Kazetaria

Edwy Plenel: «Ikuspegi demokratiko batetik, Frantzia estatu lanjerosa da»

'Mediapart' hedabidea sortu zuen Plenelek. Frantziako paisaia politikoan eragin duten aferak kaleratu dituzte. Nazioarteko testuingurua xeheki aztertu du, eta eskuin muturraren aurrean harresiak eraiki behar direla erran du.

Edwy Plenel, Baionako Atalante gelan, otsailaren 21ean. GUILLAUME FAUVEAU
Edwy Plenel, Baionako Atalante gelan, otsailaren 21ean. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2025eko martxoaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskara ez jakiteagatik barkamena galdetu, eta euskarazko hitz batekin bukatu du elkarrizketa Edwy Plenelek (Naoned, Bretainia, 1952): milesker. Baionako Atalante zinema aretoko ostatuan eman du ordua, eta «nahi bezainbat denboraz» hitz egiteko prest agertu da. Berrogei urteko kazetari ibilbidea du: Le Monde egunkariko zuzendari izan zen, eta 2008an Mediapart ikerketa kazetaritzako hedabidea sortu zuen. Iaz utzi zuen hedabidearen zuzendaritza, baina kazetari lanetan segitzen du. Frantziako egoera politikoan eragina izan duten dozenaka afera argitaratu ditu: ustelkeria kasuak, sexu indarkeriako kasuak... Beti, «gizartearen onerako eta jakiteko eskubidearen zerbitzuko». Egungo testuinguru politikoa kezkaz ikusten du, baina optimista da: «Diru gosez faxistak bilakatu diren oligarken mundua desagertzera kondenatua da». Mediabask-en hamar urteen karietara izan da Baionan, tokiko hedabideek eskuin muturraren aitzinean duten rolaz mintzatzeko. 

AEBetako presidente Donald Trump hautatu izanak hankaz gora ezarri du nazioarteko paisaia politikoa. Zertan da egoera, oro har?

Haustura garai batean. Errealitate berri batean gaude, izurrite marroia, eskuin muturra, faxismoa, nazismoa izan zena mundu mailara itzuli da, beste aurpegi batekin. Donald Trumpen aurpegiarekin, bai, baina azken egunotan aurrean dugun aliantzarekin ere bai: Trumpek eta Putinek paktua egin dute. Oligarken paktua deitu diot horri. Kapitalismo mafioso baten paktua da; Trump eta Putin ber ideologiak batzen ditu: beren interesak, beren botereak, egoismo nazional eta inperialak baizik ez dituzte defendatzen. Haiendako, ez da gehiago nazioarteko zuzenbiderik; ez da gehiago estatuen eta nazioen gaineko printzipiorik, indartsuenaren legea baizik: mugarik gabeko mundu bat da.

Zer erran nahi duzu horrekin?

Naturari begirako mugarik ez da, mugarik gabe ustiatzen dute: petrolioa, gasa, datu pertsonalak... Silicon Valley adibide egokia da. Dena hartzen dute, baita gure biziak eta bizidunenak ere. Groenlandia nahi dut, hartzen dut; Kanada 51. estatua izatea nahi dut, hartzen dut; Israel handia nahi dut, hartzen dut; palestinarrak ezabatu nahi ditut, ezabatzen ditut; inperio tsarista edo estalinista berrezarri nahi dut, hala egiten dut... Gorputzen gaineko mugarik ere ez dute. Ez da kasualitatea emazteen eskubideen etsaiak izatea, beren kultura eta beren egin moldea maskulinismoa izatea, Me Too ukatzea, eta sexu indarkeria eta emazteen eta haurren kontrako indarkeria izatea haien logika. Errealitateari so egin behar diogu. Ez dugu auhenka aritzeko denborarik, eta ez dugu horretarako eskubiderik. Aurre egin behar diogu mundu mailako katastrofe horri, gure kausak defendatuz: jatorri, baldintza, itxura, sineste, sexu eta genero berdintasuna. Konbentzitua naiz kapitalismo mafiosoa, oligarkena, muga gabeko mundu hori kondenatua dela. 

Bestela galdetuta, faxismoa hor dagoela uste duzu? 

