Laurent Gbagboren gertuko gizona da Sery Bailly. Bere alderdiaren mezua ez dela behar bezala zabaldu salatu du, eta nazioartearen jokabidearekin haserre dago oso.
Zergatik ez du utzi Laurent Gbagbok Boli Kostako presidentetza?
Gure legeen arabera, Hauteskunde Batzordeak behin-behineko emaitzak ematen ditu, eta behin betikoak, Konstituzio Batzordeak. Azaroko bozen ondoren, Hauteskunde Batzordeak Ouattara jo zuen behin-behineko garaile, baina berak presio egiteko gutun bat idatzi eta gero. Auzia Konstituzio Batzordera pasa zenean, honek Gbagbo jo zuen garaile, herrialdearen iparraldean irregulartasun ugari atzeman zituztelako. Horren ondoren, Gbagbo presidente karguaz jabetu zen, lehen ministroak izendatu zituen eta bere kabinetea osatu zuen. Eurak ari dira Boli Kosta gobernatzen. Beraz, legeak hala dioelako dago Gbagbo boterean.
Gatazka konpontzeko, bitartekaritza ahaleginak izan dira; Raila Odinga Kenyako presidentea izan berri duzue. Zergatik ez du balio izan bitartekaritza horrek?
Nazioarteko bitartekaritzak ezin du arrakastarik izan soilik inbasio militar baten mehatxuarekin badator. Konponbiderako aukera bakarra elkarrizketa da, baina aurrez baldintzarik jarri gabekoa. Negoziatzen hasteko, ezin da eskatu Gbagbok Ouattararen garaipena onartzea. Hori egingo balu, elkarrizketak ez luke ziorik izango. Ouattara ziur badago bera dela garailea, zergatik ez du onartzen botoak berriz kontatzea herritar oro bozak irabazi dituela sinetsarazteko?
ECOWASek eta Afrikako Batasunak esan dute militarki esku hartzeko prest daudela Gbagbo boteretik kentzeko. Zer uste duzu horri buruz?
Esku-hartze horrek ez luke inolako oinarri legalik izango, nazioarteko komunitateak Boli Kostako legeak ez dituelako errespetatu eta iparraldean atzemandako irregulartasunak ez dituelako kontuan hartu. Zenbat pertsona hiltzeko prest daude Ouattara presidentetzan ezartzeko? 2002ko matxinada babestu zutenek ez dute zilegitasun moralik euren presidentea defendatuko duten zibilak hiltzeko. Esku-hartze militar baten emaitza bakarra izango da matxinadaren ondorengo zatiketa gainditzen ari den gizartea oraindik gehiago zatitzea.
Benetakoa al da gerra zibilerako arriskua?
Inbasio militarrik ez bada, ezda gerra zibilik egongo. Ouattarak soilik bere gerrillaren babesa dauka. Gerra zibil bat gertatuko balitz, Afrika osoarentzat hondamendia handia litzateke, bolikostarrak ez diren milioika baitaude gure herrialdean eta zalapartaren erdian harrapatuta egongo bailirateke.
Gbagboren aldekoek eta armadak giza eskubideak urratu dituztela salatu dute erakunde ugarik. Zer duzu esateko horren inguruan?
Giza eskubideak ezin dira gure kontrako arma gisa baliatu. Nazioarteko komunitateak giza bizitzarekiko nolabaiteko errespeturik balu, jakingo luke nork hil dituen ehunka soldadu eta haien umeak Bouaken, matxinoen gotorlekuan. Poliziak eta soldaduak hiltzen dituztenean nazioarteak ez du hitz egiten horretaz. Nork entzun zituen giza eskubideen aldeko erakundeak matxinoen bortxaketengatik kexu zirenean?
Nola ikusten duzu herrialderen etorkizuna epe ertainera? Nola lortuko duzue elkarbizitza?
Adiskidetzea eta elkarbizitza harmoniatsua soilik posible dira legea, egia eta justizia oinarrian badaude. Matxinoen indarkeria onartzen bada, orduan indarkeria gehiago egongo da. Hori dela eta, denok legearen pean egon behar dugu.
Sery Bailly. Laurent Gbagboren ministro ohi eta diputatua
«Inbasio militarrik ez bada, ez da gerra zibilik egongo»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu