IAEAk misio bat bidali nahi du Irango programa nuklearra ikuskatzera

Erakundea zuzentzen duten estatuek beste ebazpen bat eztabaidatu dute Vienan, eta aurreko txostena baztertu

Erredakzioa
2011ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Irango ekoizpen nuklearraren inguruko auziak hari luzea du oraindik. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak iragarri berri du misio berezi bat bidaltzea proposatuko duela Teherango programa nuklearra ikuskatzeko. Izan ere, iragan astean kaleratu zuen txostena bertan behera uztea erabaki dute erakundea zuzentzen duten sei estatuetako ordezkariek —AEBek, Errusiak, Txinak, Alemaniak, Erresuma Batuak eta Frantziak—, eta ebazpen berri bat onartuko dute gaur. Aurrez azaldu dutenez, txosten berrian Iranen programa nuklearrarekiko «larritasuna» areagotu egin dela adieraziko dute sei herrialdeek, eta Teherani exijituko diote nazioartearekin «serioski eta baldintzarik gabe» elkarrizketarako konpromisoa har dezala. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak jakinarazi du aurreko txostena «espekulazioetan» oinarritzen zela, eta horregatik beste ebazpen bat negoziatu dute.

Sei estatu nagusien taldea zatituta dago: AEBak, Erresuma Batua, Frantzia eta Alemania zigorrak areagotzearen alde azaldu dira; Errusiaren eta Txinaren aburuz, ostera, IAEAren aurreko txostenak interes politikoak ezkutatzen zituen, hainbat estatuk emandako informazioa «susmo hutsa» dela uste baitute. Negoziatutako ebazpen berriak zigorren bidea baztertzen du oraingoz. «Elkarrizketa indartzeko unea iritsi da», esan du Lavrovek.

Hitz egin dezala Iranek

Misioa bidali aurretik, dena dela, ekoizpen militarraren inguruko argitasunak eskatu dizkio Irani Yukiya Amano IAEAko zuzendariak. «Herrialde anitzetatik bidali diguten informazioaren arabera, lehergailu nuklear bat ekoizteko lanean ari da Iran, eta horretarako informazioa erosi die talde klandestinoei; kontu horiek azaltzeko Teheran gurekin harremanetan jar dadin nahi dugu». Iranek, aldiz, behin eta berriro berretsi du aurrera daraman ekoizpen nuklearrak helburu zibilak dituela. Israelek eta AEBek programa nuklearra dela eta, ez dute baztertzen Irani eraso egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.