MIGRAZIOA

Immigrazioaz eztabaidatuko dute gaur Europako atzerri ministroek

Neurriak hartzeko eskatu dio Nazio Batuen Erakundeak Europako Batasunari. 950 migratzaile inguru desagertu ziren igandean Libiatik Italiako kostaldera zihoazela, eta astebetean 10.000 inguru erreskatatu dituzte Mediterraneoko uretan.

Italiako kostazainen irudi bat, Mediterraneoan 700 lagun inguru desagertu ostean. EFE
2015eko apirilaren 20a
07:33
Entzun

Latinoamerika eta Karibeko herrialdeekin dituzten harremanen inguruan dira eztabaidatzekoak Europako Batasuneko atzerri ministroak, gaur Luxenburgon egingo duten batzarrean. Mediterraneoan igandean 950 lagun inguru hil ostean, ordea, gai hori ere jorratuko dute bileran, Federica Mogherini Europako diplomazia buruaren eskariz.

Mogherinik azaldu duenez, Libiarentzako proposamen multzo bat aurkeztuko du Europako Kontseiluan; izan ere, handik abiatzen dira migratzaile talde asko Italia eta Maltarantz.

Horrez gain, Europako Batzordeak iragarri du bilera bateratua egingo dutela Europako Batasuneko barne eta atzerri ministroek immigrazioaren gaia jorratzeko, baina ez du datarik zehaztu: "Berehalako ekintzak behar ditugu giza bizitza gehiago galtzea saihesteko, eta ikuspuntu zabalago bat immigrazioaren alor guztiak hobeto kudeatzeko".

Atzo zabaldutako informazioen arabera, 700 lagun inguru ziren itsasoan galdutakoak. Erreskatatuetako batek, ordea, jakinarazi du 950 inguru zihoazela ontzian. Valletako portura eraman dituzte jada bizirik atera diren 27ak, eta hildako 24ren gorpuak.

NBEren eskaria

Igandeko ezbeharraren ostean, neurriak hartzeko eskatu dio Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moonek Europako Batasunari: "Tragedia hau azken astean gertatutako gertakarietan azkena baino ez da". Ildo horretan, "egungo ahaleginak azkartzera" deitu ditu Europako Batasuneko estatu kideetako gobernuak, "bere mugetan babesa bilatzen dutenen egoerari modu globalean erantzuteko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.