IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren arabera, Iranek %27raino aberastu du uranioa Fordoko lur azpiko egoitzan, Teherandik hegoaldera. %20ko langa erabakigarria gainditua izanen luke, beraz. Orain arte Teheranek aitortutako gehiena %19,75 artekoa izan da. Izenik eman ez duen IAEAko diplomazialari batek berri agentziei azaldu dienez, Irango Gobernuak erran du «kontrol eraginkorretik kanpo dauden arrazoi teknikoengatik» gertatu dela igoera hori. Diplomazialari horrek erran du hori gerta litekeela, eta ez du bertzelako interpretaziorik egin. Dena den, IAEAk ikertuko duela adierazi du iturri horrek.
Zientzia nuklearrean, %20tik beheitiko purutasuna duen uranioa gutxi aberastutakoa da. Bonba nuklearra egiteko %90era egon behar du aberastua, baina, zientzialarien arabera, behin %20ko langa gaindituta, bideragarriagoa da maila horretara ailegatzea. Hala ere, hedabideekin mintzatu den diplomazialariak erran du Iranek lortutako uranioaren purutasuna arma nuklearrak lortzeko behar denetik «urruti» dagoela.
NBE, pozik bilerekin
Programa nuklearraren inguruko elkarrizketei dagokienez, NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moon pozik agertu da, 5+1 Taldeak eta Iranek ekainean bertze bilera bat eginen dutelako Moskun. «Nazioartearen konfiantza izateko», «beharrezko neurriak» hartzeko eskatu dio Banek Teherani.
IAEAk jakinarazi du Iranek uranio aberastuaren ekoizpena hazi duela
Nazio Batuen agentziak erran du Teheranek %27raino aberastu duela uranioa, baina larritasuna kendu dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu