Ruandan debekatuta daukate bi etniez hitz egitea, tutsiaz eta hutuaz. Belgikako kolonialisten politikak ekarri du bien arteko lehia. Baina, berez, nolabaiteko apartheid bat dago, tutsien mesedetan. Haiek dituzte lanpostu onenak eskura, eta, ondorioz, haiek gidatzen dute herrialdea. Are gehiago, frantsesaren kaltean ingelesa nazioko hizkuntzatzat aukeratuta, horrek beste abantaila bat ematen die tutsiei. Izan ere, haietako asko Yoweri Museveniren Ugandan jaiotakoak eta hezitakoak dira, gobernuan hutuek agintzen zutenean, 1967 eta 1994 bitartean; hortaz, ingeles hiztunak dira.
Gacaca direlakoek, 2003tik aurrera sortutako herri auzitegiek, bi etnien arteko bizikidetza sustatu behar zuten berriro; baina, askoren ustez, hutuak oro har errudun direlako ustea zabaldu dute benetan, eta gaur arte hutuak hiltzailetzat tratatu izan dituzte, besterik frogatu ezean. «Gacacak behingoz bukatzea espero dugu», esan du orain Kigalin oporretan dagoen baina Europara bizitzera joan den merkatari batek, Fidel Magarak. «Inoiz ez dira izan benetako auzitegiak. Hamasei urte igaro arren, oraindik tutsiren bat ahaztuta zeukan norbaitez edo zerbaitez gogoratzen bada... horrek esan nahi du Ruandako hutu guztiek kontuz-kontuz ibili behar dutela, eta argi ibili tutsi etsai bat edukiz gero. Izan ere, baliteke oso zaila izatea errugabea zarela frogatzea, eta oso erraza, aldiz, azkenean zu zeu kartzelatzea».
Fidelek kanpoan bizi diren ruandar askoren antzera pentsatzen du, abuztuaren 9ko hauteskundeen aurreko asteetan Ruandaren enbaxaden aurrean Paul Kagameren erregimenaren kontra protesta egin zuten eta hari oposiziokoak desagerraraztea leporatu zioten horien antzera. Egia esateko, hauteskunde kanpainak atentzioa eman zien atzerriko komunikabideei, zapalkuntza kezkagarria izan zelako: oposizioko burua atxilotu zuten etxean, eta debekatu egin zioten lehiatzea; bi kazetari hil zituzten; bi egunkari bortizki itxi.
«Ez nuen botorik eman nahi, baina mundu guztiak daki kontrolatu egiten dutela, eta etxean gelditzeko beldur nintzen. Behin han nintzela, alderdi jakin baten alde eman nahi nuen botoa, baina soldaduek RPFren aldekoa ematera bultzatu naute», kontatu du Pauline Rumonga garbitzaileak. Beraz, Kagameren %93 horrek ez du ezer askorik esaten: Ruandan ez dago oposizioko kiderik, jende ikaratua baizik. Nahikoa da jakitea Israelgo teknikariek prestatzen dituztela unean-unean sortzen diren oposizio taldeak kontrolatzen dituzten zerbitzu sekretuak. Kigaliko erregimena lehen aldiz kritikatu du nazioarteak, negozio kontuetan zerbait aldatu delako gertatu hori. Aski da kalean itzuli bat egitea negozio gehienak Txinarekin edo Korearekin lotuta daudela ohartzeko.
«Hutuok oso kontuz ibili behar dugu»
Ruandako 1994ko genozidioak zabaldutako zauriak oraindik ere oso sakonak dira herrialdean; hutuek euren kontrako 'apartheid'-a salatu dute, oposizioak bozetan lehiatzeko aukerarik ere ez duela ohartaraziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu