ESPAINIAKO GOBERNU ERAKETA

Iglesias, Sanchezen gobernutik kanpo geratzeko prest

"Koalizio gobernu bat osatzeko ni oztopo bat baldin banaiz, atzera egiteko prest nago", esan du Podemoseko idazkari nagusiak. PSOEri esan dio orain hari dagokiola pausoren bat ematea.

Pablo Iglesias, bilera osteko agerraldian. J. J. GUILLEN / EFE
jon olano
2016ko martxoaren 30a
07:41
Entzun

Ehun egun igaro dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin zirenetik, eta gobernua osatzeko negoziazioetan jarraitzen dute alderdi politikoek. Maiatzaren 2a baino lehen izendatu behar dute gobernuko presidente bat, hauteskundeak errepikatzea saihestu nahi badute.

Bide horretan, bilera egin dute PSOEko presidentegai Pedro Sanchezek eta Podemoseko idazkari nagusi Pablo Iglesiasek. Bi orduz egon dira bilduta, eta ondoren eginiko agerraldian, azalpenak eman ditu Iglesiasek.

"161 babesen bidea 130 babesena baino bideragarriagoa" dela ohartarazi dio Iglesiasek Sanchezi. Alegia, PSOE, Podemos eta IUk babestutako gobernu bat aldezteko eskatu dio, gogoraraziz Ciudadanosekin eginiko akordioa ez dela nahikoa izan. Gehiengoak osatze aldera, ontzat jo du PSOEren eta Ciudadanosen arteko harremana, uste baitu horren bidez lor daitekeela Ciudadanosek "zuzenean edo zeharka" gobernu "aurrerakoia" babestea. Bide horretan, Albert Rivera Ciudadanoseko buruarekin biltzeko prest azaldu da Iglesias. Galdetuta indar subiranisten babesaz, berriz: "Ciudadanosen laguntza lortuko bagenu, ez genuke beste laguntzarik beharko".

Gobernu osaketari begira, Iglesiasek Sanchezi proposatua zion koalizio gobernu bat, Iglesias bera presidenteorde zuena. Gaur, Iglesias prest agertu da bera ez izateko presidenteorde hori, "garrantzitsua koalizio gobernu progresista" bat osatzea delakoan: "Koalizio gobernu bat osatzeko ni oztopo bat baldin banaiz, atzera egiteko prest nago". Ez dio uko egin, ordea, presidenteordea Podemoseko norbait izateari, eta Sanchezi esan dio orain PSOEri dagokiola pausoren bat ematea.

Akordioa lortzeko jarrera kontrajarriak dituzte Ciudadanosek eta indar subiranista kataluniarrek erreferendumaren inguruan. Horri buruz galdetuta, Iglesiasek azaldu du Sanchezi proposatu diola PSCk eta En Comu Podemek elkarrizketak abiatzea. PSOE eta Podemoseko buruzagiek hitz egiten jarraitzeko prestasuna azaldu diote elkarri.

Sanchez: "Aldaketaren gobernua gertuago dago"

Sanchezek ere bileraren balorazioa egin du, aurrena, adostasun eremuak azpimarratuz: "Ez dugu hauteskundeak errepikatzerik nahi. Guk elkar ulertzea nahi dute espainiarrek". PPren gobernua amaitzeko nahian ere bat egin dute, eta, ildo horretan, Sanchezek uste du "aldaketaren gobernua gertuago" dagoela.

Hori nola gauzatu, hor dago zalantza. Eta azken asteetako mezu bera helarazi dio Sanchezek Iglesiasi: "Nahiko nuke ezkerreko gobernua, baina zenbakiek ez dute ematen". Horregatik, "199 bidea" eskaini du, PSOE, Ciudadanos eta Podemosen babesa lukeen gobernu bat defendatuz.

PSOEk eta Ciudadanosek eginiko gobernu akordioak negoziazio agertoki berrian izango duen papera ere argitu nahi izan du Sanchezek: "Datozen asteetan eraikiko den edozein akordiok errespetatu egin behar du Ciudadanosekin lortutako akordioa".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.