarentzat berarentzat porrota da».
Haatik, Herriaren Defendatzaile German Mundarainek esan zuen zilegitasun hori ez datzala gutxiengoa duen oposizioak parte hartu edo ez erabakitzean, baizik eta bozketak Konstituzioaren eskakizunak betetzean. Atzerri ministro Ali Rodriguezek gogoratu zuen 2004ko erreferendumetik iragan urriko udal bozetara oposizioa lau milioi bototik milioi batera igarotzeak azal dezakeela azken unean bozetatik erretiratu izana.Gobernuko iturriek aurreikusi dute Legebiltzarretik at geratutako alderdietako batzuk aurki desagertuko direla. AD sozialdemokrata eta Copei demokrata-kristaua aipatu dituzte horien artean. Biak Gobernuan txandakatu ziren 1958 eta 1998 artean.Bestalde, AEE Ameriketako Estatuen Erakundeak, Europako Batasunak eta beste erakunde batzuek bidalitako behatzaileek (400 bat) gaur aurkeztuko dute bozen gaineko txostena. Bien bitartean, Maracaibo lakuko ekialdean larunbat gauean petroliobidearen kontra eginiko erasoa, Zulia estatuan lehergailuekin atxilotutako jendea eta Caracasen izandako indar gutxiko leherketak oposizioarekin lotu zituen Gobernuak.
VENEZUELAKO HAUTESKUNDEAK
Hugo Chavezek eta haren aliatuek eskuratu dituzte diputatu guztiak
Bozetatik erretiratu, eta legebiltzar berriak zilegitasunik ez duela dio oposizioak; Gobernuak ukatu egin du hori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu