Hurrengo bost urteetako klima aurreikuspena aztertzen duen urteroko txostena kaleratu du gaur Munduko Meteorologia Erakundeak. Haren arabera, %80ko arriskua dago 2025 eta 2029 urteen artean historiako urterik beroena erregistratzeko, hau da, iazko datuak gainditzeko. Erakundeak adierazi du klima aldakorragoa bilakatuko dela, eta horrek lehorte eta beroaldi larriagoak eragingo dituela, prezipitazioak handituko direla, eta izotza azkarrago urtuko dela.
2024. urtea izan zen orain arte erregistraturiko urterik beroena, eta Munduko Meteorologia Erakundeak adierazi du lurreko batez besteko tenperaturak goraldian jarraituko duela. Iazko batez besteko tenperatura 15,1 gradukoa izan zen; horrenbestez, 1,6 gradu gainditu zen industria aurreko garaiko (1850-1900) batezbestekoa. 2015eko NBE Nazio Batuen Erakundearen klima aldaketari buruzko Parisko Konferentzian zehaztu zutenez, klima aldaketaren kalteei aurre egin ahal izateko ezin da industria aurreko aroko batez besteko tenperatura 2 gradu gainditu, eta, ahal izanez gero, 1,5 graduren azpitik mantendu beharko litzake.
Iaz gainditu zen 1,5 graduko igoeraren langa lehen aldiz, eta, txosten berriaren arabera, hurrengo bost urteetan %86ko arriskua izango da urteren batean berriro ere muga hori gainditzeko. Are gehiago, Munduko Meteorologia Erakundeak adierazi du %70eko arriskua dagoela hurrengo bost urteetako batezbestekoak 1,5 graduko igoeraren langa gainditzeko. 1,5eko muga hori pasatzeko probabilitatea handia da, baina meteorologia erakundeak zehaztu du 1,2 eta 1,9 graduren artean mantenduko dela tenperaturen gorakada.
Iazkoa ez ezik, aurreko hamar urteetako bakoitza inoiz erregistraturiko beroena izan zen bere garaian. Txostenaren arabera, horren arrazoia atmosferan dagoen karbono dioxido, metano eta oxido nitroso kantitatea da, eta horrek sortzen duen berotegi efektua. 2024ko urrian Munduko Meteorologia Erakundeak kaleratutako txosten baten arabera, 2023an, karbono dioxidoari dagokionez, 420 milioiko parte (ppm) isuri ziren atmosferara —industria aurreko aroan baino %151 gehiago—; metanoari dagokionez, 1.900 bilioiko parte (ppb) —industria aurreko aroan baino %265 gehiago—, eta, oxido nitrosoari dagokionez, 336 bilioiko parte —industria aurreko aroan baino %125 gehiago—.

Txostena egiteko, 220 iragarpen jaso ditu Munduko Meteorologia Erakundeak, hamalau instituturenak. Iragarpenak epe motzekoak dira, bat eta hamar urte artekoak ere. Parte hartu duten institutuen artean dira Barcelona Supercomputing Centre (Katalunia), Canadian Centre for Climate Modelling and Analysis (Kanada), Deutscher Wetterdienst (Alemania) eta Met Office (Erresuma Batua). Zentro horiek mundu osoko meteorologiaren iragarpenak egiten dituzte, eta eskualdeka jarduten dute beste hamar zentrok.
Azaroaren 1ean hasi ziren iragarpenak egiten, eta 2025eko lehen hilabeteak ere aztertu dituzte. Aurten, La Niña fenomeno klimatikoarekin hasi zen urtea, Ozeano Bareko ekialde tropikalean. La Niña-rekin, tenperaturak behera egiten du, eta prezipitazioek gora. Hala ere, txostenaren arabera, hurrengo bost urteetan fase neutroa nabarmenduko da, hau da, ez da La Niña eta El Niño fenomenoen nagusitasun nabaririk egongo Ozeano Barean.
Klima aldakorrak
Aurreko urteetan iragarri zuten moduan, aurtengo txostenean ere adierazi dute Artikoa izango dela klima larrialdiak gehien joko duen eskualdea. Bertako anomalia termikoa munduko beste tokietakoa halako hiru izango da iragarpenen arabera, industria aurreko tenperaturak baino 2,4 gradu beroagoa. Artikoan ez ezik, maiatzetik irailerako tarteetan tenperaturak gora egingo du bereziki Ipar hemisferioan, eta presio atmosferikoa baxuagoa izango da Mediterraneoan; horrela, haize boladak eta prezipitazioak areagotu egingo dira.
