IMMIGRAZIOA. Frantziako Poliziak indarrez desegin du Calaisko etorkinen kanpalekua

'Jungle' izeneko kanpalekura 600 polizia bidali eta paperik gabeko 278 lagun atxilotu ditu Frantziak, horietatik 132 adingabekoak

Maialen Odriozola. / Leire Ventas.
2009ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Calaisko portutik gertu paperik gabeko immigranteek urtez urte, bat-batean, eraikitako kanpalekua desegin zuen atzo Frantziako Poliziak. Jungle izena zuen herrialdearen ipar-mendebaldean zutitutako kanpalekua. Han biltzen ziren paperik gabeko etorkina Mantxako Itsasertza gurutzatzeko asmoz, Erresuma Batua baitzuten helmuga eta portuan sartzen ziren kamioetan ezkutatzea helburua. Operazioan 278 lagun atxilotu zituzten, horietatik 132 adingabekoak.

Eric Besson Frantziako Immigrazio ministroak duela astebete iragarri zuen kanpalekua itxikozuela. Bertan zeuden ehunka etorkinei egotzi zien ministroak zonaldean delinkuentziak gora egin izanaren erantzukizuna. Frantziak ezin zuela haietaz baliatzen ziren trafikatzaileak onartu argudiatu zuen Eric Bessonek.«Hurrengo egunetan» beste kanpaleku batzuk ere desegingo zituztela ere ohartarazi zuen. Eta ministroak neurria jakinarazi bezain laster, paperik gabeko lagun gehienek ihes egin zuten Calaistik. Beste batzuk, ordea, han geratu ziren. Atzora arte.

Goizaldeko 7:30etan istiluen aurkako 600poliziak sartu ziren kanpalekuan eta, su baten inguruan aurkitu zituzten etorkinak, babes politikoa eta ostatua eskatzen zuten pankarten ondoan. Etorkinen eskubideen aldeko erakundeetako kideak ere han zeuden, eta baita kazetariak ere. Haiek irtenarazi zituztenean hasi zuen operazioa Poliziak. Immigrante gehienek ez zieten poliziei aurre egin, baina beste batzuk indarrez kanporatu zituzten. Bi orduren ostean, erabat hustu zuten eremua. Helduak polizia etxeetara eraman zituzten; adingabekoak, aldiz, egoitza berezietara.

Besson ministroa bertan egon zen kanpalekua desegin zutenean, eta dena «espero bezala» joan zela eta poliziek «tentuz» jokatu zutela nabarmendu zuen. Horrez gain, etorkin bakoitzaren kasua banan-banan aztertuko dutela eta babes politikoa eskatuedo euren etxeetara itzultzeko aukera emango dietela zehaztu zuen. Hala ere, ez zuen baztertu haietako batzuk herrialdetik kanporatzea. Operazioaren aurka agertu ziren, ordea, oposizioan dauden zenbait alderdi, sozialistak eta komunistak esaterako. Sozialistek gobernuak hartutako neurriarekin arazoa lekuz aldatzea besterik ez dutela lortu salatu zuten. Komunistek ere neurria gaitzetsi zuten eta «komunikabideentzat egindako ikuskizuna» izan zela salatu.

Erresuma Batuak, bestalde, Frantziako Gobernuaren immigrazio politika babestu du. Alan Johnson Barne ministroak «gustura» hartu du Calaisko kanpamentua ixteko erabakia. Dena den, « benetako errefuxiatuak laguntzeko eginbidea» berretsi du.

Calaisko kanpamentua Frantzian paperik gabeko immigrante gehien biltzen zituen eremuetako bat zen. Iraketik eta Afganistandik iritsiak ziren bertan zeuden gehienak, baina sudandarrak, nigeriarrak eta somaliarrak ere bazeuden. Han eraikitzen zituzten eurenegurrezko eta metalezko etxolak itsasora noiz abiatuko zain.

