IAEAk Iranekin akordio bat lortu duela jakinarazi du

Partxingo base militarreko jardun nuklearra ikertu ahal izango dutela dio erakundeak; 5+1 Taldea Bagdaden bilduko da gaurIsraelek dio Teheran itxurak egiten ari dela, nazioarteak zigorrak indartzea saihesteko

2012ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren eta Iranen arteko azken asteko bilerak mamitsuak izan dira. Hala jakinarazi du Yukiya Amano IAEAko buruzagiak, Iranekin akordio bat lortu duela adierazita. «Aurrekoan aurrerapenak lortu genituela esan nuen, etaoraingoan akordioa lortu dugula diot». Eta gaineratu du «aurki» sinatuko duelaTeheranen jarduera nuklearra ikertzea ahalbidetuko duen ituna. «Bata bestearen jarrerak hobeto ulertzen ditugu orain. Desadostasunak ditugu oraindik, baina horiek ez dira oztopo izango», esan du Amanok Vienan, Teherandik itzuli ondoren. IAEAren buruzagiaren baikortasunak, baina, AEBen eta Israelen eszeptizismoarekin egin du topo. Washingtonek «neurri zehatzak hartzeko eta erabateko gardentasuna» eskatu dio Teherani.

Amanok onartu du oraindik ezin dituela zehaztu akordioaren xehetasunak, baina lorpena egiazkoa izan dela frogatzeko Partxingo base militarra bisitatu ahal izango dutela aurreratu du. Azken urteotan hainbatetan eskatu dio IAEAk Irani Partxinen sartzeko baimena, han bonba atomikoak egiteko probak egin dituztela uste baitute. Teheranek, baina, salaketak ukatzen dituen arren, ez die sartzen uzten IAEAren behatzaileei. Base militar bat dela eta han sartuta herrialdearen subiranotasuna urra dezaketela argudiatu du horretarako. Gainera, Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunak ez duela horretara behartzen azaldu du, hainbatetan, Teheranek. 2005ean izan ziren azken aldiz IAEAko behatzaileak Partxinen.

Gainera, programa nuklearrarekin lotura duten dokumentuetara, lekuetara eta pertsonengana jo ahal izatea eskatu dio IAEAk Irani, azken astean Vienan eta Teheranen egin dituzten bileretan.

5+1, Bagdaden

IAEArekin lortutako akordioarekin indartuta iritsi da Said Jalili Irango programa nuklearraren negoziazio burua gaur Bagdaden 5+1 Taldearekin egingo duen goi bilerara. NBE Nazio Batuen erakundeko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrek —AEB, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia eta Txina— eta Alemaniak osatutako taldeari herrialdearen aurkako zigorrak kentzeko eskatuko dio Teheranek. Izan ere, Irango ekonomia itota dago, nazioarteak ezarritako zigorren eraginez. EB Europako Batsunetik adirazi dute, baina, eskaerak egin ordez amore eman behar duela Iranek: «Irandarrek dute orain hitza. Haiek egin behar dute lehen urratsa».

Hamabost hilabetetan elkarrizketak etenda egon eta gero, apirilean eseri ziren berriz ere mahaiaren bueltan Irango eta seikoteko ordezkariak. Lehen bilera hartan akordiorik lortu ez bazuten ere, bi aldeak baikor agertu ziren, eta tentsioa baretzea lortu zuten, azken hilabeteetan gorenean egon baita. Alemaniak, baina,esan du negoziaziorako giro egokia sortzeaz gain «neurri zehatzak» adostu behar direla.

Bagdaden Iranen programa nuklearrak sortutako krisi politiko eta diplomatikoa gainditzen ahaleginduko dira. Nazioarteko potentziek Teheranek uranioa asko aberasteari uztea nahi dute, bonba nuklearrak egiteko materiala sortzen ari delakoan. Iranek, baina, bere programa nuklearra erabilera zibilerako dela berretsi du, eta energia lortzeko eskubidea duela defendatzen du.

Israel ez da fio

IAEAren eta Iranen arteko akordioak eszeptizismoa piztu du nazioartean. Negoziatzeko prest agertu bai, baina konpromisorik hartzen ez izana kritikatu diote Teherani. AEBak eta Israel izan dira Iranekin gogorren agertu direnak. Washingtondik esan dute eskertzen dituztela Amanoren ahaleginak, baina kezkatuta daudela oraindik ere. Iranek lehenbailehen neurri zehatzak hartu behar dituela adierazi du Robert Wood AEBetako IAEAko ordezkariak.

Bestalde, Israelek «engainatzen» ez uzteko eskatu die 5+1 Taldeko kideei. Ehud Barak Defentsa ministroak adierazi du Iran itxurakeriatan dabilela, zigorrak indartzea saihesteko.

Benjamin Netanyahu lehen ministroak esan du Iranen asmoa Israel suntsitzea dela eta horretarako arma nuklearrak ekoizten ari dela. «Israelentzat eta munduko bakearentzat mehatxua da Iran. Munduko potentziek gogor egin behar diete aurre asmo gaiztoei. Ez diote Irani ezer eman behar, baizik eta eskaera argiak egin», adierazi du Netanyahuk. Matan Vilnai Israelgo Defentsa Zibileko eledunak ere Iranez ez dela fio adierazi du. Vilnaik dio urteetan Teheranek agerian utzi duela ez dela zintzoa, etagaineratu du Israelek ez duela baztertzen eraso militarra: «Aukera guztiak mahaiaren gainean daude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.