Bai, katastrofea jadanik hor da. Aurpegi diferenteak izan ditzakeen eskuin muturrak komun du berdintasunaren gorrotoa: Viktor Orban, Vox, Marine Le Pen, Benjamin Netanyahu, Javier Milei, Vladimir Putin eta Trump. Gure etsai historikoak dira. Eta gu, humanitatearen bi mendetako historia honetan, eskubideen berdintasunaren aldeko borrokan aritu direnen oinordekoak gara. Horrek gaitu motibatzen: eskubide sozialek, politikoek, demokratikoek, inperialismoen eta dominazioaren kontrako eskubideek, nazio txikien eskubideek, kulturen eta herrien eskubideek, emakumeen eta kolonizatuen eskubideek. Azken hamarkadetan, eskuin muturra nahiko baztertua izan da, nahiz eta beti bazituen figura estetiko edo intelektual batzuk.

«Aurre egin behar diogu mundu mailako katastrofe horri, gure kausak defendatuz: jatorri, baldintza, itxura, sineste, sexu eta genero berdintasuna. Konbentzitua naiz kapitalismo mafiosoa, oligarkena, muga gabeko mundu hori kondenatua dela»

Eta nola itzuli da berriz indarrean? 

Bere usaiako argumentuarekin: bestearen eta atzerritarraren gorrotoarekin. Horregatik, justuki, migratzaileen harreraren auzia funtsezkoa da. Ezkerrak, bere dibertsitatean, ez du frontea atxiki gai horren inguruan. Ezkerraren parte batek onartu du arazoa immigrazioa zela. Ez, ba! Arazoa da harrera nola egiten zaien. Ez da immigrazioaren krisia, harreraren krisia da. 

Frantzian, krisi politiko instituzional bat bada, eta Emmanuel Macronen agintaldia nehoiz baino hauskorrago da. Zer iruditzen zaizu?

Joerak globalak dira. Trumpisten Kongresua, adibidez, Madrilen iragan da duela zenbait aste: Make Europe Great Again. Voxekin, Marine Le Penekin, Orbanekin, Mileien eta Trumpen ordezkariekin. Espainia eta Frantzia ez dira aterpean. Baina badira hauskortasun hein desberdinak, kultura politikoari lotuak. Espainia azken urteetan bere bidetik ari da nazioarteko eskubideei begira, Palestinari begira, emazteen kontrako indarkeriari begira, gehiegizko turismoari begira; krisi politikoa ez da berdina. Zergatik? Monarkia izanda ere, Espainia benetako demokrazia parlamentarioa delako. Frantzia, ordea, monarkia elektoralista da. Frantzia krisi beldurgarri batean da, lehendakaritza sistemaren krisia da.

«Frantziako sistemaren eraginez, haustura bizkor bat gertatzen ahal da, lehendakaritzarako hauteskunde soil batzuen bidez, AEBetan gertatu den bezala. Italian, Melonik aurre egin behar dio erresistentzia instituzional handiago bati»

Nola hori?

Bakar baten botereak denen nahia ebasten ahal du, hauteskundeen bidez. Sistema hori arriskutsua da, eta agerikoa da Putinen Errusian; diktadura bat da orain. Presidentzialismoa boterearen muturreraino doa, kontrabotereei aurka eginez. Ikuspegi horretatik, Frantzia Europako herrialde hauskorra da. Hauteskundeen bigarren itzulian istripu bat gertatzea nahikoa da lehendakaritzan eskuin muturreko bat hautatua izateko. Eta botere guziak lituzke. Jadanik hala da: Macronek —eta disoluzioa horren karikatura da— ez ikusiarena egin die demokraziari, sindikatuei, kontrabotere judizial eta mediatikoei... Eskuin muturrari bidea zabaldu dioten desbideratze guziak onartu ditu. Eskuin muturrari fruitu ondua biltzea baizik ez zaio falta. Nazioarteko tenpesta ideologikoaren barnean gara: Italia, Frantzia, Alemania... Baina badira beste herrialde horietan erresistentzia instituzional handiagoak. Frantziako sistemaren eraginez, haustura bizkor bat gertatzen ahal da, lehendakaritzako hauteskunde soil batzuen bidez, AEBetan gertatu den bezala. Italian, Melonik aurre egin behar dio erresistentzia instituzional handiago bati. Alemaniako sistema parlamentarioak, halaber, erresistentzia handiagoak behartuko ditu. Frantzia instituzionalki herri hauskorra da. Atzerritik hori ulertzea ez da beti erraza, iruditzen baitzaigu Frantziako presidentzialismoak estatu azkar bat eraikitzen duela. Baina buztinezko oinak dituen estatu erraldoi bat da. Ikuspegi demokratiko batetik, Frantzia estatu lanjerosa da.