Gobernuz kanpoko erakundeek egoera kaskarrean bizi zirela salatu dute, ur edangarria zuen iturri bakarrarekin eta inguruan zabor ugarirekin. Mila inguru izatera iritsi ziren; atzo, ordea, gehienakalde eginda zeuden atxilotu eta erbesteratu egingo zituztelakoan.

Aurretik, 2002an Gurutze Gorriak zuen Sangatteko errefuxiatu kanpalekua itxi zuten. Hura ere, Calaistik gertu zegoen eta hango baldintzak ere tamalgarriak ziren.Horren lekua ordezkatu zuen atzo itxitakoak.

Frantziakoagintariek adierazi dutenez,aurretik Jungle kanpamentuan bizi ziren 170 lagunei babes politikoa eskaini diete.Aldi baterako paperak eta etxebizitza eskainia diete eta beste 180 lagunek euren etxeetara itzultzeko aukerari baiezkoa emango diote. Kanpamentu horretan aurkitzen ziren etorkinen kopuruak nabarmen behera egin dutela jakinarazi nahi izan du horrela Frantziako Gobernuak.

Operazioaren aurka

Immigranteen aldeko taldeek gogor gaitzetsi dute operazioa; izan ere, kanpalekuak ixtean arazoa konpondu ordez, egoera okertu egingo dela uste dute. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, Calaisko kasuak Europako gobernuek babes politikoen inguruan akordioa lortzeko duten beharra utzi du agerian. Horrez gain, etorkin bakoitzaren kasua aztertzen duten bitartean, leku egoki batean ostatua emateko eskatu diete agintariei; eta adingabekoen kasuan neurri bereziak hartzeko. Erresuma Batua ez dela uste duten «paradisua» ohartarazi diete ere etorkinei; eta Frantzian babes politikoa eskatzeko.



200

Etorkinak munduan. 200 milioi etorkin inguru daude egun mundu osoan, eta horietatik %49,6 emakumeak dira. Horretaz gain, 2007an 26 milioi desplazatu zeuden 52 herrialdetan; urte bat lehenago, aldiz, 24,5 milioi ziren beren etxeetatik ihes egin zutenak.



4.000 euro errefuxiatuak hartzearen truke

Europa hegoaldeko herrialdeei laguntzeko asmoz, Europako Batasunak 4.000 euroko laguntza emango die herrialdeei hartzen duten errefuxiatu bakoitzeko. Hala, behin-behineko asiloa duten etorkinak trafikatzaileen eskuetan eror daitezen saihestu nahi du Europako Batasunak.



Paperik gabeko etorkin adingabeen auzia

Unicefek eskatu dio Europari paperik gabeko etorkin adingabeei adingabeen inguruko legedia ezartzeko, eta ez etorkinei orokorrean ezartzen zaiena. Hain zuzen ere, aste honetan bertan eskatu dio Espainiako Gobernuak Bruselari adingabeak diren etorkinen gaineko legedia komun bat ezartzea aztertzeko.



Parisek jada ez die eskatuko DNA proba etorkin familiei

Frantziak atzera bota du etorkinen senideei herrialdera sartzen uzteko jarri nahi zien baldintza; 2007an berretsitako legearen arabera, immigranteen familiartekoak zirela zioten guztiek DNA proba aurkeztu behar zuten. Neurria ez da inoiz indarrean izan, eta ez da izango. «Ez da aplikagarria», argudiatu dute.



Ekonomia krisiak migrazioak murriztea eragin du eta aurten lehen aldiz gutxiago dira Europara bidean itotako etorkinak; hala ere, gero eta oztopo gehiago jartzen dizkiete herrialde garatuenek.

Giltzarrapoak etorkinentzat

Leire Ventas.

Espainiako futbol talderen batean jokatzea zuenamets Romeok; Bartzelonan, aukeran. Posible izango zuelakoan zen, gainera. Izan ere, lehen mailako jokalaria zen jaioterrian; erdiko defentsa. Hala, gertuko sonak emandako konfiantzaz ekin zion odiseari. Hiru urte igaro dira ordutik, eta bidean da oraindik.

