Ideologiaren lehen urratsak

2017ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Hastapenak (1863-1890)

ADAV. Langile klasearen lehenengo alderdi politiko europarra Leipzigen sortu zen, 1863an: ADAV Langile Alemaniarren Elkarte Orokorra. Ferdinand Lassalle liderrak onartzen zuen klase borrokaren existentzia eta garrantzia, baina ez zetorren bat Karl Marxen eta Friedrich Engelsen pentsaerarekin; estatu burgesaren erakundeetan parte hartzearen alde zegoen, eta sufragio unibertsala lortzea zuen xede nagusia. Alderdiak ez zuen bat egin I. Internazionalarekin.

SPDren sorrera. SDAP Alemaniako Langileen Alderdi Sozial Demokratikoa sortu zen 1869an. Marxen eragin handia izan zuen, eta I. Internazionalarekin bat egin zuen. 1875ean, ordea, SDAPek bat egin zuen ADAVekin, eta SAPD Alemaniako Langileen Alderdi Sozialista sortu zuten. Estatu sozialista bat ezartzeko «legezko bide guztiak» erabiltzearen alde egin zuten, eta Marxek kritika gogorrak egin zizkion. 1890ean legeztatu zuten, eta SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata izena hartu zuen.

II. Internazionala (1889-1916)

Iraultza ala erreforma. Anarkistak II. Internazionaletik kanpo utzi zituzten, eta eztabaidagai nagusia izan zen sozialismoa ezartzeko bidea: iraultza, ala estatu burgesaren erreforma. Marxista ortodoxoen eta errebisionisten artean bereizi zen Internazionala, eta Alemanian, Frantzian, Erresuma Batuan... sisteman parte hartzen zuten alderdi sozialistak indartu ziren. Alemanian, 1912an botorik gehien lortu zuen alderdia izan zen SPD. I. Mundu Gerraren ondorioz desegin zen internazionala.

Gerra arteko aroa (1917-1945)

Iraultzak. I. Mundu Gerraren kaosean, lehenbiziko iraultza sozialista gailendu zen: Errusian, 1917an. Horrek eragin zuzena izan zuen Alemanian; gerrak ahituta, inperioak Friedrich Ebert SPDko buruari eman zion boterea. 1919an, sortu berria zen Alemaniako Alderdi Komunistak eta aliatuek iraultza ahalegin bat egin zuten, baina Eberten gobernuak gogor zanpatu zuen, eta Rosa Luxemburg eta Karl Liebknecht liderrak hil zituen. Sobietar Batasuna finkatzean (1921), iraultzaileen eta sozialdemokraten arteko banaketa erabat finkatu zen. Komunistek Comintern-a sortu zuten (1919), eta sozialdemokratek LSI (1923).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.