Budapesten egoitza duen Europa Erdiko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanen eta Europako Ikasketen saileko zuzendaria da Csaba. EBn sartzea elkarrekin bizi den bikotearen «ezkontza ofiziala» izango dela dio.
Zer iruditzen zaizu Hungaria EBn sartzea?
Nire ustez, hori burututako prozesua da. Gu EBn gaude eta EB gurekin dago. Hungaria integratuagoa dago EBn merkataritza truke, jabetza elkarrekintza eta finantza arloan Italia, Grezia edo Irlanda baino. Hungariaren esportazioen %35 Alemaniara doaz, %10 Austriara eta Italiara. Aktiboen %40 atzerritarren esku daude, horietatik %80 EBko elkarte eta herritarren esku. Antz handiago du Herbehereena, Italia, Espainia edo Greziarena baino. Gainera, azken 12 urteetan Hungariako legedia EBkora egokitu da. Hau burututako kontu bat da; bi lagun elkarrekin bizi dira eta ofizialki ezkontzea erabakitzen dute, baina ez da aldaketarik.
Zergatik izan zen erreferendumeko parte-hartzea hain txikia?
Gobernuak eta komunibakideek oso gaizki kudeatu zutelako. Arazo asko izan dira, baina hiru nagusiak aipatuko ditut. Erreferenduma larunbat batean egin zen, eta ohituraz familiarentzat izaten da egun hori, ez politikari buruz pentsatzeko. Ni doktoretza klase bat ematen ari nintzen eta esan nien nire ikasleei: 'Jaun-andreok, orain bozkatzeko ordua da'. Eta galdetu zidaten: 'erreferenduma, zertaz?'. Bestetik, propaganda gehiegizkoa izan zen eta halako kasuetan kontrako efektua sortzen da. Azkenik, alderdiek zabaldu zuten mezua zen akordioa eginda zegoela eta herritarrek ez zutela ezer irabazi edo galtzeko. Horrek ez du esan nahi herritarrak EBn sartzearen alde ez zeudela.
Zein aldaketa eragin ditu hedapenak Hungarian?
EBn sartzea aspaldiko erabakia zen, kontsentsu politikoaren parte izan da. Mikroekonomian integratuta gaude. Orain aldaketa nagusia izango da erabakietan parte hartzea da.
Ijitoak integratzeko Gobernuak iragarritako neurriak eragingarriak izango dira?
Bai, hala uste dut. Jendea prest dago horretarako eta EB giza eskubideak, eskubide nazionalak, gizabanakoen eskubideak, ekonomia askatasunak... arautzen dituen erakunde gisa ikusten da. Alderdi politiko eta intelektualen artean kontsentsua dago.
Errumania eta Eslovakiak Estatus Legea kritikatu dute. Zer deritzozu?
Estatus Legea barne kontsumorako auzi bat izan da, bereziki aurreko gobernuarentzat erabilgarria. Liberal eta kontserbadoreen gobernuak zailtasunak zituen izaera kontserbadorearen onurak erakusteko eta naziotasunaz baliatu zen tresna gisa. Lege sinbolikoa zela iruditzen zait, herrialde bizilagunak eta bertako hungariarrak kontuan ez dituela hartzen. Eta ez dugu herrialde bizilagunak aurka jar ditzakeen ezer egin behar. Ez dut uste ezarriko denik. Lehen ministroak Eslovakia eta Errumaniarekin hitz egin du eta ez duela ezarriko agindu die. Hala ere, pentsatzen dut EBko Konstituzioak gutxiengo nazionalen legea jasoko duela.
«Hungaria integratuagoa dago EBko merkatuan Italia, Grezia eta Irlanda baino»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu