AEB-etako hauteskundeak

Ilara luzeak botoa emateko

AEBetako presidentetzan Bushen ordezkoa zein izango den aukeratuko dute gaur estatubatuarrek: Barack Obama edo John McCain. Obamak Chicagon eman du botoa, McCainek Phoenixen. Botoa 130 milioi lagun inguruk ematea espero da, eta horrenbestez, parte-hartzea 1960tik iritsi den handiena izatea.

arantxa elizegi egilegor
2008ko azaroaren 4a
17:48
Entzun
Azken urteetako kanpaina gogorrenaren ostean, iritsi da hauteskunde eguna, iritsi AEBen etorkizuna erabakiko duen eguna: azaroaren 4a. Dagoeneko estatu askotan ireki dituzte botoa emateko guneak, eta ia leku guztietan ilara handiak sortu dira hautesleku atarietan.

Izan ere, gaurko bozak erabakigarriak eta historikoak izango direla uste dute estatubatuarrek; iritzi hori oso txertatuta dago iritzi publikoan, eta, ondorioz, parte-hartzea oso handia izatea espero da. Aurreikuspenen arabea, 130 milioi estatubatuar joango dira botoa ematera, eta 1960ko parte-hartze marka haustea espero da.

Hautagaiei dagokienez, Barack Omaba Alderldi Demokrataren presidentegaiak jada eman du botoa, Chicagon (Illinois). Michelle emaztearekin eta bi alabekin joan da botoa ematera. Beranduago bozkatu du John McCain hautagai errepublikanoak, Phoenixen (Arizona).

Kanpaina luzea eta nekagarria izan da, baina, hala ere, hauteskunde bezperan ez dira geldirik egon bi hautagaiak. Arizonako senataria zazpi estatutara joatekoa zen atzo -Florida, Tennesee, Pennsylvania, Indiana, Mexiko Berria, Nevada eta Arizona- eta Illinoiskoa, berriz, hirutara-Florida, Ipar Carolina eta Virginia-. Kolokan dauden estatuetan egon dira batez ere demokratak azken egunetan,baina ez hala errepublikanoak. McCainek zalantzan dauden lurraldeak ez ezik, berez demokraten aldeko joera dutenak ere behar ditu, presidentetza lortuko badu. Ondorioz, dozenaka mitin eman ditu azken egunetan, nagusiki demokratak diren herri eta hirietan ere bai.

Cheneyren sostengua

Obamak bere garaian Colin Powell estatu idazkaria izandaren bultzada jaso bazuen, asteburuan McCainek Dick Cheneyrena izan zuen. Presidenteordeak iragarri zuen Arizonako senatariaren alde bozkatuko zuela, eta berdin egiteko eskatu zien herritarrei ere. Sostenguak, ordea, ez dio mesede gehiegirik egingo McCaini, izan ere, egungo administrazioak ez ditu jarraitzaile gehiegi herritarren artean. Hori hala, hura behin baino gehiagotan saiatu da Bushen politikengandik urruntzen; huts egin du, baina.

Obamak berak, Cincinnatin (Ohio) horren inguruko adierazpenak egin zituen: «McCainek berak gogor lan egin du Cheneyren sostengua irabazteko, kasuen %90etan Bushekin batera bozkatuz. Uste duzue Cheneyk sostengua eman diola hark aldaketa ekarriko duelako? Ez, horixe». Beste behin, Arizonakoaren proposamenak egungo politikaren jarraipena izango direla ohartarazteko baliatu zuen aukera Obamak. Ordu batzuk lehenago, berriz, Clevelanden izan zen Bruce Springsteen abeslariarekin batera. «Lagunok, ofiziala da, egun bakarra geratzen zaio Amerikari aldaketarako», esanez hasi zuen milaka lagun bildu zituzten mitina. «Bihar ezin dugu etxean geratu besoak gurutzatuta, bozkatzera joan behar dugu».

McCainek ere ehunka lagun bildu zituen atzo Floridan, baina ez Obamak adina. Ekonomiaren inguruan aritu zen han. «Obamaren proposamenak aurrera ateratzen badira, milioika lagunek beren lanak galduko dituzte». Adituen iritziz, haren hitzaldiek indarra galdu dute. Bestalde, azken orduko iragarkia ere zabaldu dute errepublikanoek AEBetako telebista kate nagusietan. Bertan ohartarazten dute Obama Jeremiah Wright apaizarekin lotuta egon zela. Halaxe dio iragarkiko ahotsak: «Barack Obamaren artzainak AEBei egotzi zien irailaren 11ko atentatuen errua. Uste duzu halako norbaitek izan beharko lukeela AEBetako presidente?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.