Ilarak bankuetan, ANC eta Omniumen deiari erantzunez

Crida per la Democracia plataformaren bidez egin dute deia. 155 euro atera dituzte herritar askok, autonomia bertan behera uztearen aurka protesta egiteko. Larunbateko manifestazioa 17:00etan hasiko dela ere jakinarazi dute.

Jende ilarak gaur goizean, Caixabanketik dirua ateratzeko. RADIO TARREGA, @RADIOTARREGA
2017ko urriaren 20a
09:56
Entzun 00:00:0000:00:00

ANCk eta Omniumek gaur dirua ateratzera dei egin diete herritarrei, eta milaka joan dira gaur goizean banketxeetara. "Ekintza zuzen baketsuak" deituko zituela iragarri zuen Crida per la Democraciak, Espainiako Estatuaren "errepresio" neurriengatik protesta egiteko, eta atzo gauean azaldu zuen zer-nolako ekintza izango zen. Kataluniako bost banku nagusietatik gaur 08:00ak eta 09:00ak bitartean dirua atera eta gastatu edo gordetzera deitu zuten. Herritar bakoitzak egoki deritzon kopurua ateratzeko proposatu dute bi elkarte subiranistek, baina sareetan 155 euro erretiratzeko mezuak indarra hartu du, Madrilek konstituzioaren 155. artikulua ezartzeko hartu duen erabakiari erantzuteko.

Bankuetan ilarak sortu dira goizeko lehen ordutik. Caixabankeko eta Sabadelleko bezeroei, berriz, eskatu diete, dirua ateratzeaz gainera, beren kexak aurkezteko, banku horiek egoitza soziala Kataluniatik ateratzea erabaki zutelako. Ekintza egun osoan luzatuko da eta sare sozialean #LaForçadelaGent traolarekin ari da hedatzen.

Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANCko eta Omnium Culturaleko buruak kartzelatu zituztenetik, herritarrak mobilizatzera deitzeko ekinbideak ugaritu egin dira. "Ekintza honekin argi utziko dugu", jarraitu du Crida per la Democraciak, "boterea gure eskuetan dagoela, gure etorkizunaren jabe garela, eta inork ezin duela katalanen borondate demokratikoarekin jolastu". Bideo bat ere zabaldu dute, ekintzarako deiarekin batera, desobedientzia baketsura dei eginez.

Mobilizazio sorta luze baten lehena izango da, seguru asko. Ostegunean, CUPek eta CDRek —Erreferenduma Babesteko Batzorde gisa sortu zirenak, orain Errepublika Babesteko Batzorde bihurtu dira— elkarretaratzeak egin dituzte Bartzelonan Gobernu ordezkaritzaren aurrean eta San Cugaten PPren egoitza berriaren aurrean. Txistuka eta builaka hartu dute, han, Xavier Garcia Albiol PPko burua. Gironak ere ehunka lagunek egin dute manifestazioa, eta beste herri batzuetan ere hasi dira kartzelatuentzat askatasuna eskatzeko ekintzak eta protestak egiten.

Larunbatean, 17:00etan

Mobilizazio jendetsuena, hala ere, larunbatean egingo dute, Bartzelonan. "Askatasuna Jordi Sanchezentzat, askatasuna Jordi Cuixartentzat. Askatasunen eta eskubideen defentsan". Horixe izango da manifestazioaren leloa. Bartzelonako Grazia eta Aragoi etorbideen artetik abiatuko da, 17:00etan, eta Kataluniako plazan amaituko da.

Marcel Mauri Omiumeko ordezkariak mobilizazio jendetsua egitera deitu ditu herritarrak. "Larunbatean berriz beteko ditugu kaleak. Behar bestetan beteko ditugu, Jordiek preso politiko izateari utzi arte". Maurik nabarmendu duenez, beharrezkoa da "errepresio espiral hau" amaitzea.

Camil Ros Kataluniako UGTko idazkari nagusiak alderdikeriak alde batera utzi eta eskubideen alde mobilizatzeko eskatu du. "Larunbatean, ideia politikoak etxean utziko ditugu. Jordiak eskubideak defendatzeko mobilizatu ziren. Denok sentitzen gara pixka bat espetxeratuak".

Javier Pacheco Kataluniako CCOOko idazkari nagusiak ere oinarrizko eskubideak defendatzeko beharra nabarmendu du, eta salatu egin du "estatuaren inboluzio demokratikoa".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.