IAEAko adituek datorren ostiralean egingo dute bilera Iranekin

Gatazka nuklearra nola konpondu zehazten duen ituna lortzea da bileraren helburua IAEArentzat

Erredakzioa
2012ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Datorren ostiralean Irango ordezkariekin egingo du bilera IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako aditu talde batek, Vienan. Halaxe iragarri du Yukiya Amano IAEAko zuzendariak, eta gaineratu du Irango programa nuklearraren inguruko gatazka konpondu ahal izateko pausoen gaineko akordio bat lortzea dela bilera horren helburu nagusia. Ituna «sinatzeko eta ezartzeko» eskatu dio Teherani, gatazka konpontzeko aurrerapausoak «lehenbailehen» etor daitezen.

Horrez gain, Partxingo base militarrera sartzen lagatzeko eskatu dio Amanok Mahmud Ahmadinejad Irango presidenteari. Izan ere, Mendebaldeak uste du base horretan energia nuklearra erabilera militarrerako prestatzen ari direla, Israel eta AEBak buru direla. Teheranek, berriz, behin eta berriz ukatu du hori, eta berretsi du programa nuklearrak soilik erabilera zibila duela.

Maiatzaren 21ean joan zen Amano Iranera, eta gatazka nola konpondu zehaztuko duen ituna «laster» sinatzekotan geratu zen Said Jalili Iranen ordezkariarekin. 5+1 Taldeak eta Teheranek joan den maiatzaren 23an eta 24an egin zuten azken bilera Bagdaden, baina ez ziren ados jarri; hala ere, ekainaren 18an eta 19an Moskun beste bilera bat egitea onartu zuten. Vladimir Putin Errusiako presidentea, hain zuzen, Ahmadinejadekin bilduko da Teheranen aste honetan, Moskuko bilera prestatzeko.

Iran islamikoaren beldur

Ali Khamenei aiatolak ere hitz egin du, eta esan du gezurra dela Mendebaldeak Iran nuklearrari beldurra diola. «Ez diote beldurrik Iran nuklear bati, Iran islamikoari diote benetako beldurra». Ruhollah Khomenei aiatolaren mausolean esan zituen hitzok atzo Khameneik, Errepublika Islamikoaren sortzailearen heriotzaren 23. urteurrena ospatzeko ekitaldian. Orain arteko zigorrei Bruselak Teherango petrolioari jarritako bahimenduarena gehituko zaie uztailaren 1ean. Aiatolaren esanetan, ordea, «zigorrek ez dute Iranen garapena etengo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.