Mundua

Igandeaz geroztik, zazpi dira Dajlan, Mendebaldeko Saharan, hildakoak

Hildakoetatik bi poliziak direla esan du Marokok. Beste bi gutxienez sahararrak dira, eta horietatik bat atzo kalean jipoituta hil zuten. Igandean futbol partida batean piztu ziren liskarrak eta Aaiunera zabaldu dira. Sahararren aurkako erasoak salatu dituzte, eta Dajlan egoera "izugarria" dela.

2011ko irailaren 27a
12:05
Entzun

Igandean Dajlan (Mendebaldeko SaharA) futbol partida batean piztu ziren liskarrak zabaldu egin dira, eta dagoeneko zazpi dira horietan hildakoak. Igandean bertan gazte saharar bat hil zutela salatu zuten atzo, eta gaur jakin da atzo Dajlako kaleetan beste gazte saharar bat jipoitu zutela. Marokok dio zazpi hildakoen artean bi polizia daudela.

Sahara Thawra giza-eskubideen elkarteak jakinarazi zuenez, atzo Dajla hirian (Mendebaldeko Sahara) hil zen gaztea hainbat marokoarrek eman zizkioten kolpeen ondorioz hil zen. Maichan Mohamed Lamin Lahbib zuen izena, eta 1982an jaiotakoa zen. 

Polizia eta marokoarrak Dajlan sahararrak biltzen diren auzoan sartzen saiatu direla salatu du Sahara Thawra elkarteak, baina sahararrek aurre egin dietela. Herritar marokoarrak sahararren etxeak erre dituztela ere salatu du, "Poliziaren baimenarekin". Taieb Cherkaui Marokoko Barne ministroa Dajlan da egoera zuzentzeko.

"Dajlan egoera izugarria da. Leherketak entzuten dira, jendea izututa dago eta kaleetan erasoak ugariak dira. Kea ikusten da nonnahi", esan dute Sahara Thawrakoek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.