Pedro Sanchezen inbestidura. Protestak

Ia protestarik ez Kongresuan

PSOEren egoitzaren aurrean sortu den istilurik ez da sentitu bi egunotan Espainiako Kongresuaren atarian. Manifestari gutxi izan dira, segurtasun neurri handien artean.

ESPAÑA INVESTIDURA SÁNCHEZ
Hazteoir taldeak atondutako autobusa, Pedro Sanchez Hitler balitz bezala aurkezteko. SERGIO PEREZ / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
Madril
2023ko azaroaren 17a
14:43
Entzun 00:00:0000:00:00

Behe lainoa sartuta esnatu zen atzo Madril, eta kosta egin zitzaion argitzea egunari. Manifestariei ere kosta egin zitzaien Espainiako Diputatuen Kongresuaren inguruetan agertzea. Pedro Sanchez hirugarrenez izendatu dute Espainiako Gobernuko presidente. Protestak espero zituzten, eta segurtasuna bermatzeko neurri ugari hartu zituzten. Baina, ez atzo ezta herenegun ere, Kongresuaren inguruan batutako manifestari kopurua ez zen nabarmentzekoa izan. Bi egunetan, ordea, jendetza batu zen PSOEren egoitza nagusiaren aurrean, ostera ere.

Atzo, goizeko bederatzietan hasi zen jarduna hemizikloan. Kanpoan, ostera, protestak ez ziren eguerdira arte nabaritu. Manifestari bakanen bat elkartu zen lehenago, baina gehienak 11:00etatik aurrera iritsi ziren. Vox alderdi ultraeskuindarrari lotutako Revuelta taldeak 12:30erako deitua zuen manifestazioa, San Jeronimo kalearen beheko aldean, Neptuno iturriaren parean.

Kongresuaren inguruan bi egunotan batutako manifestari kopuru handiena orduantxe elkartu zen. Giroa berotzeko, autobus bat eta bi kamioneta ibili ziren Neptunoko biribilgunean bueltaka: Sanchez diktadorea, Sanchez traidorea, Espainiarren ordua da eta antzeko leloak zituzten idatzita. Eta autobusean irudi bat: Pedro Sanchezen eta Adolf Hitlerren aurpegiekin eginiko fotomuntaketa. Une batean, traktore bat agertu zen, atzean Espainiako bi bandera jarrita.

Tentsioa ere izan zen. Pedro Sanchez presidente izendatu ostean, 13:15 aldera, oihuak ozendu zituzten eta manifestari batzuk hesiak mugitzen ere hasi ziren. Baina ez zen haratago joan. Une batean, Sanchezen aldeko pankarta bat zeukan emakume bat azaldu zen eta kazetari guztiak eta manifestari asko gerturatu zitzaizkion, «probokatzen» ari zela leporatuz.

«Ez gaituzte engainatuko, Katalunia Espainia da», izan zen lelo errepikatuena. Halere, bestelako oihu, irain eta errespetu faltek ez zuten hutsik egin atzokoan ere. Pixkanaka giroa lasaitzen joan zen eta, 14:00etatik aurrera, manifestari kopurua asko murriztu zen. Bakan batzuk geratu ziren; horien artean, gizon bat Espainiako Konstituzioaren artikuluak gaztelaniaz zein katalanez irakurtzen aritu zen.

Bitartean, San Jeronimo kalearen goiko aldean, manifestariek beste eskaera batzuk izan zituzten. Bi talde batu ziren bertan: Espainiako Junta Demokratikoa eta Frente Obrero de España deiturikoak. Bakoitza alde banatan jarrita, beren aldarrikapenak oihukatzen aritu ziren, batzuetan txandaka, beste batzuetan biak batera. Lehenengoek «alderdikrazia» deritzoten sistema kritikatzen zuten eta «eskuina zein ezkerra gauza bera» direla oihukatu zuten. Frente Obrerokoek, ostera, honakoa errepikatzen zuten behin eta berriz: «PSOE traidorea da, ez langileena eta ez espainiarra».

Gauez pizten dira

Herenegun iluntzean, ordea, Ferraz kalean askoz ere manifestari gehiago batu ziren, bi egunotan Kongresuaren inguruan baino. Hamahirugarren aldiz egin zuten protesta PSOEren egoitza nagusiaren aurrean. Azken egunetan baino manifestari gehiago batu ziren bertan eta, azkenerako istiluak sortu ziren. Bederatzi pertsona zauritu zirela eta hamabost manifestari atxilotu zituztela jakinarazi zuten poliziek.

Protesta horietan izan zen Santiago Abascal Voxeko idazkari nagusia. Agertu bezain laster inguratu zuten han zeudenek, eta, etenik gabe, berarekin argazkiak ateratzen aritu ziren. Gizon heldu batek Abascali eskua ematea lortu zuen, eta bai azkar esan ere: «Ez dut eskua berriz garbituko».

Alderdi ultraeskuindarreko burua jendez, Espainiako banderez eta kamerez inguratuta zegoen bitartean, manifestari batzuk —gaztetxoak gehienak— hesiak bultzatzen eta poliziei botilak zein petardoak jaurtitzen hasi ziren. Gaueko hamaikak igarota, Poliziak esku hartu zuen, eta gomazko pilotak jaurtiz eta borrak erabilita manifestariak sakabanatu zituzten.

Korrika, manifestari talde txikiak aurretik eta Polizia atzetik, Ferraz inguruko kaleetan aurrera zein atzera ibili ziren. Polizien furgonetak ere gora eta behera ibili ziren sirenak piztuta, ziztu bizian. Gauerdian, ehun bat manifestari geratzen ziren, sakabanatuta Arguelleseko metro geltokiaren inguruan. Polizia gehienek alde egin zuten eta, pixkana, protestan ari zirenek ere bai.

Atzo iluntzean ere berriro izan zen elkarretaratzea Ferrazen, PSOEren egoitzaren aurrean, eta Kongresuan baino jende gehiago batu zen. Edizio hau ixteko orduan artean ez zegoen istilurik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.