Auzitegiak ikertzen ari dira deliturik egin ote zuen 2011n, Bretainiako osasun aseguruen elkargo bateko buru zela emaztearenak ziren bulego batzuk alokatzeko agindu zuenean. Horrekin lotuta deklaratzera joan behar izan zuen atzo bertan Richard Ferrandek, Frantziako Asanblea Nazionaleko presidente eta Frantziako gobernuburu Emmanuel Macronen gertukoa denak.
Ez da lehen aldia ustelkeriarekin lotuta antzeko ikerketa bat abiatzen dutela Ferranden aurka. Duela bi urte, 2017an ere, gisako auzi bat hasi zuen fiskaltzak, baina haren aurkako froga nahikorik ez, eta artxibatu egin zuen. Ordea, ikerketapean zela jakin zuenean, dimisioa eman zuen Ferrandek Lurralde Kohesioko ministro gisa.
Ferrandek berak iragarri du bere burua defendatzeko baliatuko duela ikerketa, eta nabarmendu du, aurrekoan gertatu bezala, oraingoan ere artxibatu egingo dutela auzia. Zenbait iturriren arabera, Macronek berak babesa agertu dio Ferrandi, eta haren gertukoek adierazi dute ikerketa zabaldu izanak ez duela hura errudun egiten.
Aldiz, ustelkeriaren aurkako Anticor elkarteko abokatuak, Jerome Karsentik, berretsi du dimisioa eman beharko lukeela Ferrandek, nahiz eta hark argi utzi ez duela horretarako asmorik.
2016ra arte, PS Alderdi Sozialistako kidea zen Ferrand, eta, gero, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen mugimenduarekin bat egin zuen. Iazko irailean aukeratu zuten Asanblea Nazionaleko presidente.