Huts egindako promesak

Munduko 140 estatuburu eta gobernuburu New Yorken bilduta daude, Milurtekoaren Garapenerako Helburuak aztertzeko. «Interes nazionalak» alde batera utzi, eta lanari ekiteko eskatu dio Banek nazioarteari

arantxa elizegi egilegor
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Hiru egunez munduko 140 estatuburu eta gobernuburu New Yorken bihotzean bilduko dira, luxuz eta segurtasun neurri zorrotzez inguratuta, Milurtekoaren Garapenerako Helburuei buruz hitz egiteko. Xedea, hamar urtean lortu ez dutena bostean erdietsiko dutela sinestaraztea. Bilerak irauten duen denboran, tamalez, 70.000 haur eta 3.000 emakume hilko dira garapen bidean dauden herrialdeetan, senda daitezkeen gaitzen ondorioz.

Krisia aitzakiatzat hartuta, herrialde aberatsek murriztu egin dituzte pobrezia eta gosea amaitzeko diru laguntzak, eta handitu bankuei eta finantza erakundeei eman beharrekoak. Intermon Oxfam eta Amnesty Internationalen arabera, 2008ko iraila eta iazko martxoa bitartean, estatu aberatsek 13,7 bilioi euro bideratu zituzten finantza erakundeei laguntzeko; diru kopuru hori nahikoa eta sobera litzateke helburuak betetzeko. Horiek hala, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moonek larrialdiko deia egin die nazioarteko agintariei, ohartaraziz «interes nazionalak» alde batera utzi eta lanean hasi ezean huts egingo diotela egindako promesari. «Ez dago gehiago merezi duen proiekturik; denbora bukatzen ari da, eta asko dago egiteko».

Errealitatetik urrun

Duela hamar urte, 2000an, nazioarteko estatuburu eta gobernuburuek mundu hobeago baterako helburuak adostu zituzten, eta baita epemuga jarri ere: 2015a. Zortzi ziren tarte horretan lortu beharreko xedeak: muturreko pobrezia eta gosea erdira murriztea; oinarrizko hezkuntza denengana iritsaraztea; genero berdintasuna; haurren heriotza tasa murriztea; amen osasuna hobetzea; hiesa, malaria eta tuberkulosia gutxitzea; klima aldaketaren aurkako neurriak hartzea; eta garapenerako nazioarteko aliantza bat erdiestea.

Helburuek, ordea, errealitatetik oso urrun jarraitzen dute: sei herritarretatik bat gosez bizi da, eta 1.400 milioi lagun egunean euro bat baino gutxiagorekin bizi dira; 72 milioi haur ez dira inoiz eskolara joan, erdia baino gehiago Saharaz hegoaldeko herrialdeetakoak dira; emakumeak eta neskak dira krisiarekin gehien sufritzen dutenak; 8,1 haur hiltzen dira urtero 5 urte bete baino lehen, senda daitezkeen gaitzen ondorioz; mila emakume hiltzen dira egunero haurdunaldian edo erditzean izandako arazoengatik; urtero milioi bat lagun inguru hiltzen dira malariak jota; gobernuek ez dute gas isuriak murrizteko akordiorik adostu; eta herrialde aberatsek hitzeman zuten barne produktu gordinaren %0,7 bideratuko zutela garapen bidean zeudenei laguntzeko, baina iaz soilik Danimarka, Luxenburgo, Norvegia, Herbehereek eta Suediak bete zuten konpromisoa.

Borondaterik ez

Goi bileran, baina, orain arteko bidea aztertzeaz gain, aurrera begirako proposamenak egingo dituzte. Horietako gehienek, ordea, porrot egin dute martxan hasi aurretik. Izan ere, krisiaren ondorioak jasan eta burua altxatzen hasi berriak diren estatu aberatsak ez daude bankuen edo finantza erakundeen gaineko zerga gehigarriak onartzeko prest, ez eta borondatezko diru laguntzak handitzeko ere. Horren adibide da Alemania. Garapenerako laguntza gehien ematen dutenen zerrendan hirugarrena izan arren, hango Garapenerako ministro Dirk Niebelen iritziz, mugimendu hori guztia «moda bat» besterik ez da.

Tamalez, atzo hasi eta bihar arte iraungo duen bileran estatistikak besterik ez dituzte ikusiko gobernuburuek. Biktimekin zuzenean lan egiten dutenek ez dute hitzik izango New Yorkeko NBEren egoitzan. Eta, beste behin, zenbakietan oinarritutako politikak bultzatuko dituzte jauregi dotoreetan bizi diren agintariek, garapen faltaren benetako arrazoiak aztertu eta desagerrarazi beharrean. «Milurtekoaren Garapenerako Helburuek porrot egin dute, pobreziaren sintomak soilik hartzen dituztelako kontuan, gosearen eta garapen faltaren oinarrizko arrazoiei eraso beharrean», salatu du Olivier de Schutterrek. NBEren elikadurarako ordezkariaren arabera, «karitatea egiteari utzi, eta giza eskubideetan oinarritutako politikak egiten hasteko garaia da».

Denera aurten 82.660 milioi euroko diru laguntza jasotzea espero du NBEk, baina, hala ere, 2005ean hitzartutakoa baino 13,780 milioi euro gutxiago dira horiek. «Prozesua hasi zen une beretik argi geratu zen zenbaiten seriotasunik eza», gaitzetsi du Jeffrey Sachsek, Milurtekoaren Garapenerako Helburuetarako aholkulariak.



Zenbakiak

%0,7

Barne produktu gordina. Munduko estatu aberatsenek hitzeman zuten barne produktu gordinaren %0,7 bideratuko zutela garapen bidean zeuden herrialdeetara. Huts egin dute, ordea. AEBek, esaterako, %0,2 ematen dute.

%50

Muturreko pobrezia. Nazio Batuen Garapen Programaren arabera, egun muturreko pobrezian dauden hiru pertsonetatik bat Saharaz hegoaldeko herrialdeetan bizi da. 2015erako kopuru hori %50era igoko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.