Kamerunetik Nigeriara egin zuen lehenbizi. Eta handik Beninera gero. Xoxak ahituak zituen, baina, ordurako. Eta patrikak betetzeko ongien zekienari ekin zion: zazpi hilabete egin zituen futbolari gisa, Bohicon hiriko Tonnerre taldean. Niger igarotzeko nahikoa diru bildu zuen, baina ez Aljeriara heltzeko adina. Hori hala, futbolean aritu behar izan zuen berriz. Agadezko Arranoek Nigerreko lehen dibisioan jokatzen zutenez, gaitzerdi iruditu zitzaion. Soldata hobeagoa zen, gainera, eta lau hilabeteren buruan bazuen auzoko herrialderaino bidea egiteko beharrezko diru kopurua. Aljeriako hegoaldeko Tammanrasset hirira heldu zenean, ordea, atxilotu egin zuen Poliziak. Saharako basamortuan abandonatu zuten. Egun Malin da, Bamakon. Bertako talderen batek fitxatu zain dago, berriz ere patrikak bete, Aljeriara itzuli eta handik itsasoa zeharkatu ahal izateko.

Geratzen direnak

Romeo bidean da. Baina beste milaka bidean geratu dira. Azkenak, larunbatean: Marokotik abiatutako ontzi bat Perejil irlaren parean hondoratu zen;40 lagun zeramatzan, eta hamaika baino ez dituzte salbatu. Zehazki, 1988tik 13.352 lagun ito dira Europara heldu aurretik. Gainera, zaintza areagotu denez, etorkinek jarraitu beharreko bideak gero eta arriskutsuagoak dira. Lehen Marokotik abiatzen baziren, etorkin afrikarrak Somaliara zuzentzen dira orain, eta handik Yemenera, Adengo Golkoa gurutzatzeko.

Hala ere, migrazioen inguruko estatistiken azken boladako joera beherakoa da. Aurtengo lehen seihilekoan 459 izan dira Europara heldu nahian hildakoak; iaz epe berean 985 izan ziren. Krisi ekonomikoak herrialdeen arteko joan-etorriko fluxuak murriztea eragin du, izan ere. Hala ondorioztatu du OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak.

Erakundearen arabera, herrialde garatuetakolangabeziak du horretan zerikusia: Erresuma Batuan, Espainian eta Irlandan, esaterako, immigranteen langabezi tasa bertakoen bikoitza da. Eta haiek lan bila joan ohi dira jaioterria baino aberatsagoak diren herrialdeetara.

Dena den, immigrazioaren jomuga diren herrialdeetako Gobernuak ez dira lasaitu. Eta paperik gabekoei atea ixteaz gain, harigiltzarrapo bikoitza jartzeko prest dira. Horren erakusle da FrantziakEuropako Batzordeari proposatutakoa. Eric Besson Immigrazio ministro frantsesak eskutitz bat bidali zuen erakundera, kideei «ekintza plan» bat azaltzeko. Frontex indartu nahi du Bessonek, eta haren eskumenak areagotu, Mediterraneo osoa begiradapean izateko. EB Europako Batasunaren kanpoko mugak zaintzea du helburu Frontex agentziak.EBko Legebiltzarreko bi talde nagusiek babestu dute jada ekimena: Europako Alderdi Popularrak, eta Sozialisten eta Demokraten Aliantzak. AI Amnesty Internationalek gogor kritikatu du ekimena. «Frantzia fronte guztietan ari da borrokan, etorkinak arbuiatzeko». Izan ere, badaude aurretikako neurriak ere; immigranteak kanporatzeko itzulera direktiba - lotsaren zuzentaraua, kritikoenentzat-.

Artean, Italiak metodo propioak ditu. Itsasoan aurkitzen dituen ontziak nazioarteko uretaraino eramaten ditu, eta han, Libiako armadaren esku geratzen dira.Tripolirekin sinaturiko itun batek ahalbidetzen dio hori.Hori gehiegikeriatzat jo du HRW Human Rights Watchek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.