Frantziako ezkerrak ez du lortzen horren aurka batzea. Noren falta da? Frantzia Intsumisoko Jean-Luc Melenchonena ala Alderdi Sozialistako François Hollandena?

Biena! Alderdi Sozialistak ez du François Hollanden lehendakaritzaren porrotaren analisi kritikorik egin, eta bidea zabaldu dio Macronen lehendakaritza katastrofikoari, garai hartan dagoeneko eskuin muturraren ideiekin lamurrean ibiliz. Melenchonek bere burua alternatiba gisa aurkezten badu ere, lehendakaritzarako logika batean da —nahiz eta 5. Errepublika desegin nahi duela erran—. Zepo bat da ezkerrentzat, ezkerreko alderdiak lehendakaritzarako hauteskundeen lasterketa horretan ari baitira, eta horrek esan nahi baitu hautagai bakarrarekin ados jartzea. Zatiketak eta lehia ekartzen ditu, fronte popular bat eraiki ordez. Ezkerrak betidanik izan dira anitzetarikoak, beti izan dituzte korronte erreformistak eta erradikalak edo iraultzaileak. Batu direnean baizik ezin izan diote aurre egin gure etsai komunari. Desadostasunak zilegi izanda ere —eta hala dira—, arduragabe bilakatzen dira eskuin muturra boterera heltzen ari denean. Blokeatze batean gara, baina ezkerreko oinarriak ez du hala sentitzen, askoz ere irekiagoa da borroka batzuk elkarrekin eramateko. Alderdiak burbuila elektoralista batean dira, ez dira arduratzen gizartean ukan beharko luketen erroztatzeaz. Zinezko pena eragiten dit, denbora galdu hori ez baita harrapatuko.

Nola ateratzen ahal da ezkerra blokeo horretatik?

Tokian-tokian eraginez, eta harresia eraikiz, gizartearekin batean, terrenoan.

Martinika, Kanaky, Mayotte... Azken hilabeteetan oldarraldiak izan dira Frantziaren kolonietan. Zer leku dute halako aldarrikapenek testuinguru gero eta globalago batean?

Galdera horrek plazer egiten dit, ene historia delako. Martinikan handitu naiz, Franz Fanon, Aime Cesaire eta Edouard Glissanten herrian, eta kolonialismoaren kontrako borroketatik heldu naiz. Frantzia munduko bigarren indar koloniala da: munduko itsas eremu zabalenetan bigarrena du, AEBen ondotik. Frantzian, auzi koloniala ez da iraganekoa; ez da auzi historiko edo kulturala bakarrik. Mundu guzian gauza bera da; Israelgo eskuinak eta eskuin muturrak iraunarazten dute kolonizazioa Palestinan. Mende honetan denek beharko genuke argi izan gizateriaren kontrako krimena dela, eta populu batek ezin duela beste bat menderatu, ezin diola lurra okupatu, ezta kultura zapaldu ere. Kolonialismoa betikotuz, basakeria sarrarazten dute zibilizazioen erdigunera.

«'Mediapart'-ekin erresistentzia laborategi bat sortu dugu»

Edwy PLenel Baionan
Edwy Plenel Baionan. GUILLAUME FAUVEAU

Frantziako hedabideen egoera kezkagarritzat jo du Plenelek, ultraaberatsen eskuetan baitaude hedabide nagusiak. Hori ikusirik, «gizartea mugiarazten» duen kazetaritza defendatzen du. 

1968ko maiatzaren ondotik, LCR Liga Komunista Iraultzailean hasi zinen. Gero, kazetari eta zuzendari izan zara Le Monde-n, eta Mediapart sortu zenuen 2008an. Kazetaritza da engaiatzeko duzun manera?

