Immigrazioagatik larrialdi egoera ezarri dute Peruko zazpi eskualdetan

Armadak izango du herrialdeko mugen kontrola, eta Konstituzioko 165. artikulua erreformatuko dute horretarako. Boluarteren hitzetan, eskutik helduta doaz migrazioa eta delinkuentzia.

Peruko Poliziako agenteak Txileren eta Peruren arteko mugan, atzo. PATRICIO BANDA / EFE
maddi iztueta olano
2023ko apirilaren 27a
12:52
Entzun

Immigrazioaren gorakada dela medio, larrialdi egoera ezarri dute Perun, Txileren, Brasilen eta Ekuadorren mugan dauden zazpi eskualdetan. Herrialdeko presidente Dina Boluarteren hitzetan, barruko ordenari eustea da helburua, eta, horretarako, muga horiek militarizatzea erabaki du Ministroen Kontseiluak.

Orain arte, Poliziak kontrolatu ditu mugak. Baina, aurrerantzean, armadak ere zainduko ditu eremu horiek, eta migratzaileen joan-etorriak gainbegiratuko ditu. Horretarako, Konstituzioko 165. artikulua erreformatuko dute. Izan ere, egun indarrean dagoen legediaren arabera, armadak ez du mugetako kontroletan esku hartzeko ahalmenik.

Herrialdean bizi diren migratzaileei eragingo dien neurri bat ere iragarri zuen Boluartek. Perun bizitzeko baimena iraungita daukaten atzerritarrek sei hilabeteko epea izango dute baimen hori berritu eta arautzeko, eta ez zaie isunik jarriko. Halere, presidenteak atzo ohartarazi zuen epea sei hilabetekoa izango dela, eta ez dutela egun bat ere luzatuko. Halaber, herrialdera dokumentaziorik gabe sartzen diren atzerritarrek epe labur bat izango dute dokumentuak bildu eta bizitzeko baimena lortu ahal izateko. Migrazioen Superintendentziak zehaztuko eta onartuko du epe hori.

Gobernuaren arabera, neurri sortak zenbait arazori aurre egiteko balioko du; besteak beste, migrazio irregularra, nazioarteko krimena, armen trafikoa eta legez kanpoko meatzaritza murrizteko. Baina beste auzi batek kezkatzen du Boluarte. Haren hitzetan, eskutik helduta doaz migrazioa eta delituen gorakada. Horixe esan zuen atzo, prentsaurrekoan. «Atzerritarrak dira egunero lapurretak eta halako delituak egiten dituztenak. Horregatik aldatu behar da Atzerritarrei Buruzko Legea». Are, herrialdera sartzen diren migratzaileen artean, Venezuelatik eta Haititik iritsitakoak jo zituen delitu horien erantzuletzat.

Iaz 94.789 delitu erregistratu zituzten Perun; batez beste, 260 egunean. Horietatik erdiak inguru Liman eta Callaon —eskualde bat da— izan ziren. Halere, ez dago delitu horietatik migratzaileek zenbat egin zituzten adierazten duen daturik.

Liskarrak mugetan

Neurri sorta hori ez da edonola iritsi. Azken asteotan gora egin du Peruko mugetako migrazio fluxuak, bereziki Txileren eta Peruren arteko mugan, Tacna eskualdearen hegoaldean. Eremu horretan dauden guztiek ez dute, ordea, Perun sartu nahi. Mugan pilatutako migratzaile askok alderantzizko bidea egin nahi dute; Perutik beren jaioterrira itzuli nahi dute.

Dena den, alde batera edo bestera igaro nahi duten horietako asko erdibidean daude, geldirik, duela bi astetik. Tentsioa pilatzen egon da egun hauetan, eta, azkenean, liskarrak izan dira migratzaileen eta Poliziaren artean.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak egoera aztertu du gertutik, eta ohartarazi du okerrera egingo duela Txileren eta Peruren arteko mugan azken asteotan sortu den arazo humanitarioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.