Hungaria

Hungariako parte hartze txikiak baliogabetu egin du etorkinen kuotari emandako ezezkoa

Erreferendumean bozkatu dutenen %98k egin dute Bruselak ezarritako kuotaren aurka; baina parte hartzea %43 eskasekoa izan da. Hala ere, Viktor Orban lehen ministroak ohartarazi dio EBri Konstituzioa aldatzeko prest dagoela, bozketaren emaitza loteslea izan dadin.

Viktor Orban lehen ministroa alderdikideez inguratuta, atzo, Budapesten. SZILARD KOSZTICSAK / EFE
2016ko urriaren 3a
16:49
Entzun

Herritarretatik %43 besterik ez da joan bozkatzera —emaitzak ontzat emateko %50eko gutxieneko parte hartzea ezartzen du legeak— EBk ezarritako etorkinen kuotei buruzko galdeketan, eta horietatik %39,9 ziren baliozko botoak. Izan ere, erreguxiatuak "terrorismoarekin" lotu dituen Gobernuari aurre eginez, abstentziorako deia egina zuen oposizioak. Demokraziaren Koalizioko buru Ferenc Gyurcsanyren arabera, parte hartze txikiak "erakusten du" herritarren gehiengoak ez duela Orbanen exekutiboa babesten. "Migrazioaren auzia Hungariaren mugetatik haratago doa".

Ordea, bozkatzera joan direnen %98k egin dute kuoten aurka. Eta hori bera nabarmendu du Viktor Orban lehen ministroak Bruselari oharra helarazteko: "Europako Batasunak exodo modernoari ematen dion erantzuna da herrialdeak errefuxiatuak hartzera derrigortzea. Hungariarrok ez dugu halakorik nahi. Guk bakarrik erabaki genezake norekin bizi nahi dugun".

Hungariako lehen ministroak ohartarazi du, beste behin, Bruselak ez duela Europaren "nortasun erlijioso eta kulturala" erabakitzeko "eskubiderik", eta iragarri du datozen egunetan Konstituzioa aldatzeko emendakina aurkeztuko duela erreferendumeko emaitza kontuan har dadin.

Errefuxiatuen krisiari aurre egiteko Bruselaren proposamenaren arabera, Hungariak hartu beharko lituzke 1.294 asilo eskatzaile. Baina Orbanen gobernua hasieratik agertu da egitasmoaren aurka, argudiatuz etorkin horien artean "terroristak" egin litezkeela.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.