Bai, 1968ko maiatzaren ondotik ezker muturrean engaiatzea deliberatu duen belaunaldikoa naiz, eta hastetik buru koherenteak izan dira ene engaiamenduak: kapitalismoaren, inperialismoaren eta kolonialismoaren kontrakoak, baina baita estalinismoaren kontrakoak, eta ideia komunista eta sozialisten izenean egin diren gezurren kontrakoak ere. Estalinismoaren ezkerreko oposizioa deitzen zaion mugimendutik nator, eta horrek uste dut baduela zerikusia kazetaritzarekin. Komunismoa indartsu zelarik, gutiengoan zen familia politiko hori, eta mugimendu horrek defendatu du egia jakiteko eskubidea, gezurren eta manipulazioen kontra. Testuinguru horretan ikasi dut kazetaritza egiten. Eta alderdien barneko engaiamenduak utzi ditudalarik, kazetaritza bilakatu da ene engaiamendua. Kazetaritza ez da besteak bezalako ofizioa: ardura sozial berezia du, eta jakiteko eskubidearen zerbitzurako da.

Nolako kazetaritza egiten duzu?

Eragina duen kazetaritzaren ideia defendatzen dut, ateratzen diren informazioek gizartea mugiarazten duten kazetaritzarena, eta ikusi nahi ez diren errealitate batzuei begiratzera behartzen duena. Kazetaritza aktiboa, dinamikoa eta arduratsua.

2008an, Mediapart sortu zenuen, Interneteko hedabide ordainpekoa. Nahiko aurrerakoia zen garai hartan ideia hori...

Mediapart-ekin, erresistentzia laborategi bat sortu nahi izan dugu, iraultza digitalean aitzindari izanez. Informazioaren balioa defendatu dugu, erakutsiz balio demokratiko eta profesionala zuela, eta erresistentzia leku bat sortu dugu. Tradizioak duen hoberena defendatu dugu modernitatearen erdigunean. Mediapart-enarrakastaren arrazoia hori da, modernitatearen erdian, aro digitalean, multimediaren munduan, hobeki praktikatu dugula kalitatezko eta erreferentziazko kazetaritza. 

«Beti egon da kazetaritza konformista bat, gobernuena, mertzenarioa. Gudu zelai bat da kazetaritza»

Sarkozy-Gaddafi afera atera zenuten; estatu eskandalu bat da. Auzia orain iragaten ari da, baina segipen mediatiko gutxi du. Zer erran nahi du horrek Frantziako prentsaren egoeraz?

Frantziako sistema mediatikoa hondoratu da kazetaritzaz bestelako interesei utzi zaielarik eskua hartzen. Egoera larria da: Frantziako hedabide pribatuak ultraaberats batzuen eskuetan dira. Sarkozy-Gaddafi aferan sistema mediatikoa kontra izan dugu, baina atxiki behar da, eta, egun, auziarekin, ikusten dute arrazoi genuela. Beti egon da kazetaritza konformista bat, gobernuena, mertzenarioa. Gudu zelai bat da kazetaritza.

Frantzian Me Too mugimendua posible egin du Mediapart-ek. Hedabide gisa, nola eraikitzen da biktimen konfiantza duen eremu bat?

Zuzenduko dut: salatu duten protagonistek egin dute posible Me Too. Dena den, kazetaritza praktikatzeko dugun ohituratik heldu da konfiantzazko eremu hori. Denis Baupin afera Me Too aitzin atera genuen, eta gisa horretako aferak palankak dira, Cahuzacen afera bezala [Frantziako Buxet ministro izandakoak offshore kontuak zituen Suitzan]. Bi aferek ez dute zerikusirik, baina palanka efektu bat egiten dute. Baupin feminista izendatzen den alderdi batekoa zen, Ekologisten alderdikoa, eta hor ere dominazioa eta indarkeria badirela erakusteak beste batzuei kuraia eman die mintzatzeko. Beste gauza da biktimak laguntzea, baina haiekin demagogikoak izan gabe. Adele Haenelen kasua sinbolikoa da: Marine Turchi kazetariak gaualdi pribatu batean ukan zuen, kasualitatez, haurra zela aktoreak jasan zituen sexu abusuen berri. Justu Haenel hasia zen mintzatzeko prest izaten. Kazetariak erran zion: «Nik ez zaitut hitzez hits sinetsiko; elkarrekin lan egin beharko dugu». Eta zazpi hilabetez lan egin dute, lekukotasunak bilduz, egiaztatuz... Ez da bakarrik biktimaren hitza biltzea, baina harekin batera lan egitea. Bistan da, biktimak errespetatzea oinarrizkoa da: atzera egin nahi badute, onartu behar dugu. Halako kazetaritza gizartearen onerako ari da, erreformatzailea da. Ez dugu konkisten zerrenda bat nahi, baina gizartearen zerbitzurako gauzak mugiarazi nahi ditugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.