Munduan zehar, hainbat klima fenomeno muturreko areagotu egingo dira hurrengo bost urteetan. Besteak beste, aurten, prezipitazioak handitu egingo dira Sahelen, Tropiko Arteko Konbergentzia Eremua lekualdatu egingo dela eta. Munduko Meteorologia Erakundeak azaldu du konbergentzia eremua iparraldera mugitzen ari dela. Eremu horretan, Ipar eta Hego hemisferioen ekialdeko haizeak elkartzen dira, eta horrek prezipitazioa areagotzen du han. Tropiko Arteko Konbergentzia Eremua lekualdatzeak prezipitazioak urrituko ditu Sahelen hegoaldeko lurraldeetan, eta, beraz, lehorte arriskua areagotu.
Txostenean gaineratu dutenez, Europa iparraldean, Alaskan eta Siberian ere ugarituko dira prezipìtazioak; Amazonian, idortasuna areagotuko da; eta Australiako gune batzuetan, hezetasunak gora egingo du. Tenperaturei dagokienez, batezbestekoa 1991. eta 2020. urteen artekoa baino altuagoa izango da mundu guztian, salbu eta Ozeano Bareko hegoaldean eta Ozeano Australean. Bi lurralde horietarako iragarpenak, dena den, ez dira hain zehatzak, datu faltagatik. Munduko Meteorologia Erakundeak adierazi du iragarpen hain zehatzak egiten ez diren eskualdeetan emandako datuek batezbestekoak aldatu ditzaketela, ez baitago argi txosteneko datuak besteak bezain fidagarriak diren ala ez.
Itsasoen mailak, gora
Artikoan izango diren tenperatura igoerek itsasoko ura berotuko dute, eta, beraz, izotza azkarrago urtuko da. Azken urteetan, bereziki Barents, Bering eta Okhotsk itsasoetan gutxitu da izotza. Bering itsasartean —Alaska eta Errusia artean— azken 5.500 urteetan inoiz egon den izotzik gutxiena dagoela kaleratu zuen Science Advance aldizkariak. Are, Barents itsasoan —Norvegiaren eta Errusiaren iparraldean— 2080. urterako ez da izotzik geratuko Hannah Bailey ikerlariak 2021ean kaleratutako Arctic sea-ice loss fuels extreme European snowfall ikerketaren arabera. Munduko Meteorologia Erakundeak egindako iragarpenek bi adibide horiek indartzen dituzte.
Ipar hemisferioan, martxoan egoten dira handien izotz eremuak; hortik aurrera, tenperaturak gora egitean, urtze prozesua azkartu eta handitu egiten da irailera arte. Irailean izaten da izotz gutxien, eta hurrengo hilabeteetan izotza pilatzen hasten da. Hala ere, urtez urte, pilaketak gero eta txikiagoak dira, berriro ere. Artikoan bezala, Antartikan ere joera bera izango dela iragarri dute.
Izotza urtzeak badu eragina lehorrean. Alde batetik, itsasoaren mailak gora egiten du, eta itsas azpian geratzeko arriskuan jartzen ditu altuera baxuko kostaldeak. Horren adibide dira Ozeano Bareko hainbat herrialde; horietako batzuetako lekurik garaiena bost metroan dago. Europan ere izango luke eragina; esaterako, Herbehereen %60 itsas mailan edo beherago dago.
Bestalde, azken urteetan egindako hainbat ikerketak ondorioztatu dute Artikoko izotza urtzeak eragina izango duela munduko beste gune batzuetako meteorologian. Bartzelonako Osasun Globalaren Institutuak martxoan egindako ikerketa batek ondorioztatu zuen hurrengo hamarkadetan Artikoko izotza desagertzeak hezetasuna handituko duela Iberiar penintsulan, eta klima lehortu Kalifornian (AEB).
datuak
%1Munduko tenperaturaren igoera 2 gradura iristeko probabilitatea. Lehen aldiz, Munduko Meteorologia Erakundeak ohartarazi du hurrengo bost urteetan badagoela arriskua munduko batez besteko tenperaturak industria aurreko arokoa 2 gradu gainditzeko; hain zuzen, %1ekoa da probabilitatea. 2015eko Parisko Akordioan hitzartu zenaren arabera, nola edo hala saihestu beharreko muga da.
800.000Duela zenbat urte isurtzen zen orain baino karbono dioxido gehiago. Azken 800.000 urteetan, karbono dioxido isuriak ez dira gaur egun bezain handiak izan. Gaur egun, erregai fosilen ustiaketak eta deforestazioak sortzen dute karbono dioxido gehien.